1928an baloi gidatu batek izandako istripuaren ondoren gertatutakoa aztertu du zientzialari talde batek, espazio eguraldiaren ikuspuntuarekin. Halako gertakarietatik asko ikasi daitekeela babestu dute, eta espazio esplorazioan antzekorik ez gertatzea espero dute.
Garai epikoak izan ziren, gure planetaren eremu bakar batzuek artean urratu gabe jarraitzen zutenekoa. Abiazioaren lehen pausoak ere duela gutxi emanak hasiak ziren, eta antzeko egoeran zeuden haririk gabeko komunikazioak. Mugarri horiek guztiek bat egiten zuten uneetan, zeharo istorio bitxiak gertatu ziren. Horietako bat Ipar Polora baloi gidatuz egindako espedizio batena izan zen. 1928ko apirilaren 15ean abiatu zen Milanetik Italia izeneko baloi gidatua, Ipar Polora airez iristen bigarrena izatea helburuarekin —bi urte aurretik Norge baloi gidatua izan zen lehena—. Eta horixe bera lortu zuten, maiatzaren 24an. Pozaren pozez, ontzitik jaistear egon ziren, elurra oinekin zapaltzeko, baina azkenean ez zuten egin, itxura kezkagarria zuen ekaitz polar bat gainean zutelako. Itzulia, ordea, amesgaizto bihurtu zen. Italia amildu egin zen, eta haizete indartsuek baloi gidatua eraman zuen. Espedizioko 17 kidek modu lazgarri horretan galdu zuten bizia.
Saski nagusian zihoazen bederatzi lagunek zorte hobea izan zuten, eta, asko zaurituta zeuden arren, izotz plaka baten gainean bizirik irautea lortu zuten, Svalbard uharteditik 400 bat kilometrora. Istriputik onik atera ziren hainbat hornidura erabiltzeko moduan egon ziren, tartean irrati telegrafo bat. Salbazioa eskura zutela zirudien.
Baina gizakien patua, batzuetan, guztiz apetatsua da. Irratia eskuragarri zuten, baina laguntza eskatzeko bidaltzen zituzten mezuek ez zuten erantzunik jasotzen. Frekuentzia desberdinetan behin eta berriz saiatu arren… ezer ez. Horrek ez zeukan ez hankarik ez bururik. Beraiek irratia entzun entzuten zuten: 4.000 kilometrora zegoen Erromako irrati etxe bat entzuteko gai ziren, eta baita ere Svalbardetan zegoen Citta di Milano itsasontziak bidalitako mezuak. Espedizioan laguntzaile lanetan zegoen itsasontzi hori, baina itsasontzian ez zituzten espedizionarioen laguntza mezuak entzuten. Ustezko isiltasun horretan, munduak galdutzat jo zituen esploratzaile guztiak.
Hamar egun geroago, eta dena galduta zegoela zirudienean, Errusiako irrati-zale batek SOS seinale bat jaso zuen. Bizirik zeuden! Ondorengo erreskate lanak ez ziren batere errazak izan, eta asteak eman behar izan zituzten izotz plaka baten gainean, jitoan. Baina hori beste noizbaiterako kontakizuna da. Orain dagokiguna da irrati bidezko mezu horiekin gertatutakoa argitzea. Edo, hobeto esanda, horren haritik beste batzuek ikertutakoa zuei helaraztea. Space Weather aldizkarian argitaratu duten artikulu batean ahalegindu dira argitzen gertatu zena.
Eta, bai, aldizkariaren izenetik iragarri daitekeenez, espazio eguraldiak zeresan handia izan zuen. Afera aztertu duten adituen esanetan, naufragoak irrati hutsune baten eraginpean egon ziren. Halakoak gertatzen direnean, gertuko distantzietan uhinak zuzen doazenez, mezuak entzuteko modukoak dira. Urruneko distantzietan, berriz, ionosferan islatu egiten dira uhinak, eta irratia ere entzun daiteke. Baina bi gune horien artean geratzen den tartean irrati bidezko komunikazioak askoz zailagoak dira. Halako eremuetan irrati isilunea gertatzen da.
