Mikrobiota, hesteetako hanturazko gaixoen ongizatea hobetzeko

Argitalpenak · Dibulgazioa

Hesteetako hanturazko gaixotasuna (HHG) traktu gastrointestinalaren hanturazko eritasun kronikoa da. HHGaren bi forma nagusiak, ultzeradun kolitisa eta Crohn-en gaixotasuna dira. Biak, nagusiki, hesteari eragiten dioten gaixotasun kronikoak, heterogeneoak eta larriak dira. Gaixoek gorozki odoltsuak, beherakoa, sabeleko mina, sukarra, nekea eta pisu-galera aurkezten dituzte.

HHGa handitzen ari den gaixotasun globala da, eta haren intzidentzia eta prebalentzia areagotuz doa herrialde guztietan. Kausa ezezaguna bada ere, uste da mikrobiotaren, immunitate-sistemaren, ostalariaren genetikaren eta ingurumen-faktoreen arteko elkarrekintza konplexuaren ondorioz sortzen dela. Mikrobiota terminoak, nitxo ekologiko jakin batean bizi diren mikrobio-komunitate bizidunei egiten die erreferentzia. Hesteetako mikrobiotak, ekosistema konplexua osatzen du, batez ere bakterioz. Mikrobioek egoera normal batean ostalariaren osasunean onurak eragiten dituzte.

Mikrobiota
Irudia: HHGa duten gaixoen hesteetako mikrobiota aztertzea baliagarri bilakatzen ari da gaixotasuna diagnostikatzeko, gaixotasunaren larritasuna zehazteko eta tratamenduarekiko erantzuna iragartzeko. (Argazkia: Monstera – domeinu publikoko argazkia. Iturria: Pexels.com )

Genomikako teknologia berriek HHG-pazienteetan mikrobiotaren osaeran eta funtzioan aldaketak identifikatzea ahalbidetu dute. Aldaketa horiek disbiosia bezala ezagutzen dira. HHGan, hesteetako hantura mikrobioen aniztasunaren murrizketarekin lotuta dago eta murrizketa horrek ostalaria patogenoekiko sentikorragoa izatea eragiten du. Lortutako datu kliniko eta esperimentalek, disbiosia, HHGen funtsezko eragile gisa finkatzen dute, nahiz eta oraindik argi ez egon kausa edo ondorioa den. Gaur egun HHGaren aurkako tratamendu ugari dauden arren, ez dago sendabiderik. Zitokinen artean, TNF da, gaixotasunean hantura eragiten duen zitokina nagusiena. Hori dela eta, paziente larrietan sintomatologia arintzeko, TNF inhibitzaileak dira gehien erabiltzen den tratamendua. Hala ere, pazienteen heren batek ez dio tratamenduari erantzuten eta beste heren batek denborarekin erantzuna galtzen du. Gainera, tratamenduei lotutako kostu ekonomikoa etengabe handitzen ari da. Hau kontuan hartuta, HHGa duten gaixoen hesteetako mikrobiotaren azterketa baliagarri bilakatzen ari da gaixotasuna diagnostikatzeko, gaixotasunaren larritasuna zehazteko eta tratamenduarekiko erantzuna iragartzeko, hau da, mikrobiotaren osaera biomarkatzaile edo adierazle gisa erabil daiteke.

Gaixoetan hesteetako mikrobiotaren osaera egokia berreskuratzeko, tratamendu egokiena zein den eztabaidan dago. Hiru aukera nagusi daude: emaile osasuntsu baten bidezko gorotz-mikrobiotaren transmisioa, probiotikoen edo prebiotikoen erabilera. Nahiz eta gaixoetan efektu onuragarriak dituztela ikusi, ikerketek muga asko dituzte eta ikerlan gehiago behar dira tratamendu egokiak aurkitzeko eta haien eraginkortasuna zehazteko. Bestalde, azken ebidentziek iradoki dute mikrobiotaren osaera gaixotasunaren larritasunarekin eta erantzun terapeutikoarekin lotuta dagoela. Beraz, HHG pazienteentzat, hesteetako mikrobiotaren osaera modulatzen dituzten tratamenduak garatzea estrategia terapeutiko itxaropentsu eta bideragarria izan daiteke. Ikerketa asko, HHGan hesteetako mikrobiotak duen papera ulertzera bideratu dira, gaixotasuna eragiten dituzten bakterio espezifikoak identifikatzera, eta HHGaren diagnostikoarekin, garapenarekin eta tratamendu biologikoen erantzunarekin lotuta dauden mikrobio-sinadura espezifikoak identifikatzera. Erantzun klinikoa aurreikusteko gaitasuna duten biomarkatzaileak identifikatzea interes handiko ikerketa-eremua da, tratamendu indibidualizatua garatzea ahalbidetu dezakeelako. Modu horretan, paziente bakoitzari terapia egokiena emango litzaioke, eta baliabideen erabilera arrazionalagoa bultzatuko litzateke.

