Emakumeen lan-merkatuaren bilakaeraren argi-ilunak

Dibulgazioa · Kolaborazioak

5 min

Emakumeen lan-merkatuaren bilakaeraren argi-ilunak

Emakumeak etxeko lanetatik lan merkatura igarotzea izan da, ziurrenik, lan indarraren historiako aldaketarik garrantzitsuena herrialde askotan. Emakumeen Nazioarteko Egunak aukera paregabea eskaintzen du emakumeen lanaren garapenaren alderdi negatibo zein positiboak hausnartzeko. Estatu Batuetako ekonomialari ezagun eta 2023an Ekonomiako Nobel Sariaren bakarkako irabazle Claudia Goldinen ikerketek prozesu hori argitzen duen ikuspegia eskaintzen dute.

Emakumeen
1. irudia: Claudia Goldin 2025-2026 ikasturtearen inaugurazio irakasgaia ematen. Argazkia: Universitat Pompeu Fabra – CC BY-NC 4.0 lizentziapean. Iturria: Flickr.com)

Emakumeek lan munduan parte hartzeak ez du izan etengabeko hazkunde ibilbidea azken bi mendeetan. Aitzitik, herrialde gehienetan U itxura argia adierazten du. Industriaurreko etapan, zeinean lana etxeetan edo nekazaritzako ustiategietan garatzen baitzen eta diru sarrerak murritzak baitziren, emakumeek parte hartze handia izan zuten lan indarrean. Industrializazioarekin batera, parte hartze horrek nabarmen egin zuen behera familien errentak gora egin zuelako eta etxeko eta laneko eremuen arteko bereizketa fisikoa gertatu zelako. Azkenik, XX. mendean, emakumeek lan merkatuan zuten parte hartzeak gora egin zuen.

Emakumeen
2. irudia: Estatu Batuetako emakume ezkonduek lan indarrean izandako partaidetzaren bilakaera (1790-1990). (Iturria: “History helps us understand gender differences in the labour market”, © Johan Jamestad. The Royal Swedish Academy of Science, Goldinen emaitzak erakusten dituena (1995)).

Azken mendean emakumeek lan merkatuan izan duten partaidetzaren gorakada zerbitzuen sektorearen hazkundearen (enpleguaren eskaria bultzatu zuena) eta hezkuntzaren hedapenaren (lan eskaintza zabaldu zuena) ondorio da. Industrian baxu samarrak ziren soldaten eta hezkuntza maila eskasen testuinguru batean, gizonezkoak nagusi ziren lan indarrean. Nolanahi ere, diru sarrerak gora egin ahala, emakume eta gizonen hezkuntzak ere gora egin zuen, baina aurrerapen azkarragoa izan zuen emakumeen artean. Izan ere, azken urteotan, emakume gehiago matrikulatzen dira unibertsitatean gizonezkoak baino Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundearen (ELGA) herrialde guztietan.

Hezkuntzarako irispideak, gizarte-arauak aldatzearekin batera, aldatu egin zituen emakumeen itxaropenak. Antisorgailuak hedatzeak eta ezkontzeko adina atzeratzeak areagotu egin zituen hezkuntza inbertsioarekin lotutako onurak. Lan eta familia bizitzari buruzko perspektibek eragin nabarmena izan zuten emakume askoren hezkuntzaren arloko erabakietan.

Gizonen eta emakumeen arteko bateratzeak maila altuak lortu ditu lan merkatuan parte hartzeari dagokionez. 2024an, Espainian, lanean ari ziren emakumeen ehunekoa lan indarraren % 46,4koa zen. Nolanahi ere, emakumeek gizonek baino soldata txikiagoak jasotzen jarraitzen dute herrialde guztietan, eta soldata arrakalaren murrizketa lan munduan parte hartzean ikusitakoa baino askoz txikiagoa izan da. 2022ko Soldata Egituraren Inkestaren arabera (eskuragarri dagoen azkena), Espainian lanean ari diren emakumeen batez besteko soldata gordina gizonena baino % 17,1 txikiagoa zen.

Claudia Goldinen analisia

Claudia Goldinek lau gako identifikatu ditu diru sarrerei dagokienez genero arrakala ulertzeko: arrakala handiagoa da hezkuntza maila altuagoak dituztenen artean; handitu egiten da bizi zikloan zehar; handitu egiten da amatasunarekin; eta bereziki nabarmena da lanbide “gutiziatsu” direlakoetan; izan ere, lanbide horietan soldatak handiak dira, malgutasun txikia dago eta prestasuna ia erabatekoa da: zenbat eta ordu gehiago lan egin soldatak orduan eta handiagoak dira.

