Asteon zientzia begi-bistan #284

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Klima larrialdia

Climate Transparency GKE gobernuzko kanpoko erakundeak Brown to Green (marroitik berdera) txostenean argi utzi du: tenperaturaren igoera hiru gradukoa izango den egoera baterantz doa planeta. Eta horri aurre egiteko beharrezkoa da G20 taldeko herrialdeen konpromisoa. Izan ere, iazko datuak kontuan hartuta, herrialde horietan guztietan areagotu egin zen berotegi gasen isurketa.

Lorea Floresek, Greenpeaceko Hego Euskal Herriko koordinatzaileak, dio klimaren eta krisi ekologikoaren ikuspegitik mundua larrialdi egoeran dagoela. Halaber, Berriak egin dion elkarrizketa honetan azpimarratzen du herritarren artean kontzientzia gero eta handiagoa dela baina “benetako konpromisoak” falta direla

Paleontologia

Elhuyar aldizkariak jakinarazi duenez, Jose Migel Barandiaranek Dimako Axlor haitzuloan 1967-1974an egindako indusketaren aztarna paleontologikoak berraztertu ditu UPV/EHUk zuzendutako ikertalde batek. Ikerketan bi ondorio nagusi atera dituzte: batetik, maila arkeologiko desberdinetan berreskuratutako neandertalen lau aztarna aztertu eta aurkeztu dituzte. Bestetik, gaur egun Bilboko Arkeologi Museoan dauden Axlorreko hortzak berraztertu dituzte, eta frogatu dute, neandertalenak zirela uste zuten arren, gure espeziearenak direla.

Biologia

UPV/EHUko ikertzaileek ingurune lehiakorretako biodibertsitateari buruzko nazioarteko ikerketa batean parte hartu dute. Ikerketan frogatu dute aztertutako animalia eta landare espezie urrien kasuan % 90ak elkarte modukoak eratzen dituztela aurrera egiteko. “Ghettoetan” antolatzeko modu hori espezie arraroen iraupenaren baitan egon liteke.

Lurrean izan diren oxigeno mailaren gorakada handiak azaltzeko eredu berria plazaratu dute ikertzaileek. Orain arte, oxigenoaren gorakada azaltzeko bi teoria zeuden indarrean: batek dio bizidunak izan zirela oxigenazioa ahalbidetu zutenak. Besteak, sumendien eta iraultza tektoniko handien ondorio dela. Orain hirugarren bat daukagu: oxigenazio gertaera horiek jazo ziren fosforoaren, karbonoaren eta oxigenoaren zikloen artean sortzen diren berrelikadurei esker.

Osasuna

2021etik aurrera, Frantziako Gizarte Segurantzak produktu homeopatikoak ordaintzeari utziko dio. Progresiboa izango da prozesua, Berriako artikuluan zehazten denez: orain arte, bere gain hartu du produktu horien kostuaren %30, eta aurten %15era jaitsiko da. Hego Euskal Herrian homeopatiak ez du inolako diru laguntzarik jasotzen. Are gehiago, Espainiako Gobernuko Osasun Ministerioak osasuna sasizientziatik babesteko plan bat aurkeztu zuen.

Gibeleko minbizia ari da ikertzen Amaia Lujanbio New Yorkeko Mount Sinai ospitalean. Zehazki, gibeleko minbizia duten gaixoen mutazioak berregiten ari dira saguetan, ikertzeko eta tratamenduak aurkitzen saiatzeko. Hamar urte daramatza New Yorken eta duela bost urtetik du laborategia. Lujanbiok azaltzen du zer aztertzen ari diren: “Gibeleko minbiziaren hamabost ereduko bilduma moduko bat daukagu, eta eredu bakoitza ikertzen ari gara. Sekulako lana da, baina ikasten ari gara saguetan ere mutazio ezberdinak baldin badituzte tumoreak ere ezberdinak direla”.

Depresioari buruzko ikerketek urrats ugari eman dituzte. Egin diren azkenekoek erakutsi dute estresak eta depresioak neuronen atrofia eta galera eragiten dutela, eta horrekin batera kortex eta sistema linbikoaren bolumena murrizten dela. Depresioari buruzko azkeneko ikerketa preklinikoek eta klinikoek agerian jarri dute ketaminak eragin antidepresibo harrigarriak dituela, azkarrak eta iraunkorrak. Ebidentzia hauek farmako antidepresibo berrien bilaketa berpiztu dute.

Matematika

Lorea Zumeta ikertzaileak txikitatik izan ditu gustuko matematikak. Halere, matematikako gradua aukeratu zuenean ordura arte ikusitakoarekin ez zeukala antz handirik antzeman zuen. Hark dioenez, “ordura artekoa baino abstraktuagoa” izan zen. Gradua amaituta, master bat egin zuen Bartzelonan eta bioestatistikan espezializatu zen. Horren ondotik, BCAMen ikertzaile laguntzaile izateko aukera sortu zitzaion. Bertan, kirol-lesioak modelizatzeko tesia egiten dabil eta lanaren helburua da ulertzea nola sortzen diren lesioak, eredu estatistiko bat erabilita.


Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.


Egileaz: Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.