Asteon Interneten jorratu diren zientzia-gaien laburpena. Begirada bat emango diogu?
Begoña Calvok, UPV/EHUko Farmazia Katedradunak, UPV/EHUko Farmazia Teknologia Arloko PharmaNanoGene taldea zuzentzen du. Taldea 2006an hasi zen botika bioantzekoen arloa ikertzen. Bioantzekoak jatorriz oso garestiak diren hainbat botika bioteknologikoen kopia merkeagoak dira. Finean, botika biologikoak dira baina urriak dira oraindik. Arantxa Iraola kazetariak Begoña Calvo elkarrizketatu du Berrian botika hauei buruzko xehetasunak kontatzen dizkigute: Bioantzeko botika asko ekoizteko aukera izango da aurki: boom bat espero da.
Rosetta zundaren misioa abuztuaren 6an, 10 urteko bidaia egin ondoren, 67P/Churyumov–Gerasimenko kometaren orbitan jarri zen. Kometa baten orbitan jarri den lehen ontzia izan da eta horrez gain, azaroan Rossetaren Philae ontzia bidaliko dute kometara, bertan lur har dezan. ESAk jakinarazi duenez Philaek kometaren “J puntuan” hartuko du lur eta ez da izango erraza. Ana Galarragak kontatzen digu Elhuyar aldizkarian: J izendatutako lekuan hartuko du “lur” Rosettaren Philae ibilgailuak.
Oihana Jauregik Elhuyar aldizkarian Jupiterren Europa ilargian ikertzaileek antzeman dutenari buruz hitz egiten digu. NASAren Galileo espazio-ontziak lortutako argazkiak erabiliz Europa ilargiaren 134.000 km² arakatu dituzte. Behaketaren ondorioz, zientzialariek uste dute, ilargiaren gainazal izoztuaren azpian mugimenduan dauden izotz-plaka erraldoiak daudela eta horren azpian, ozeano bat. Datu guztiak, Europa ilargian plaken tektonika aurkitu dute artikuluan.
Beñat Jauregik Lorratzetan blogean geneak ditu mintzagai. Geneen adierazpenari erreparatzen dio. Geneek duten informazio multzoari genotipoari eta honen adierazpenari, fenotipoari. Askotan genotipoa eta fenotipoa bat etortzen dira, baina beste batzuetan ez. Badago bien arteko loturan eragiten duen hirugarren faktore bat eta hori ingurua da. Izan ere, inguruak eragiten du genotipo batek fenotipo bat ala bestea garatzea, modu batera edo bestera adieraztea. Guztiau azaltzen digu Geneak eta inguru desegokia artikuluan.
Jon Ander Galarraga biologoak konpost-gailuen inguruan egiten diharduen ikerketen berri ematen digu Konpostazanak blogean. Oraingoan konpost-ontzi baten aurki daitezkeen zomorroen eraginei buruz hitz egiten digu, euliei buruz, eta zehatzago, soldadu eulien dituen onurei buruz. Euli hauen beldarrak oso jatunak dira eta materia organikoa kontsumitzen dute, konposterako onuragarria dena. Horrez gain, beste euli batzuk uxatzen ditu, esaterako frutako eulia eta euli arrunta. Lurraldetasuna konpostagailuan artikuluan ditugu gai bitxi honen xehetasun guztiak.
Euliek animalia gogaikarrien fama dute baina tentuz begiratuz gero, hainbat onura dituzte. Javier San Martín kazetariak Zientzia Kaiera blogean Ormia ochracea izeneko euli parasitoaren entzumenerako gaitasuna zein den azaltzen digu. Euli honen bi belarrien artean oso distantzia laburra dago, milimetro eta erdi. Ondorioz, ia denbora berean iristen zaizkio soinuak belarri bati eta besteari. Horrek arazoak ekarri ahal dizkio objektuen kokapenaz jabetzeko, adibidez, etsaien kokapenaz. Baina entzumen fina du eta antzematen ditu. Hori dela eta, zientzialariek euliaren entzumen-aparatua oinarritzat hartuta, gaitasun urriak dituztenentzat baliagarria izango den gailu bat diseinatu dute. Biomemiteka: euli-entzumena.
Pikuen sasoian hasi berriak gara eta, besteak beste, pikuak ematen dituen pikondoak dituen ezaugarri bati erreparatzen dio Jakoba Errekondok Argia aldizkarian. Pikondo bat zaurituz gero likido zuri bat isuriko du zauritik: esnea edo latexa. Latexa, ez da landarearen izerdia. Izerdiak fotosintesiarekin harremana du eta landarearen elikaduran berebiziko garrantzia du. Latexa ordea landarearen babeserako da. Bere izena “likore” edo “ardo kondar” esan nahi duen grekoko “λάταξ”-tik dator eta, horretaz jabetzen dira, honako landare bati hozka egiten dion animalia belarjaleak, sutan izango baditu ezpainak eta oiak. Kristoren esnea artikuluan datu interesgarri gehiago.
Guztiak ez, baina animalia belarjaleak ziren ere dinosauro asko. Dinosauroen aztarnak eman diguten informazioari esker animalia hauek ezagutzen joan gara. Baina zergatik desagertu ziren? Amaia Portugal kazetariak Edinburgoko Unibertsitateak zuzendutako ikerketa batek emandako emaitzak dakarzkigu Zientzia Kaiera blogean. Duela 66 milioi urte meteorito handi batek Lurra jo zuen, dinosauroen ekosistema egokitzapen fase betean zegoen orduan eta meteoritoak ez zien egokitzeko denborarik eman. Ondorioz, ez zuten aurrera egin. Izan ere, dinosauroak unerik txarrenean harrapatu zituen meteoritoak.
Dinosauroen iraganaz berriak baditugu, asteon gure arbasoei buruzko berriak ekarri ditu Ana Galarragak Elhuyar aldizkarian: Europar gehienon arbasoak hiru taldetakoak zirela argitu dute. Nazioarteko ikerketa-talde batek 7.000 urteko Alemaniako nekazari baten eta 8.000 urteko Luxenburgoko eta Suediako zortzi ehiztari-biltzaileen genomak deskodetu dituzte. Horiek, eta lehendik deskodetuta zeuden antzinako hainbat genoma aintzat hartuta, gaur egungo 2.345 europarren genomekin alderatu dituzte. Azterketa genetiko horrek erakutsi du europar gehienon arbasoak hiru populazio-taldetakoak zirela: Europa mendebaldeko ehiztari-biltzaileak, ipar eurasiarrak eta Europako lehen nekazariak.
Edonora goazela nor ez da ibili WiFira konektatzeko seinalearen bila ibili? Behin aurkituta konektatzen gara baina ba al dakigu zer nolako sare motara atzitzen garen? Oporretako konexioak artikuluan WiFira konektatzerakoan kontuan izan behar ditugun segurtasuna eta bestelakoak plazaratzen ditu Julián Estévezek, EHUko irakasleak, Zientzia Kaiera blogean.
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.