Emakumeen
3. irudia: Chicagoko Unibertsitateko Enpresen Zuzendaritza eta Kudeaketa Masterra duten gizonen eta emakumeen arteko aldea laneko diru sarreretan, denboran zehar. Genero arrakala seme-alabak jaiotzearekin batera zabaltzen da. (Iturria: “History helps us understand gender differences in the labour market”, © Johan Jamestad. The Royal Swedish Academy of Sciences, Bertrand, Goldin eta Katzen emaitzak erakusten dituena (2010)).

Gako horiek guztiek batera, kontakizun koherente bat osatzen dute. Bizitzaren hasierako etapetan, pertsonek ordu asko eman ditzakete lanean, baina egoera aldatu egiten da seme-alabak jaiotzean edo bestelako zaintza erantzukizunak sortzen direnean. Zenbait lanbide zenbat eta “gutiziatsuagoak” izan –eta, ondorioz, hobeto ordaindutakoak–, orduan eta aukera handiagoa dago zaintza erantzukizunak dituen bikote batean bietako batek lanbide “gutiziatsua” eta besteak lan malguagoa hautatzeko. Bikote heterosexual gehienetan, emakumea izaten da lan malguagoa onartzen duena, diru sarrera txikiagoak dituena; gizonak, berriz, lanposturik “gutiziatsuena” eta ondoen ordaindutakoa. Adibidez, Espainian, Biztanleria Aktiboaren Inkestaren arabera, zaintzak direla-eta lanaldi partzialean ari diren emakumeen ehunekoa 13 aldiz handiagoa da gizonena baino.

Kontakizun horrek pentsarazten digu generoaren araberako soldata arrakala ezin dela azaldu soilik lan bereizkeriaren edo kontratazio eta sustapen prozesuetako alborapenaren bidez (nahiz eta halakorik badagoen, inolako zalantzarik gabe). Honako hauen ondorio ere bada: oso ongi ordaindutako zenbait enpleguren ezaugarriak eta etxean zaintza erantzukizunak modu desberdinean banatzen dituzten gizarte arauak eta tradizioak.

Nola murritz daiteke generoaren araberako soldata arrakala? Claudia Goldinen arabera, horretarako bide bat lan malgutasunari lotutako kostua murriztea da. Zenbait lanbidetan –hala nola pediatria, albaitaritza, banku pertsonala, enplegu teknologiakoak, lehen mailako arretako medikuntza edo farmazia– “ordezkapen taldeak” sortzeko esperientziek aukera eman dute langileen malgutasuna areagotzeko eta soldata arrakala nabarmen murrizteko. Horrez gain, COVID-19aren pandemiak bizkortu egin zuen etxetik lan egitea ahalbidetzen duten teknologien erabilera eta bilera birtualak egitea; ondorioz, areagotu egin da malgutasuna enplegu askotan. Aldaketa horiek mesede egin diezaiokete zaintza erantzukizunak dituzten pertsonei, bereziki emakumeei, eta soldata arrakala murrizten lagundu dezakete.

Erreferentzia bibliograkifoak:

  • Bertrand, Marianne; Goldin, Claudia; Katz, Lawrence F. (2010). Dynamics of the Gender Gap for Young Professionals in the Financial and Corporate Sectors. American Economic Journal: Applied Economics, 2(3), 228–255. DOI: 10.1257/app.2.3.228
  • Goldin, Claudia (1995) The U-shaped Female Labor Force Function in Economic Development and Economic History. In: T.P. Schultz (ed), Investment in Women’s Human Capital and Economic Development. Chicago: University of Chicago Press
  • Goldin, Claudia (2024). Nobel lecture: An evolving economic force. American Economic Review, 114(6), 1515-1539. DOI: 10.1257/aer.114.6.1515
  • Goldin, Claudia; Katz, Lawrence F.; Kuziemko, Ilyana (2006) The Homecoming of American College Women: The Reversal of the College Gender Gap. The Journal of Economic Perspectives, 20(4), 133–156. DOI: 0.1257/jep.20.4.133
  • Goldin, Claudia; Kerr, Sari Pekkala; Olivetti, Claudia (2024). “The other side of the mountain: women’s employment and earnings over the family cycle”. Oxford Open Economics, 3(Supplement 1), i323-i334. DOI: 10.1093/ooec/odad012

Iturriak:


Egileaz:

David Perez Castrillo Ekonomian doktorea eta Barcelona School of Economics-eko irakasle emeritua da.


Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu da 2026ko martxoaren 8an: “Luces y sombras de la evolución del mercado laboral de las mujeres“.

Itzulpena: EHUko Euskara Zerbitzua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.