Itsasoko plastikoa harrapatzen duten landareak

Dibulgazioa

Posidonia oceanica itsas landareak itsasoan dauden plastiko hondakinak harrapatu eta itsasotik ateratzen ditu, ikerketa baten arabera.

Bartzelonako Unibertsitateko Itsas Geozientzien Ikerketa Taldeak burutu du ikerketa Mallorcako kostaldean, Mediterraneoan hazten den posidonia itsas landareak plastikoak harrapatu eta zelan lehorreratzen dituen aztertzeko. Zonalde horretan daude posidonia landarearen belardi ugarienak eta baita Mediterraneo itsasoaren ur gaineko plastiko hondakin gehienak ere. Posidonia landareak sortzen dituen aegagropiletan (Neptuno bola, itsas-bola) harrapatzen ditu belardietan dauden dentsitate altuko plastikoak eta bola horiekin batera ateratzen dira plastikoak itsasotik hondartzetara, nagusiki eguraldi ekaiztsuan.

posidonia
1. irudia: Plastikoak harrapatu, aegagropilak osatu eta lehorreratzen dituzte posidonia landareek. Aegagropilek, Neptuno bola edo itsaso-bola izena ere hartzen dute. (Argazkia: Sanchez-Vidal, A., Canals, M., de Haan, W.P. et al. (2021)-etik eraldatuta)

Itsasoa garbitzeaz gain, hainbat berezitasun ditu itsasoko belar honek. Esan behar den lehenengo gauza zera da: posidonia landarea da, ez alga. Klima epeleko espeziea da eta Mediterraneo itsasoan endemikoa. Bertan belardiak sortzen ditu 0.5 eta 40 metroko sakoneran.

Lau atal nagusi ditu landareak: hostoak, zorroak, errizoma eta sustraiak. Hostoak landarearen alde fotosintetikoa dira eta hosto-zorroaren bidez (pigmenturik ez duena eta zuntzez osatutakoa) lotzen zaio errizomari.

posidonia
2. irudia:Posidonia oceanicaren atalak. (Argazkia: Kaal, Joeri, et. al., (2016)-etik eraldatuta)

Oso paper garrantzitsua du posidoniak habitat sortzaile moduan. Klima-aldaketa arintzen ere du zeregina, CO2 hustubidea baita. Sortzen dituen ohantzeek (udazkenean hostoak galtzen ditu, itsaso olatuek eta korronteek hosto solteak hondartzetara eramaten dituzte, bertan ohantzeak sortzen dituztelarik) urertza babesten dute eta kostaldeko higadura eragozten dute, olatuen energia arintzeaz gain. Ez hori bakarrik, dunetako landaredian ere eragina dute, nutrienteak hornitzeaz gain, substratu aridotasuna galarazten baitute.

2015eko ikerketa baten arabera 1 224 707 hektareako distribuzioa du Posidonia oceanicak. Estimazioen arabera, azken 50 urteetan %34 egin dute atzera posidonia belardiek.

Plastikoak itsas-boletan harrapatzen

Plastiko garbiketari bueltatuz, bi modutara eragiten du posidoniak:

  1. Iragazki moduan. Lurretik itsaso zabalera doazen plastikoak harrapatuta geratzen dira posidonia hostoetan, iragazki lana egiten duelarik.
  2. Plastikoa itsasotik ateratzen. Inguruan duen plastikoa itsas-bolan harrapatu eta honekin batera itsasotik lurrera bueltatuz.

Bigarren honetan landarearen hosto-zorroek hartzen dute garrantzia. Izan ere, ligninan aberatsak dira zorroak, bestelako itsas landareen zorroak ez bezala. Ligninak ematen du itsas-bolak sortzeko behar den zurruntasuna.

Udazkenean, landareak hostoak galtzen dituenean, hosto zorroek higadura jasaten dute eta zuntzak askatzen dituzte. Itsasoaren mugimendua dela eta (korronteak, olatuak) zuntzak korapilatu egiten dira bolak sortuz: aegagropila (Neptuno bola, itsas-bola). Bola sortzen den bitartean inguruan plastikoa badago, bolaren zati bilakatzen da eta itsas-bolarekin batera hondartzan bukatzen du, bereziki ekaitza dagoenean.

Itsas-bolen kanporatzea itsasok mugimenduaren menpekoa da, olatuen mendekoa. Udazkenean eta neguan olatuak biziagoak dira Mediterraneo itsasoan eta momentu horretan ateratzen dira itsas-bola gehiago itsasotik hondartzetara. Hala ere, urte osoan zehar topa daitezke itsas-bolak hondartzetan.

posidonia
3. irudia: Itsas-bolek plastikoa zelan harrapatzen duten eta hauek lehorreratzeko prozesua ikusgai. (Argazkia: Sanchez-Vidal, A., Canals, M., de Haan, W.P. et al. (2021)-etik eraldatuta)

Nolakoak dira harrapatutako plastikoak?

Tamainari dagokionez, gehienbat mikroplastikoak (5 milimetro baino gutxiagokoak) eta mesoplastikoak (5 eta 25 milimetro artekoak) dira itsas-bolekin batera itsasotik ateratzen direnak.

Nolakotasunari dagokionez, itsasoko ura baino dentsoagoak diren plastikoak harrapatzen ditu Posidonia oceanicak, hondoratu egiten direnak. Haien artean, PET (botilak, ontziak eta ehunak egiteko asko erabiltzen den plastikoa), PVC (hodiak, ateak eta leihoak, pelikulak, jostailuak, e.a. egiteko erabiltzen dena), poliuretanoa (isolatzailea dena, besaulkiak, koltxoiak, hodien isolatzaileak, e.a. egiteko erabiltzen dena) ala poliamida (nylona).

Formari begira, filamentuek eta zuntzek presentzia handia dute. Itsas-boletan harrapatuta geratzeko erraztasun handiagoa dute, hosto-zorroen zuntzekin korapilatzen baitira.

Posidonia landareak itsaspean sortzen dituen zelaiek zeregin garrantzitsua dute itsas ekosisteman, izan ere, oso sentikorrak dira kutsadurarekiko. Hori dela eta, uren egoeraren adierazle onak dira, biomonitore natural gisa eta, ikerketa berri honi esker, agerian gelditu da itsasoa plastikoz garbitzeko tresna naturalak ere badirela.

Erreferentzia bibliografikoak:

Sanchez-Vidal, A., Canals, M., de Haan, W.P. et al. (2021). Seagrasses provide a novel ecosystem service by trapping marine plastics. Scientific Reports, 11, 254. DOI: https://doi.org/10.1038/s41598-020-79370-3

Telesca, L., Belluscio, A., Criscoli, A. et al. (2015). Seagrass meadows (Posidonia oceanica) distribution and trajectories of change. Scientific Reports, 5. 12505 (2015). DOI: https://doi.org/10.1038/srep12505

Iturriak:

La mecánica del caracol (2021): Posidonia atrapa-plásticos. Radio Euskadi, emisio-data: 2021-01-19.


Egileaz:

Ziortza Guezuraga (@zguer) kazetaria da eta Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko zabalkunde digitaleko teknikaria.

2 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude