Asteon zientzia begi-bistan #335

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Osasuna

COVID-19arekin hasiera emango diogu aste honetako albiste bildumari. Zehazki, Elhuyar aldizkariak argitaratu duen berri itxaropentsu honekin: txertoek ez dute albo-ondorio kezkagarririk eragin. Halaxe adierazi du Medikamentuen eta Produktu Sanitarioen Espainiako Agentziak txosten batean. Zehazki, txertatutakoen % 0,08k izan du albo-ondorioren bat, baina gehienak ez dira larriak izan.

SARS-CoV-2 birusari dagokionez, gaixotasun honetan sexuak duen eragina aztertzeko eskatu dute, Elhuyar aldizkariak esan duenaren arabera. Yale Unibertsitateko bi ikertzaile emakumezkok esan dute ezinbestekoa dela jakitea sexuak nola eragiten duen erantzun immunitarioan. Xehetasun gehiago, hemen.

Oso zaila da jakitea zergatik jendeak ez dituen sintoma berdinak. Badirudi horietako faktore bat elikadura izan daitekeela, D bitamina, zehazki. Testu honen bitartez, Miren Basarasek azaldu digu honen papera eta azkenaldian D bitaminaren mailaren eta arnasbideko gaixotasunen artean egin diren ikerketak.

Leku itxietako airea noiz eta zenbat berritu behar den kalkulatzen duen sistema bat diseinatu du Ana Ruiz Ilundain Nafarroako Unibertsitate Publikoko Industria Ingeniaritzako ikasleak. Elhuyar aldizkariak kontatu dizkigu xehetasunak.

Ikerketa batek 2019-2020ko neguko Twitterreko txioak aztertu ditu eta ikusi dute COVID-19a bazegoela Europan zabalduta. Elhuyarrek azaldu digunez, “Pneumonia” hitza duten txioak bildu dituzte, hedabideetan COVID-19ak hartu zuen oihartzuna baino lehen idatzitakoak, jakina.

Arkeologia

Ikerketa baten arabera, txakurrak duela 23.000 urte etxekotu zituzten Siberian. Berriak azaldu digu albistea: gizakia txakurrekin iritsi zen Amerikara, duela 15.000 urte. Siberiakoak ziren Amerikara heldu zirenak eta horiek Europara eta Asiara zabaldu ziren txakurrekin.

Biologia

Ikerketa batek zehaztu du Posidonia oceanica itsas landareak itsasoan dauden plastiko hondakinak harrapatu eta itsasotik ateratzen dituela. Landareak sortzen dituen aegagropiletan harrapatzen dituela. Prozesua kontatu digute artikulu interesgarri honetan. Ez galdu!

Gure gorputzeko tenperatura jaitsi egin da 1800az geroztik. Hala adierazi du Stanfordeko Unibertsitateko Medikuntza Eskolako ikerketa-talde batek. Bizi-baldintzak hobetu diren heinean joan da gorputzaren tenperatura aldatzen. Uxune Martinezek azaldu digu afera testu interesgarri honetan.

Fisika

Bereizketarik egiten al duzue soinua, zarata eta musikaren artean? Batzuetan ez da erraza horien arteko mugak ondo zehaztea. Bada, Marta Urdanpilleta Landaribar saiatu da hori egiten testu honen bitartez, elementu horien arteko mugak difusoak diren arren.

Astrofisika

Marteri buruzko informazio berria eskuratzeko asmoz, Hope zunda, Twianwen-1 zunda eta Perseverance planetara ailegatuko dira otsailean, Berriak jakinarazi digunez. Besteak beste, jakin nahi dute ea bizirik baden edo inoiz izan den. Irakur ezazue osorik erreportajea.


Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.


Egileaz:

Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.