“Non dira zientziaren gaineko hitzaldiak?”, galdetzen du neska gazte batek. 16 urte inguru izango ditu eta bakarrik dator Bilboko Bizkaia Aretora. “Ez da ordaindu behar, ezta?”, jarraitzen du. Harreran dagoen andreak ezetz esan eta hitzaldiak non diren argitzen dio. Pozik dator. Eta bera bezala, beste hainbat gazte. Pozgarria da Naukasen hitzaldietan –duela egun batzuk ospatu ziren- adin gutxiko hainbeste pertsona ikustea. Zientziak badu erakarpena gazteenen artean ere! Berri pozgarria, zalantzarik gabe. Eta kontutan izan behar da ostirala dela eta kalean sekulako eguraldia egiten duela!
Neska auditorioan sartu eta leporaino dagoen gela batekin egiten du topo. Publikoari begiratzen dio eta denetariko jendea aurkitzen du bertan. Irakasleak, zientzia munduko jendea, jubilatuak, bera bezalako gazteak… Burua altxatu eta bi gizon ikusten ditu hizketan taula gainean atzeko aldean pantaila handi bat dutela. Bere harridurarako, ekitaldia ez zen espero zuena. Hasteko, publikoa barrez lehertzen dagoelako. Baita taula gainean dauden bi protagonistak ere.
Badirudi hizketan dagoena ez dela Fisikan Katedraduna. Ez du, behintzat, berak irudikatzen zuen itxura. “Hau al da Canfranc inguruan unibertsoaren sorrera nolakoa izan zen ikertzen dabilen gizona?”. Bai, bera da. Juan José Gómez Cadenas, hain zuzen ere. Eta asko disfrutatzen dabil eszenatoki gainean. Zaila da esaten duena ongi jarraitzea. Nolabaiteko maila behar da. Baina Zientzia Kaiera berarekin geratu da interbentzioa bukatutakoan bere lanaren gainean apur bat gehiago hitz egin eta dena gehiago argitzeko. Ez dugu nahikoa izan 20 minutuko interbentzioarekin. Berak, seguru aski, ere ez. Gela txiki batean sartu, hizketan hasi eta, bukatzerako, grabagailuak 85 minutu ditu grabatuta. Denak, dudarik gabe, oso interesgarriak. Gustua ematen du bere lana hainbeste maite duen pertsona batekin hitz egitea.
– Zer iruditu zaizu Naukasek hemen antolatu duena? Sekulakoa muntaketa da, ezta?
Oso polita, zalantzarik gabe. Herrialde honek ematen dizkizun ezuste atsegin horietako bat da hau. Ni, beste asko bezala, askotan kexatzen naiz nire herrialdeaz. Askotan uste dugu kanpoan egiten dena hemen egiten dena baino askoz ere hobea dela. Kanpoan gauzak hobeki egiten dituztela, alegia. Harrituta nago hemen ikusi dudanarekin. Dibulgazio zientifikoa oinarritzat duen ekitaldi paregabea da hau. Sekulako arrakasta eta proiekzio handia duena. Eta, gainera, hemen egiten dira. Zorionak antolatzaileei!
– Polita da, gainera, hainbeste gazte ikustea, ezta?
Zalantzarik gabe. Oso dibertigarria da hainbeste pertsona gazte ikustea. Oso dibertigarria da, baita ere, hainbeste umore ikustea. Oso dibertigarria da hizlariak “zientzia, eszeptizismoa eta umorea” trilogia nola nahasten duten ikustea. Laburbilduz, oso dibertigarria da hau dena, jejeje!!!
– Fisikaria zara eta baita idazlea ere. Nola definituko zenuke zure lana?