Artikuluaren fitxa:

  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: 43
  • Artikuluaren izena:Hesteetako hanturazko gaixotasuna: patogenia, tratamenduak eta mikrobiotan oinarritutako biomarkatzaileak
  • Laburpena: Hesteetako hanturazko gaixotasunak (HHG, ingelesez IBD) bi gaixotasun idiopatiko ezberdin biltzen ditu, ultzeradun kolitisa (UK) eta Crohn-en gaixotasuna (CG). Biak batez ere hesteari eragiten dioten gaixotasun kronikoak, heterogeneoak eta larriak dira. HHGa handitzen ari den gaixotasun globala da, eta haren intzidentzia eta prebalentzia areagotuz doa mundu osoan. UKaren kausa zehatza ezezaguna bada ere, uste da mikrobiotaren, sistema immunearen, ostalariaren genetikaren eta ingurumen-faktoreen arteko elkarrekintza konplexuaren ondorioz sortzen dela. Genomikako teknologia berriek HHG-pazienteetan mikrobiotaren osaeran eta funtzioan aldaketak identifikatzea ahalbidetu dute. Aldaketa horiek disbiosia bezala ezagutzen dira. Lortutako datu kliniko eta esperimentalak, disbiosia, HHGen funtsezko eragile gisa finkatzen dute, nahiz eta oraindik argi egon ez kausa edo ondorioa den. Gaur egun HHGaren aurkako tratamendu ugari dauden arren, ez dago sendabiderik. Paziente larrietan sintomatologia arintzeko, TNF inhibitzaileak dira gehien erabiltzen den tratamendua. Hala ere, pazienteen heren batek ez dio tratamenduari erantzuten eta beste heren batek denborarekin erantzuna galtzen du. Gainera, tratamenduei lotutako kostu ekonomikoa etengabe handitzen ari da, batez ere tratamendu biologikoen kostuengatik. HHGa duten gaixoen hesteetako mikrobiota baliagarri bilakatzen ari da gaixotasuna diagnostikatzeko, gaixotasunaren larritasuna zehazteko eta tratamenduarekiko erantzuna iragartzeko, hau da, mikrobiotaren osaera biomarkatzaile gisa erabil daiteke. Izan ere, giza gorotzetako mikrobiota biomarkatzaile esperantzagarri eta ez-inbaditzaile bihurtu da. Mikrobiotaren azterketak HHGa duten gaixoak sailkatzeko aukerak gehitzen ditu, eta tratamendu pertsonalizatuen aukera zabaldu.
  • Egileak: Ainize Peña-Cearra, Asier Fullaondo eta Leticia Abecia
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • eISSN: 2444-3255
  • Orrialdeak: 149-170
  • DOI: 10.1387/ekaia.23519

Egileez:


Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

1 iruzkina

  • […] Hesteetako hanturazko gaixotasunaren intzidentzia eta prebalentzia gorantz doaz. Pentsatzen da gaixotasun hau pairatzea faktore askoren elkarrekintzaren araberakoa dela, hala nola, mikrobiotaren, immunitate-sistemaren, ostalariaren genetikaren eta ingurumen-faktoreen araberakoa. Mikrobiotari dagokionez, gaixotasun hori hesteetako hantura mikrobioen aniztasunaren murrizketarekin lotuta dago, eta […]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.