Claudia Joan Alexander (1959-2015) zientzialari kanadiar-estatubatuar nabarmena izan zen, geofisikan eta planetologian espezializatua. Lorpen zientifikoetatik haratago, emakumeen eta gutxiengoen defendatzailea izan zen STEM alorretan eta komunikatzaile zientifiko sutsua.
Claudia Joan Alexander 1959ko maiatzaren 30ean jaio zen Vancouverren (Kanada), nahiz eta familia Silicon Valleyra (Kalifornia, AEB) joan zen bera jaio eta hilabete gutxira. Ama korporazioko liburuzaina izan zen Intel multinazional teknologikoan, eta aita gizarte langilea zen; neba bat eta ahizpa bat zituen. Claudia izan zen zuriak nagusi ziren eskolako neska beltz bakanetakoa; hori zela eta, nahiko bakarrik eta isolatuta sentitu zen haurtzaroan. Irakurketan babestu zen, eta kazetari izatea zuen amets.

Gurasoek, ordea, alabak zerbait “baliagarria” ikas zezan nahi zuten, ingeniaritza, esaterako. Uda batez, NASAren Ames Ikerketa Zentroko ingeniaritza-sailean hasi zen aldi baterako lanean. Han izan zuen planetologiaren berri, eta berak uste baino errazagoa eta liluragarriagoa zen arlo bat ezagutu zuen. Artizarrera Pioneer misioa egin zuten garaia zen, eta Voyager zundak kanpoko eguzki sisteman zehar ibili ziren garaia.
Ibilbide akademiko bikaina eta ibilbide profesionalaren hasiera
Geofisikako –Lurra fisikaren ikuspegitik aztertzen duen zientzia– lizentziatura lortu zuen Alexanderrek Kaliforniako Unibertsitatean, Berkeleyn, 1983an. Ikasten jarraitu zuen eta geofisika eta fisika espazialeko maisutza-gradua egin zuen Kaliforniako Unibertsitatean, Los Angelesen. 1985ean amaitu zuen. Masterreko tesian Artizarreko ionosferako muturreko erradiazio ultramoreko eguzki-bariazioak sakonago aztertu zituen, Pioneer orbitatzailearen datuak erabilita. Handik urte batzuetara, 1993an, Zientzia Atmosferiko, Ozeaniko eta Espazialetako doktoregoa lortu zuen Michigango Unibertsitatean, eta espazioko plasmaren fisikan espezializatu zen.
Handik gutxira hasi zuen ibilbide profesionala Ameriketako Estatu Batuetako Geologia Zerbitzuan plaken tektonika aztertzeko kontratuarekin. NASAra itzuli zen gero, Ames Ikerketa Zentrora zehatz esateko, eta Jupiterren ilargiak behatu zituen. 1986an NASAk Kalifornian zuen Zurrusta Propultsio Laborategira (Jet Propulsion Laboratory, JPL) joan zen, NASArentzat tripulaziorik gabeko espazio-ontziak eraikitzen eta martxan jartzen dituen zentrora. Ia hogeita hamar urte egin zituen han, hil zen arte.
Urteen poderioz Claudia Alexander damutu egin zen lan munduan sartzerako doktoratu ondoko bat egin ez izanaz, bere ustez etapa hori “funtsezkoa da galdera zientifiko bakarrean kontzentratu eta ibilbide batean behar diren oinarriak finkatzeko argitalpenak sortzeko”, eta hori egitea oso zaila da lan munduan, hainbat egiteko baitzuen eta denbora gutxiegi guztiak egiteko.
Zurrusta Propultsio Laborategia: Galileo, Rosetta eta Cassini
JPLko misio espazialekin zuen konpromisoa ia berehalakoa izan zen. Galileo espazio-ontziko plasma-uhinen tresnaren koordinatzaile zientifikoa izan zen, 2003an amaitu zen misioaren azken faserako proiektuaren buru izan aurretik. Jupiterren atmosferako datuak bildu zituen, beste 21 ilargi aurkitu zizkioten planetari eta Ganimedes sateliteak azalerari lotutako exosfera bat duela jakin zuten; beraz, ordura arte ilargi inaktiboa zela uste zen arren, ideia hori berriro aztertu egin behar izan zuten. Alexanderrek bereziko garrantzia izan zuen misio horretako baliabide teknikoak eta giza baliabideak kudeatzerakoan eta datuak interpretatzerakoan.

