Probiotikoen erabilgarritasuna obesitatearen tratamendurako

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Obesitatea gaixotasun metaboliko kronikoa da, osasunean eragin negatiboak sortzen dituen gehiegizko gantz-ehunaren metaketak ezaugarritzen duena. Nahiz eta obesitatearen garapena denboran mantentzen den energia-balantze positibo baten ondorioa izan, errealitateak erakusten du gaixotasun hori askoz ere konplexuagoa dela.

Izan ere, hainbat faktore etiologiko identifikatu dira obesitatearen garapenean eragina dutenak. Horien artean, gero eta arreta handiagoa berenganatu dute hesteko mikrobiotaren asaldurek (disbiosi izena ematen zaie). Izatez, ikerketa ezberdinek erakutsi dute pertsona obesoen hesteko mikrobiotaren osaera pertsona osasuntsuek dutenaren ezberdina dela.

Testuinguru honetan, abian dira hainbat ikerlan, aztertzeko ea obesitatearen tratamendurako estrategia lagungarria izan daitekeen pertsona obesoen hesteko mikrobiotaren osaera moldatzea (mikrobiota osasuntsu bat lortzeko).

Hesteko «mikrobiota obesoak» dituen inplikazioak osasunean

Hesteko mikrobiota mikroorganismo-komunitate (nagusiki, bakterioak) konplexua da, ostalariaren (gure) osasunerako garrantzitsuak diren funtzio ezberdinak erregulatzen dituena. Funtzio horien artean daude, besteak beste, nutrienteen digestio, xurgapena eta metabolismoa, edota erantzun immunearen erregulazioa1.

Hori gertatzeko, ordea, ezinbestekoa da mikrobiotaren osaera osasuntsua izatea (eubiosi gisa ezagutzen dena). Nahiz eta mikrobiotaren «osaera estandarrik» ez den existitzen (hainbat faktoreren menpe dagoelako), oro har, osasuntsutzat jo liteke mikroorganismo-aberastasun handia, hesteko hesi-funtzio egokia eta hanturaren aurkako efektua duten metabolitoak ekoizten dituen mikrobiota. Aitzitik, obesitatea duten pertsonen mikrobiotak ezaugarri hauek lituzke; aberastasun txikiagoa, bitartekari hantura-eragileen ekoizpen handitua eta hesteko hesi-funtzioaren galera (1. irudia).

obesitatearen tratamendurako
Irudia: obesitatea duten banakoen hesteko mikrobiotaren ezaugarriak. F/B: Firmicutes/Bacteroidetes ratioa, KLGA: kate laburreko gantz-azidoak, LPS: lipopolisakaridoa.

Probiotikoak eta obesitatea: zer dira eta nola funtzionatzen dute

Definizioz, probiotikoak, kantitate egokian hartuta, osasunerako efektu onuragarriak dituzten mikroorganismoak dira2. Nahiz eta probiotikoen erabilpena nagusiki asaldura gastrointestinalen kudeaketara bideratzen den, baliagarriak izan daitezke obesitatearen tratamendurako ere.

Izatez, ikusi da probiotikoen kontsumoak (bakterio-andui bakarra edo nahasketak) gorputz-pisuaren, gorputzeko gantz-edukiaren edo/eta gerri-perimetroaren murrizketa esanguratsuak eragiten dituela obesitatea duten pertsonetan3.

Efektu horiek bideratzen dituzten ekintza-mekanismoak guztiz ezagutzen ez diren arren, hainbat ikerlanek azpimarratzen dute probiotikoen kontsumoak eragiten duen hesteko mikrobiotaren modulazioa. Horren ondorioz, mikrobiotaren osaera egokia faboratzen da, hanturaren aurkako bitartekariak ekoiztuko baititu (kate laburreko gantz azidoak, nagusiki)3.

Bestalde, hainbat ikerlanek erakutsi dute probiotikoen kontsumoak eragina duela janguraren erregulazioan ere. Efektu hori probiotikoek heste-garun ardatzean duten eraginak azaltzen du. Horrela, animalietan egindako ikerlanek erakutsi dute probiotikoen administrazioak asetasun-hormonen (hala nola YY peptidoa, glukagoiaren antzeko 1 peptidoa eta kolezistokinina) gene-adierazpena handitzen dutela kolonean, hipotalamoko neurona anorexigenikoen (jangura murrizten dutenak) gene-adierazpena handitzearekin batera (propiomelanokortinak eta kokainak eta anfetaminak erregulatutako transkriptoa, besteak beste)4.

Era berean, ikusi da probiotikoen administrazioak eragindako hesteko mikrobiotaren modulaziotik eratorritako kate laburreko gantz azidoek zeresana dutela janguraren erregulazioan. Horrela, probiotikoen administrazioak butirato-ekoizpena handitzen duela frogatu da, zeinak glukagoiaren antzeko 1 peptidoa hormonaren sintesian eta jarioan parte hartzen duten geneen adierazpena kitzikatzen baitu4.

Azkenik, aipatzekoa da, baita ere, probiotikoen administrazioa odoleko grelina-mailaren normalizazioarekin lotzen dela, zeina handiagotuta egoten baita pertsona obesoetan5. Kontuan izanik grelinak jangura handitzen duela, obesitatearen tratamendurako beste estrategia bat izan daiteke haren mailak balio normaletara murriztea5.

Probiotikoen erabilpenak dituen mugak eta alternatiba posibleak

Ebidentzia zientifikoak probiotikoak obesitatearen tratamenduan erabilgarriak izan daitezkeela erakusten duen arren, badituzte zenbait muga. Muga nagusia hau da: probiotikoak hartzeak inplikatzen du bizirik dauden bakterioak irensten ari garela. Horrek infekzio sistemikoak pairatzeko edota hesterako translokazio bakterianoa garatzeko arriskua dakar, bereziki gaixo dauden pertsonek hartzen badituzte6.

