Javier San Martín
Zientzia Fikzioaren eldarnioetako bat izan da gorputz bizien barruan espazio-ontzi txikerretan bidaiatzea. Izan ere, kanpoko espazioaren antzerako guda-leku bihurtu nahi izan zuten giza gorputzen barrua, gerra hotzean,
Otto Klementek eta Jerome Bixbyk proposatu zuten hori gidoi batean. Amets hori, eleberri bilakatuko zen gero Isaac Asimoven “Bidaia Haluzinagarria” lanean. Film bat ere egin zen 1966an, eta gero 80.eko hamarkadan beste bat, Hollywoodek “Txip mirarizkoa” izenpean moldatua.
Urpeko txiki batean fisikoki sartzea zen jatorrizko helburua azkeneko film horretan. Ez du horrelakorik egin Javier Alba-Tercedorrek, Granadako Unibertsitateko Zoologia-katedradunak, baina inoiz baino bikainago ikusi eta irudikatu ditu hainbat intsekturen barrua. Mikrotomografia erabili du horretarako.
Teknika hau ez da inbaditzailea, eta ondo ezagutzen dute zientzialariek, oso baliagarria gertatzen ari delako medikuntzan. Teknikaren bereizmena handia da eta hizpide hartu dugun kasu honetan 1.45 mikrakoa ere izan daiteke pixeleko. Zientzialariaren hitzetan, “erabilera interesgarri ugari ditu zientzia esparru oso ezberdinetan: medikuntza, antropologia, arkeologia edo zoologia bera. Gainera, teknika honek aurrea hartu die ekortze-mikroskopia elektronikoa bezalako beste teknikei hainbat arlotan. Izan ere, behin aleak eskaneatuta, ordenagailuan azter daitezke edozein ertzetatik. Ebakuntza birtualak ere egin daitezke.
Hain berrikuntza handiak ekarri dituen teknika honek ez ditu inola ere laginak eraldatzen eta aukera ematen du ale baliotsuak kaltetu gabe aztertzeko. 1800 erradiografia lor daitezke, animalia mikrotomagrafoaren barruan 180º biratzen ari den bitartean.
Era horretara, UGRko katedradunak bideo bat ekoitzi du. Minutu erditik gorako iraupena du eta Homalodisca vitripennis espeziearen ale baten gorputz-atalak ikus daitezke bertan. Hego kristalinodun txitxar txiki ere esaten zaio animalia honi. Alba-Tercedorren lanari, Ostenden (Belgika) zientzia-bideo onenaren saria eman zaio aurten “Bruker mikro-CT user meeting” topaketan.
Granadako Unibertsitatearen arabera, Homalodisca vitripennis zientzia-interes handikoa da, zeren eta, mahatsen izurrite bat sortzen duelarik, diru-galera handiak eragiten baititu urtero mundu osoan zehar. Izan ere, espezie honek bektore modura jokatzen du landareei mikroorganismoei sortutako gaixotasunez kutsatuz.
Alba-Tercedorrek lehenago ere lortua du sari hori, Granadako Unibertsitateak gailu hau erosi zuenetik. Aurrekoetan ere bideoei edo argazkiei eman zitzaien saria, beti ere intsektu batzuen barruak zirelarik ikusgai.
Aurreko ikerketetan, Alba-Tercedorrek hainbat irudi plazaratu ditu Plos One bezalako aldizkarietan. Horrelakoetan, aukera izan dugu orain arte ezezagunak ziren anatomia-zehaztapenak ikusteko. Kontu bitxiak eta eztabaidatuak ere ikusi dira. Adibidez, jakin izan dugu zergatik egiten duten hegaz kakalardo batzuek egunez eta beste batzuek gauez, edo zergatik egiten duten tenperatura baxuko uneetan. Edo bare batzuek barruan dituzten espikulek babes edo egitura-funtzioa ote duten.
Alba-Tercedorren ustez, bera “Ekologian eta ibai-kutsaduran aditua den zoologoa da, baina mikrotomografian era berri bat aurkitu du ilusionatzeko eta diziplina arteko ikerketan aritzeko”.
Izan ere, saria lortu duen azken bideo hau beste batzuekin batera plazaratu du ikerlariak, mundu osoko ikerkuntza-taldeekin egindako elkarlanaren ondorio gisa. Azken kasu honetan, Dr. Wayne Hunterrekin batera aritu da. Ikertzaile hau, Fort Pieceko Nekazaritzako Sailekoa da (Florida, Amerikako Estatu Batuak).
Oharrak.
- Ekortze-mikroskopia elektronikoak hortz-antropologian hartu duen aplikazio bat, Centro Nacional de Investigación en Evolución Humana (CENIEH) guneko adituek gauzatua.
- YouTuben ikus daitezke Alba-Tercedorren beste hainbat bideo: http://www.youtube.com/albatercedor
Erreferentziak:
– From the sample preparation to the volume rendering images of small animals: A step by step example of a procedure to carry out the micro-CT study of the leafhopper insect Homalodisca vitripennis (Hemiptera: Cicadellidae). In: Bruker Micro-CT Users Meeting 2014. orr: 260-288. Brukermicro CT. Kontich, Belgium (ISBN: 9789081678100, ISSN: 2033-8031).
-Alba-Tercedor, J, Sánchez-Tocino, L. “High-Resolution Micro-CT of the Anatomy of the Sea Slug Polycera quadrilineata”. Microscopy and Analysis, Volume 26 (1): 17-19, 2012.
– José R. Verdú, Javier Alba-Tercedor, Mónica Jiménez-Manrique “Evidence of Different Thermoregulatory Mechanisms between Two Sympatric Scarabaeus Species Using Infrared Thermography and Micro-Computer Tomography”. Published: March 19, 2012 DOI: 10.1371/journal.pone.0033914.
Egileaz: Javier San Martín (@SanMartinFJ) (@ACTIVATUNEURONA) kazetaria da, eta artikulu hau Activa Tu Neurona blogaren kolaborazioa da Zientzia Kaierarekin
Juan Carlos Odriozolak euskaratu du artikulua.