2000. urtetik 2015ean hil zen arte, Europako Espazio Agentziaren –ESA, ingeleseko siglengatik– Rosetta misioari NASAk egindako ekarpenaren arduraduna izan zen Claudia; misio horren egitekoa 67P/ Churyumov –Gerasimenko kometa aztertu eta kometa horretan lurreratzea zen. Bere arduren artean zegoen 35 milioi dolarreko tresnak gainbegiratzea eta NASAren Espazio Sakoneko Saretik jarraipena eta nabigazioa egitea. Lankidetzarako ikuspegia izateari esker, Alexanderrek hainbat herrialde eta diziplinatako talde zientifikoak uztartzea lortu zuen.
Galileo eta Rosettaz gain, Alexanderrek Saturnora egindako Cassini-Huygens misioari ere ekarpenak egin zizkion, eta bere egin zituen komunikaziorako eta dibulgaziorako egitekoak, Saturnoren inguruko zientziaren ezagutza sakona behar baitzen.
Alexander Ameriketako Estatu Batuetako Geofisikako Batasuneko kide izan zen, non dibertsitatearen batzordeko buru izan baitzen, hezkuntzan eta Lurraren eta espazioaren dibertsitatean oinarrituz. Emakume Geozientzialarien Elkarteko kide ere izan zen.
Gutxiengoen defendatzailea STEM arloetan
Zientzia eta komunikazioa banaezinak ziren berarentzat: inspiratzea zuen xede. Claudia Alexander emakumeen eta gutxiengoen defendatzailea izan zen zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematiken (STEM) alorretan; Michigango Unibertsitatean ikasle gazteen mentorea izan zen, bereziki STEM interesatzen zitzaien emakume gazte beltzena; goi-mailako ikasketetan jarraitzera sustatu zituen eta diziplinan ordezkaritza zutela sentitzera. Zientzialari honek zientzian ez ezik, ahalduntzen lagundu zien haien bizitzetan ere arrastoa utzi zuen.
Arlo profesionaletik harago, idaztea ikaragarri gustatzen zitzaion Alexanderri. Haurrentzako liburuak idatzi zituen, eta zientzia fikzioan sartzen ere ausartu zen. Idazteaz gain, tenisean jolastea gustatzen zitzaion, zaldian ibiltzea eta bidaiatzea.
Hainbat izendapen eta aintzatespen jaso zituen bizi zela, esaterako: University of Michigan Woman of the Year Giza Harremanetan (1993), Zientzia Atmosferiko, Ozeaniko eta Espazialetako ikasle ohien merezimenduaren saria (2002), eta Emerald Honor for Women of Color in Research & Engineering (2003). 2007an Claudia Alexander beka ematen hasi ziren bere ohorez, Michiganeko Unibertsitateak baliabide mugatuak dituzten ikasleei ematen dien laguntza zientzia klimatiko eta espazialetan eta/edo ingeniaritzan espezializa daitezen.

Claudia Joan Alexander 2015eko uztailaren 11n hil zen bularreko minbiziaren ondorioz, hamar urtez gaixotasunaren aurka borrokan aritu ondoren. 2015ean betikotu zuten bere legatua, Rosetta misioko zientzialariek 67P/ Churyumov-Gerasimenko kometaren ezaugarrietako bati C. Alexander Gate izena jarri ziotenean bere ohorez. Michigango Unibertsitateak eta AEBko Elkarte Astronomikoko Planetologiako Atalak urtero ematen dituzte sariak bere oroimenez.
Iturriak
- Betz, Eric (2015). Pioneering Rosetta mission scientist Claudia Alexander dead at 56, Astronomy Magazine, 2015eko uztailaren 13a
- Singer, Kelsi (2011). Claudia Alexander: Be prepared to be flexible in your career, Women in planetary Science, 2011ko otsailaren 3a
- 67P/Churiumov-Guerasimenko, Wikipedia
- Gombosi, T. I. (2016). Claudia Joan Alexander (1959–2015), EOS, 2016ko urtarrilaren 12a
- Claudia Alexander, Wikipedia
Egileaz:
Edurne Gaston Estanga elikagaien zientzia eta teknologiako doktorea da. Gaur egun, zientzia eta teknologiaren ezagutza zabaltzea sustatzen duten erakundeen proiektuak kudeatzen ditu.
Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2025eko uztailaren 24an: “Claudia Joan Alexander, pionera en la educación espacial y científica”.
Itzulpena: EHUko Euskara Zerbitzua.