Ondorioz, inaktibatutako probiotikoak erabiltzea proposatu da alternatiba gisa. Izan ere, ikerlan ezberdinek erakutsi dute bakterio probiotikoak bizirik egotea ez dela ezinbestekoa osasunean efektu onuragarriak izan ditzaten. Horrela, ikusi da probiotikoen onurak bakterioek dituzten osagaiek eragiten dituztela (peptidoglikanoak, azido teikoikoak edota gainazal-proteinak, besteak beste), eta ez bakterioek hestea kolonizatzeak (uste zen bezala).

Izatez, bakterioen inaktibazio-prozesuak (beroa, presioa edo/eta ultrasoinuak aplikatuz), konposatu bioaktibo horien eskuragarritasuna handitu dezake. Horrek azalduko luke, hein handi batean, inaktibatutako probiotikoak jatorrizko probiotiko biziak baino eraginkorragoak izatea sarritan.

Nahiz eta inaktibatutako probiotikoen inguruko ebidentzia mugatua izan, argitaratutako hainbat lanek frogatu dute euren eraginkortasuna. Obesitatearen kasuan, animaliekin zein gizakiekin egindako ikerlanek erakutsi dute inaktibatutako probiotikoek gorputz-pisua eta gantz-masa murrizten lagundu dezaketela7.

Nabarmendu behar da, gainera, inaktibatutako probiotikoak eraginkorrak direla obesitatearekin lotzen diren osasun-asalduren (gibel-esteatosia eta intsulinarekiko erresistentzia) kudeaketan ere7. Hori jakinik, orain, erronka nagusia izango da konposatu bakteriano eraginkorrenak identifikatu eta horietan oinarritzen diren tratamendu pertsonalizatu eta efizienteak garatzea.

Laburbilduz, eskuragarri dagoen ebidentzia zientifikoak erakusten du probiotikoak tresna baliagarriak izan daitezkeela obesitatearen tratamendurako. Probiotikoek obesitatean dituzten efektu onuragarriak, nagusiki, hesteko mikrobiota egokia berreskuratzeak eta heste-garun ardatzaren erregulazioak bideratzen dituzte. Azken urteetan egindako ikerketen arabera, probiotikoek ez dute bizirik egon behar aipatutako onurak lortzeko. Horrek, berriz, tratamendu seguru eta eraginkorragoak garatzen lagundu dezake.

Erreferentzia bibliografikoa:

  • [1] Peluzio, Maria do Carmo Gouveia; Martinez, J. Alfredo; Milagro, Fermin I. (2021). Postbiotics: Metabolites and mechanisms involved in microbiota-host interactions. Trends in Food Science & Technology, 108, 11-26. DOI: 0.1016/j.tifs.2020.12.004
  • [2] Vandenplas, Yvan; Huys, Geert; Daube, Georges. (2015). Probiotics: An update. J. Pediatr. (Rio J.), 91, 6–21. DOI: 10.1016/j.jped.2014.08.005
  • [3] Wiciński, Michał; Gębalski, Jakub; Gołębiewski, Jakub; Malinowski, Bartos (2020). Probiotics for the Treatment of Overweight and Obesity in Humans-A Review of Clinical Trials. Microorganisms, 8(8), 1148. DOI: 10.3390/microorganisms8081148
  • [4] Yadav, Hariom; Lee, Ji-Hyeon; Lloyd, John; Walter, Peter; Rane, Sushil G. (2013). Beneficial metabolic effects of a probiotic via butyrate-induced GLP-1 hormone secretion. Journal of Biological Chemistry, 288, 25088–2597. DOI: 10.1074/jbc.M113.452516
  • [5] Schellekens, Harriët; Torres-Fuente, Cristina; van de Wouw, Marcel; Long-Smith, Caitriona M.; Mitchel, Avery; Strai, Conall; Berding, Kirsten; Bastiaanssen, Thomaz F. S.; Re, Kieran; Golubeva, Anna V.; Arboleya, Silvia; Verpaalen, Mathieu; Pusceddu, Matteo M.; Murphy, Amy; Fouhy, Fiona; Murphy, Kiera; Ross, Paul; Roy, Bernard L.; Stanton, Catherine; Dinan, Timothy G.; Cryan, John F. (2021). Bifidobacterium longum counters the effects of obesity: Partial successful translation from rodent to human. EBioMedicine, 63, 103176. DOI: 10.1016/j.ebiom.2020.103176
  • [6] Doron, Shira; Snydman, David (2015). Risk and safety of probiotics. Clinical Infectious Diseases, 60(S2), S129-134. DOI: 10.1093/cid/civ085
  • [7] Arellano-García, LAura Isabel; Portillo, María P.; Martínez, J. Alfredo; Courtois, Arnaud; Milton-Laskibar, Ikañi. (2025). Postbiotics for the management of obesity, insulin resistance/type 2 diabetes and NAFLD. Beyond microbial viability. Critical Reviews in Food Science and Nutrition, 65(29), 6209–6232. DOI: 10.1080/10408398.2024.2437143

Egileez:

Laura Arellano-García, Saioa Gómez-Zorita, María Puy Portillo eta Iñaki Milton-Laskíbar EHUko Farmazia Kafultateko Farmazia eta Elikagaien Zientziak Saileko eta CIBEROBN Obesitatearen Fisiopatologia ikerketa sareko ikertzaileak dira.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.