Sara Bandrés Ciga: «Gure DNA ezagutzeak prebentziora eta tratamendu pertsonalizatu eraginkorragoetara hurbiltzen gaitu»

Ikertzen dut

Sara Bandrés Ciga doktorea farmazialaria eta genetista molekularra da. Bere ikerketa jardueraren helburua da bariazio genetikoak gaixotasun neurodegeneratiboetan nola eragiten duen ulertzea, arrisku etiologikoaren espektroan zehar, forma monogenikoetatik hasi eta esporadiko konplexuetaraino. 2013 eta 2016 bitartean doktorego tesia Granadako Unibertsitatean egin zuen, eta Parkinson gaixotasunaren oinarri genetikoak izan zituen ardatz. 2017tik 2025era, Osasun Institutu Nazionaletako (NIH) Zahartzearen Institutu Nazionalean (National Institute on Aging) lan egin zuen, Marylanden (AEB). Bertan, doktoratu osteko ikertzaile, senior zientzialari eta neurogenetika ataleko zuzendari izan zen. Gaur egun Valo Health bioteknologiako enpresan senior ikertzailea da, eta erakundea eskala handiko datuei aplikatutako adimen artifizialean oinarritutako garapen farmakologikoan espezializatuta dago.

Sarak dibulgazio zientifiko eta prestakuntzarako grina handia du, eta bi arloetan aktiboki parte hartzen du.

Sara Bandrés
Irudia: Sara Bandrés Ciga ikertzailea. (Argazkia: Sara Bandrés Cigak emana)

Zein da zure ikerketa arloa?

Gaixotasun neurodegeneratiboen genetika ikertzen dut, eta nire helburua da ulertzea genomaren eremu jakin batzuk nola eragiten dieten patologia horien arriskuari eta bilakaerari. Azkenaldian, nire lanak gorputzaren sistema desberdinetako datu omikoak konbinatzea izan du helburu, hala nola heste-garun ardatza, garuna modu isolatuan baino modu global eta konektatuan aztertzeko.

Zergatik aritzen zara arlo horretan?

Genetika tresna gakoa da gaixotasun horiek eragiten dituzten mekanismoak argitzeko. Gure DNA ezagutzeak prebentziora eta tratamendu pertsonalizatu eraginkorragoetara hurbiltzen gaitu. Genetistaren filosofiaren arabera, arrisku genetikoa zenbat eta egokiago definitu, orduan eta hobeto ulertuko ditugu gaixotasunaren mekanismo molekularrak.

Izan al duzu erreferentziazko figurarik zure ibilbidean?

Bai, John Hardy, zalantzarik gabe. Izan ere, alzheimerraren mekanismo molekularrei buruzko bere lan aitzindaria ezinbestekoa izan da gaixotasun hori eta bestelako gaixotasun neurodegeneratiboak ikertzeko. Duela hamaika urte bere laborategian aritzeko aukera izan nuen University College London (UCL) unibertsitatean, eta jarraibide ederra izan zen niretzat, nire ibilbide profesionala Estatu Batuetara bideratzeko.

Zer aurkitu edo konpondu nahiko zenuke zure arloan?

Gustatuko litzaidake genetikak arriskua identifikatzen laguntzea ez ezik, gaixotasuna garatzea eragiten duten prozesuak sakon ulertzen laguntzea ere. Espero dut ezagutza honek aurreikuspen estrategiak eta esku hartze goiztiar eta pertsonalizatua sortzeko aukera ematea, sintomak agertu aurretik pertsonen bizitza hobetu ahal izateko.

Zer aholku emango zenioke ikerketaren munduan hasi nahi duen norbaiti?

Saiatuak izateko esango nieke. Ikerketa abiadura lasterketa baino, iraupeneko lasterketa da. Emaitzak oso gutxitan antzeman daitezke epe laburrean, baina jarraikitasuna, pazientzia eta grina erakutsiz, inpaktu handiko ekarpenak lor daitezke.


Jatorrizko elkarrizketa Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2025eko azaroaren 22an: “Sara Bandrés Ciga: «Conocer nuestro ADN nos acerca a la prevención y a tratamientos personalizados más efectivos»“.

Itzulpena: EHUko Euskara Zerbitzua.


Ikertzen dut atalak emakume ikertzaileen jardunari erreparatzen die. Elkarrizketa labur baten bidez, zientzialariek azaltzen dute ikergai zehatz bat hautatzeko arrazoia zein izan den eta baita ere lanaren helburua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.