Lurrean bizitza hedatu zen moduari buruzko ikuspegia aldatzen hasi zen 1977an, itsaspeko batek biziz beteriko iturri hidrotermal (fumarola) bat topatu zuenean Ozeano Barearen hondoan. Orduz geroztik, aurkikuntzak bata bestearen atzetik etorri ziren, bai fumarola gehiago eta komunitate konplexuak horien inguruan, bai kokagune egiatan bitxiak.
Izaki bizidunak topatu diren lekurik ustekabekoenak, agian, sakonera handian dauden harkaitzen barnealdeak dira. Mikrobio formak bizi dira lurrazaletik eta itsas hondotik metro gutxi batzuetara, baita sakonera handiagoetan ere. Bakterioak eta arkeoak topatu dituzte lurrazaletik 5 kilometrora, lur azpian Txinan. Halaber, mikrobioak topatu dituzte itsas hondoa baino 2,5 kilometro beherago.
Arroken barruan, arrakalen eta poroen barnean, biosfera oso bat dago. Kalkulatu da organismo horiek guztiak 2 mila milioi km³-ko arroka bolumenean banatuta daudela (Lurreko ozeano guztiek okupatzen duten bolumenaren bikoitza), eta 1030 zelula izango lituzketela, hau da, Lurreko mikrobio-bizitzaren %70. Izan ere, zatirik handiena lurpeko biosferan dago, bakterioek eta arkeoak dira gehien bat, nahiz eta alga zelulabakarrak eta onddoak ere badauden.
Mikroorganismo horietatik gutxi batzuk heterotrofoak dira, hots, materia organikoz elikatzen dira; eta oso oxigeno gutxi edo batere ez dagoen inguruneetan bizi direnez, normalean, anaerobioak dira asko eta asko. Nolanahi ere, gehienak kimiolitotrofoak dira: gai inorganikoak dira euren energia iturri. Mikroorganismo horiek hondakinak sortzen dituzte, eta beste izaki bizidun batzuk elikatzen diren kate trofikoaren oinarria dira hondakinok. Gutxienez kasu batean, sare trofiko horretan superharrapakari bat dago, Halicephalobus mephisto har nematodoa, milimetro erdiko luzerakoa. 2011n topatu zuten urre meatze batean, 1.300 metroko sakoneran.
Bizitza forma anitz dago inguru batzuetan, eta oso gutxi beste batzuetan, edo espezie bakar bat. Hegoafrikako Mponeng urre meatzean, 2,8 km-ko sakoneran, ezagutzen den ekosistema bereziena topatu da: organismoen % 99,9 baino gehiago espezie bakar batekoak dira; Desulforudis audaxviator bakteriokoak.
Eta oraindik ere izaki bizidun asko eta asko dago lurpean nork aurkituko, ezagutzen dugun biologiaz oso bestelako organismoak, baiki. Seguru asko, bide metaboliko ezezagunak dituzte, eta litekeena da metabolismo oso geldokoak izatea. 2010ean, Pazifiko Hegoaldeko sedimentuetan lurperatutako mikrobioak topatu zituzten, eta bertan 100 milioi urte zeramatzatela kalkulatu da. Bizirik zeuden, baina oso jarduera metaboliko txikia zuten.
Mikroorganismoen metabolismoa bizi diren arroken konposizio kimikoaren araberakoa da. Hau da, arroka granitoa, basaltoa, hareharria edo buztina den. Heterogenotasun metaboliko horri esker, mikrobio komunitateak asko aldatzen dira leku batetik bestera, arrokak ez direlako berdinak leku guztietan.
Lurpeko biosfera horri mikrobio materia iluna deitzen zaio, unibertsoko materia ilunaren analogiaz. Hori bai, materia mikrobianoa ezagutzen hasiak gara. Eta ez genuke baztertu behar halakorik gure planetan soilik topatzea: Marteko lur azpiak biosfera propioa izan lezake.
Iturria
Lawton, Graham, (2019): Earth’s deep, dark secret. New Scientist, 242 (3229), 42-45. DOI: https://doi.org/10.1016/S0262-4079(19)30841-3.
Egileaz: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.
1 iruzkina
[…] mikrobioen mundua hobeto ezagutarazi nahi genuke liburu honekin. Ez da, ordea, liburu tekniko bat (horretarako […]