Hutsune horren kokapen zehatza ionosferaren baldintzen arabera aldatu daiteke, eta 1928an hori gertatu zela uste dute ikertzaileek. Kontuan izan behar dugu irrati bidezko komunikazioek 50-1.000 kilometro arteko altueran kokatuta dagoen ionosfera erabiltzen dutela distantzia handietan zabaldu ahal izateko. Funtsean, irrati uhinak geruza horretan eta lurrean islatu egiten dira, errebotean, eta horrek ahalbidetzen du transmisioa. Baina poloetatik gertu, normalean nahiko egonkorra den geruza hori ezegonkorragoa bihurtzen da.
Gaur egun horrelakoak gertatzen direla dakigun arren, Italia-ren garaian ez zuten modurik jakiteko eguzki ekaitzek irrati igorpenei eragiten zietenik. Jakin bazekiten Ipar Poloaren inguruko eguraldia zinez gogorra zela, baina ezin zuten imajinatu ere eremu horretan espazio eguraldia izeneko zerbait kontuan hartu behar zenik.
Egileek uste dute eguzki ekaitzei lotutako hainbat fenomeno batera eman zirela data horien bueltan. Naufragoek eskura zuten irrati eramangarriak 9,1 eta 9,4 megahertz arteko frekuentzietan igortzen zuen, baina tarte horretan lehen aipatu dugun irrati hutsunearen fenomenoa ematen zen Svalbardetan, laguntzarako itsasontzia zegoen eremuan, hain justu. Bestetik, eguzki ekaitz batek egoera okertu zuen, irrati uhinen xurgatzea handitu zuelarik. Horregatik egileek uste dute lehen egunetan bederen erabiltzeko moduko frekuentzien tartea asko gutxitu zela.
Egun horietan ionosferak izan zuen egoera berreraikitzeko zenbait behatokitatik bildutako datu historikoak erabili dituzte: Erresuma Batuko Abinger (gaur egungo, Hartland izenez ezagututa) eta Lerwick behatokietakoak, eta Belgikako Errege Behatokikoak.
AGU Ameriketako Geofisika Batasuneko EOS aldizkariari egindako adierazpenetan, Ljiljana Cander fisikariak nabarmendu duenez, “hau irakaspen historikoa da, eta berriro gerta daiteke beste esplorazio batzuetan, hala nola ilargi edo planeten arteko bidaietan; hortaz, espazio eguraldiaren ondorioz izaten diren egoera kaskarrak kontuan hartu behar dira gaur egun ere”.
Ikertzaileek nabarmendu dute iraganeko gertakariak ikertzea informazio iturri oso erabilgarria izan daitekeela oraindik nahiko diziplina gaztea den espazio eguraldiaren alorrean. Zentzu honetan, gogoratu beharra dago, adibidez, zein garrantzitsua den Carrington gertakaria aztertzea, erregistro historiko fidagarriak daudenetik ezagutzen den eguzki ekaitzik handiena.
Erreferentzia bibliografikoa
Zolesi, B., Pezzopane, M., Bianchi, C., Meloni, A., Cander, L. R., & Tozzi, R. (2020). The shipwreck of the airship “Dirigibile Italia” in the 1928 polar venture: A retrospective analysis of the ionospheric and geomagnetic conditions. Space Weather, 18 (7), e2020SW002459. DOI: https://doi.org/ 10.1029/2020SW002459
Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
5 iruzkinak
[…] Este artículo se publicó originalmente en euskara el 17 de julio de 2020 en el blog Zientzia Kaiera. Artículo original. […]
[…] Este artículo se publicó originalmente en euskara el 17 de julio de 2020 en el blog Zientzia Kaiera. Artículo original. […]
[…] About the author: Juanma Gallego ( @juanmagallego ) is a science journalist. [19659003] This article was originally published in Euskara on July 17, 2020 on the blog Zientzia Kaiera . Article original . […]
[…] Về tác giả: Juanma Gallego ( @juanmagallego ) là một nhà báo khoa học. [19659003] Bài báo này ban đầu được xuất bản tại Euskara vào ngày 17 tháng 7 năm 2020 trên blog Zientzia Kaiera . Bài báo […]
[…] ]该文章最初于2020年7月17日发表在Euskara的博客 Zientzia Kaiera 上。文章原。 […]