Lignina, zuraren bizia luzatzeko gai den polimeroa

Lignina zuraren osagaietako bat da eta, horrez gain, lurrean dagoen konposatu aromatiko ugariena ere bada. Lignina zaila da degradatzen eta zelulosa zuntzak loturik edukitzen ditu. Hori dela eta, adibidez, papera egiterako orduan kendu egiten da produktua ilundu eta gogortzen duelako.
UPV/EHUko Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako Ingeniaritza Kimikoa eta Ingurumenaren Ingeniaritza Saileko ikerketa batek egiaztatu du, lignina zura babesteko produktuak ekoizteko lehengai moduan erabiltzea etorkizun handiko aukera dela. Horrela, egun, merkatuan dauden mota horretako produktuek ingurumenean sortzen duten kaltea murriztea edo saihestea lortuko litzateke.

Gaur egun asko erabiltzen den baliabidea da zura. Iraunkortasun baxua du, ordea, eta horrenbestez, ezinbestekoa da hori ongi babestu eta tratatzea balio-bizitza luzatzeko. Bereziki kanpoaldean dauden zurei tratamendu bat eman behar zaie denboraren poderioz, urak edota onddoen zein zenbait intsekturen erasoek zur hori kaltetu ez dezaten. Gaur egun zura babesteko existitzen diren produktu asko toxikoak eta garestiak dira. Lan honen helburua izan da “lignina erabiltzea zura babesteko produktu berriak ekoizteko, eta, hala, egun merkaturatzen diren produktu toxiko horiek ordezkatzeko bidea aurkitzea”. Patricia Soares Bilhalva dos Santos ikertzaileak dionez, kasu horietan, kontuan izan behar den beste faktore bat “faktore ekonomikoa da. Izan ere, materiala babesteko erabilitako produktuen balioak tratatutako zuraren balioa baldintzatzen du”.

Lignina zuraren oinarrizko hirugarren osagaia da, eta gaur egun, zelulosaren industriaren hondakinetatik eratorritako ligninak ez du balio komertzialik. Horrenbestez, erregai fosilak ordezkatzeko aukera paregabea izan liteke. Bere ezaugarri eta konposizioari esker, ligninak zura mikroorganismoetatik babesteko gaitasuna du eta, aldi berean, zuraren gogortasuna areagotzen du, besteak beste.

Zura babesteko bi produktu, lignina oinarri hartuta

Ligninan oinarritutako bi produktu garatu ditu ikertzaileak. Batetik, “bioolien zenbait emultsio prestatu ditugu, ligninaren despolimerizazioari esker” azaldu du Soaresek. Bestalde, “zenbait emultsio prestatzeko lignina-metal konplexu batzuk sortu ditugu. Izan ere, lignina-metal konplexu horiek ligninak zura babesteko duen gaitasuna areagotzen dute. Horretarako, kadmio, kobre, kromo edo zink metalak erabili ditugu, ezaugarri antifungikoak dituzten konposatuak baitira eta pestizidetan esaterako sarri erabiltzen dira” erantsi du ikertzaileak.

“Bioolioekin egindako emultsioek emaitza onak erakutsi dituzte Pinus eta Eucalyptus zuretan iraunkortasunari dagokionez, % 40an murriztu baita pisu-galera Trametes versicolor onddoen eraginpean jarri ostean, tratatu gabeko laginekin alderatuz gero” adierazi du Soaresek. “Halaber, zuraren higroskopikotasuna —hezetasuna xurgatzeko materialek duten gaitasuna— hobetu da eta sutze-prozesua atzeratzeko ahalmena areagotzen dela ikusi dugu” dio.

“Lignina-metal konplexuen emultsioekin tratatutako zuraren higroskopikotasuna hobetu egin da; zizailadura-erresistentzia areagotu da, eta gainera, sutze-prozesua atzeratzeko gai da” adierazi du.

Ikertzaileak azaldu duenez, “emaitza horiek guztiak atarikoak besterik ez dira, baina kasu guztietan tratatutako laginekin emaitza hobeak lortu ditugu tratatu gabeko laginekin baino. Ondorioz, bioolio- eta lignina-metal konplexu-emultsioak zura babesteko etorkizun oparoko produktuak direla ondorioztatzen dugu. Dena den, oso garrantzitsua da aurrerantzean bestelako analisi batzuk egitea, produktu horien erabilera zur-mota guztietan aplikatzea posible ote den edo ez bermatzeko, besteak beste”.

Iturria:
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Zurari bizia luzatuz.

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>