Lurraren magnetismoaz (III)

Zientziaren historia

XVIII. eta XIX. mendeetan itsas nabigazioak bultzatu zituen Lurraren magnetismoari buruzko lanak. XX. mendean, berriz, itsaspekoen sorrerak, haiek mundu-gerretan erabiltzeak eta Gerra Hotzean arma nuklearrak erabiltzearen arriskuek bihurtu zuten geomagnetismoa estatu-auzi aurrez aurre ziren botereentzat. Erabilera militarra bigarren mailan egon bazen ere, ez zen inoiz desagertu mende horretako aurrerapenetan.

Zientziaren ikuspuntua soilik hartuta, XIX. mendearen bukaerarako nazioarteko izaera zuen hartua Lurraren magnetismoari buruzko ikerketak, hedatzen hasiak ziren arloko estatuz gaindiko erakundeak eta, gainera, magnetismo-ikerketak baizik argitaratzen ez zituen aldizkaria zen sortua, 1896an: Terrestrial Magnetism.

Mendearen lehen hamarkadetan nabarmen handitu zen eskura zeuden datuen kopurua eta kalitatea, baina ez aurrerapen teorikoa. 1947ra arte itxaron beharko zuen horrek: eguzkiaren eta beste izar batzuen hainbat eremu magnetikoren neurketak argitaratu ostean,Patrick Blackett-ek urte hartan iradoki zuen magnetismoa, Lur planetako fenomenoa ez ezik, errotazioan zegoen gorputz ororen propietatea izan zitekeela. Aldi berean, 1946 eta 1947 bitartean, Walter Maurice Elsasser fisikariak dinamo planetario baten eredu matematikoa azaldu zuen zenbait artikulutan; haren arabera, Lurraren nukleoaren kanpo-geruzan eragindako korronte elektrikoengatik sortzen zen eremu magnetikoa. Elsasser, bere eredu hori diseinatu eta garatu bitartean, Estatu Batuetako Armadaren Komunikazio Taldearentzat zebilen lanean, Bigarren Mundu Gerraren testuinguruan.

Irudia: Lurraren eremuko lerroen simulazioa, inbertsioen arteko aldi estandar batean. (Iturria: Cuaderno de Cultura Científica)

Hurrengo urteetan zehar, zientzialariek bi ereduen alde on eta txarrak aztertu zituzten. Orduan, 1952an, Blackettek berak baztertuko zuen bere teoria; izan ere, porrot egin zuen momentu angeluarraren eta momentu magnetikoaren arteko lotura esperimentalki frogatzeko ahaleginean. Data hartatik gaur arte Elsasserren eredua da erreferentzia, nahiz eta oraindik aurkitu ez den bildu diren behaketa guztiak zenbaki bidez deskribatzeko modua.

Blacketten esperimentuen porrota eta gero, beste aurkikuntza batzuk egin ziren paleomagnetismoaren arloan, eta erabakigarriak izan ziren teoria geologikoan, batik bat plaken tektonikari dagokionez. Horiek guztiek are gehiago zailtzen zuten Elsasserren lanean oinarrituko zen eredu doitua lortzea Lurraren magnetismoa azaltzeko.

XIX. mendean zientzialariek bazekiten magnetismo fosilizatua zegoela. Konturatuta zeuden buztin mota batzuek eta solidoturiko laba-ibaiek gorde egiten zutela Lurraren eremu magnetiko nagusiarekiko lerrokadura magnetikoa buztin eta laba horiek hoztu ziren unean zegoen bezalaxe. XX. mendeko berrogeita hamarreko hamarkadan, magnetismo fosilizatua sistematikoki kartografiatzen zuten geologoek ondorioztatu zuten ipar-poloak, iraganean, etengabe aldatu izan zuela bere posizioa.

Aurkikuntza hura hain zen apartekoa, ezen denetariko hipotesiak mahaigaineratu baitziren: neurketa-tresnek berek sortzen zutela efektua, eremu magnetikoa ez zela beti dipolarra izan, kontinenteak mugitu egin zirela bata bestearekiko, polo bakoitza bere kasa desplazatu izan zela… Hamarkadaren bukaerarako, hainbat daturi esker, Londreseko Unibertsitateko eta Australiako Unibertsitate Nazionaleko zientzialari talde batek ondorio argia aurkeztu zuen, Newcastle-ko Unibertsitateko Keith Runcorn-en gidaritzapean: kontinenteak desplazatu egin ziren. Hala, makal samar zebilen kontinenteen jitoaren teoria berpiztu zuten.

Bestalde, hogeita hamarreko hamarkadan frogatua zen magnetismo fosilizatuaren beste ezaugarri bat: harri batzuetan polaritate magnetikoa gaur egunekoaren aurkakoa zela. Poloek, hortaz, Lurrean harat-honat ibiltzeaz gain, batzuetan posizioak trukatu ere egiten zituzten. Hirurogeiko hamarkadaren erdialdean, datazio erradioaktiboko teknikak erabilita, trukaketa horien historia berreraikitzea lortu zen. Itsas zoruaren sorreraren eta hedapenaren teoriarako giltzarri izango ziren trukaketa haiek.


Egileaz: Cesár Tomé López (@EDocet) zientzia dibulgatzailea da eta Mapping Ignorance eta Cuaderno de Cultura Cientifica blogen editorea.

Itzulpena: Lamia Filali-Mouncef Lazkano

Hizkuntza-begiralea: Xabier Bilbao


Magnetismoari buruz idatzitako artikulu-sorta:

2 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.