Susana Marcos: «Miopiaren eta presbizia izateko oinarriak ulertu nahiko nituzke»

Ikertzen dut

2 min

Susana Marcos: «Miopiaren eta presbizia izateko oinarriak ulertu nahiko nituzke»

Susana Marcos Center for Visual Science zentroko zuzendaria da, optikako katedraduna Institute of Optics ikastegian eta oftalmologiako katedraduna Rochester Unibertsitateko Flaum Eye Institute ikastegian.

Espainiako Ikerketa Zientifikoen Goi Kontseiluan Optika Institutua zuzendu zuen. Fisikako doktoregoa egin zuen Salamancako Unibertsitatean, Fulbright doktorego ondoko bekadun eta Harvard Unibertsitateko Schepens Eye Research Institute zentroan Human Frontier izan zen.

Optika bisualaren arloko ikertzaile liderra izateaz gain, aitzindaria da irudi optiko okularreko diagnostiko eta tratamendurako hainbat teknologiatan, begi barneko leiarren diseinu berriak barne. Aipamen ugari jaso dituzten 200 argitalpen baino gehiago ditu, 26 patente asmatzen lagundu du eta bi spin-off enpresetan parte hartu du (Plenoptika eta 2EyesVision). Optica, European Optical Society eta Association for Research in Vision and Ophthalmology erakundeetako kide da. Bere lana aintzatestea helburu duten hainbat sari jaso ditu, eta honako hauek dira nabarmenenak: Opticako Adolph Lomb domina eta Edwin Land domina; International Commission for Optics erakundearen ICO saria; Zientzia Zehatzen, Fisikoen eta Naturalen Errege Akademiaren Ramón y Cajal domina; Alcon saria; Fisika Elkarte Errealaren Fisika, Berrikuntza eta Teknologia Saria; edo Espainiako Gobernuaren Sari Nazionala Ingeniaritza Ikerketaren arloan (Jaime I.a saria).

Susana Marcos
Irudia: Susana Marcos ikertzailea. (Argazkia: Susana Marcosek emana)

Zein da zure ikerketa arloa?

Ikusmenaren fisika, diagnostikorako teknika optikoa eta zuzenketa oftalmologikoa.

Zergatik aritzen zara arlo horretan?

Diziplina ugari jorratzen ditu, eta horri esker arlo desberdinetako ikertzaileekin lan egin dezaket. Halaber, arloaren izaera aplikatua delako; hots, gure garapenei esker pertsonen ikusmen kalitatea hobetu dezakegu, eta, hortaz, haien bizitza ere.

Izan al duzu erreferentziazko figurarik zure ibilbidean?

María Josefa Yzuel, eta nire tesiaren eta doktorego ondoko ibilbideko zuzendariak (Pablo Artal, CSICeko Optika Institutuan; eta Steve Burns eta Ann Elsner Harvard Unibertsitatean).

Zer aurkitu edo konpondu nahiko zenuke zure arloan?

Miopiaren eta presbizia izateko oinarriak ulertu nahiko nituzke, bai eta gaitz horrentzako behin betiko soluzioak aurkitu ere; izan ere, gaitz prebalenteenak dira.

Zer aholku emango zenioke ikerketaren munduan hasi nahi duen norbaiti?

Lanbidea liluragarria da inpaktua izango duen gai bati aurre egiteko motibazioa eta gogoa baduzu. Hori lortzeko aukera guztiak probestu eta bilatu behar dira, bai eta ingurune aberasgarri batean murgildu eta harremanetan jarri ere, balioak eta zalantzak partekatzeaz gain, erronkak gainditu eta helburuak lortzen lagunduko baitigu.


Jatorrizko elkarrizketa Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2025eko abenduaren 20an: “Susana Marcos: «Me gustaría entender las bases del desarrollo de la miopía y la presbicia»“.

Itzulpena: EHUko Euskara Zerbitzua.


Ikertzen dut atalak emakume ikertzaileen jardunari erreparatzen die. Elkarrizketa labur baten bidez, zientzialariek azaltzen dute ikergai zehatz bat hautatzeko arrazoia zein izan den eta baita ere lanaren helburua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.