Nire lana ez da lan bat, pribilegio bat baizik. Ez dut inolako zalantzarik. Gustuko duzun horretan lan egitea pribilegio bat da. Ikertzaile bezala, alde batetik, zure buruari planteatu diozun arazoa ulertzen saiatzen zara. Pasioarekin gainera. Bestetik, arazo hau ulertzeko erabiltzen duzun teknologia diseinatzen eta eraikitzen saiatzen zara. Gure kasuan, detektatzaile berri bat, alegia. Hau guztia liluragarria da. Baina hemen ez da fisiko esperimental baten lana bukatzen. Lan talde bat bideratu behar duzu ere. Nik, normalean, fisikoekin egiten dut lan. Postdoc-ak, kasu askotan. 30-35 urteko gazte bikainak. Eta hau guztia plazera da niretzat. Hala ere, badu bere alde iluna ere. Eta hau da finantziazioa bilatzearena. Bestalde, idaztearen lana ez da lana niretzat. Ezin diezaioket nire bizitzaren parte horri lana deitu. Nire ustez denok gara idazleak neurri batean edo bestean. Nik, hobeto pentsatzeko idazten dut. Niretzat, idaztea, hobeto pentsatzeko truku bat da. Fikzioa idazten dudanean ezberdina da. Sabinak esaten zuen bezala, fikzioa idaztea beste bizitza batzuk bizitzeko trukua da. Nire ikertzaile lana pribilegio bat bada, idaztea, pribilegioa ber bi izango litzateke.
– Zientzia eta literatura nahasten dituzu. Askotan esaten da zientzialariek gehiago dibulgatu behar dutela eta euren aurrerapenak jendeari hobeki azaldu behar dizkietela. Zure eredua gehiago zabaldu beharko litzatekeela uste duzu?
Nik uste gauzak banatzen ikasi behar dugula. Lehenik eta behin, zientzialari guztiak ez gaude material berarekin eginak. Hori argi dago. Badira futbolari batzuk futbolean oso onak direnak eta, badira beste jokalari batzuk, futbolean onak izateaz gain, oso abeslari onak ere izan daitezkeenak. Zientzialariek zientzia bakarrik egiten dutela esatea topiko bat besterik ez da. Zientzialariek, ia intelektual guztiek bezala, interes ezberdinak dituzte. Zientzia egiteaz gain, batzuek abesten dute, besteek kirola egiten dute, nik liburuak idazten ditut… Gertatzen dena zera da, normalean, denboraz oso gaizki ibiltzen garela eta, honenbestez, ezinezkoa zaigula nahi dugun guztia egitea.
– Bai. Baina argi dago zientzialariak bere lana dibulgatu beharko lukeela, ezta?
Nire ustez bi gauza ezberdindu behar dira. Zientzialariak nahi duena egin behar du. Gustukoa duena. Honela, ikertzeaz gain instrumentu bat jotzea gustatzen bazaizu, edota eskalatzeko gogoa baduzu, bada, aurrera orduan. Eta ondoren, dibulgazioarena dago. Nire ustez, zientzialari guztiek euren lana dibulgatzeko obligazioa dute. Euren erantzukizuna da…
– Obligazio hitza erabili duzu…
Bai, bai! Zalantzarik gabe. Lehen esan dudan bezala, nire lana pribilegio hutsa da niretzako. Eta, gainera, diru publikoarekin ordaintzen didate. Beraz, behartuta nago egiten dudana gizarteari azaltzera. Nire betebeharra da ordaintzen didanari egiten dudanaren berri ematea. Baina, gainera, gure obligazio hori ez da bakarrik gizarteak berak ordaintzen digulako. Gure lana dibulgatuz, gure lana hobetzen dugu. Egiten dudana hitz sinpleekin eta edonork ulertzeko moduan azaltzeko gai banaiz, nire buruari obligazio hori jartzen badiot, egiten dudanaren gainean hobeki erreflexionatzeko gai izango naiz. Dibulgatuz, zailagoa da autoatseginkerian erortzea.
– Gizartearen ezagutza eta zientziaren ezagutza abiadura ezberdinetan doazela askotan esan izan da. Bien artean alde handia dagoela sumatzen al duzu?
Beldur naiz baietz. Eta arrisku fuerte bat dugu: bien arteko diferentzia hori geroz eta handiagoa izatea. Badago Arthur C. Clarkek esandako esaldi oso esanguratsu bat: “Teknologia bat behar adina aurreratua bada, nekez desberdindu daiteke magiatik”. Eta gure gizartean dagoeneko hasia da hau gertatzen. Gure teknologia hain da aurreratua, non kaleko pertsonarentzat magia hutsa besterik ez baita. Pertsona asko hegazkin batera igotzen dira hegazkin honek nola funtzionatzen duen jakin gabe eta hau oso arriskutsua da. Duela 200 urte, negu hotza bagenuen, herriko zahar asko hotzez hilko lirateke. Edota katarro batekin. Gaur egun, ordea, ez da hau gertatzen. Zientziak aurrerapauso izugarriak eman dituen gizarte batean bizi gara eta zientziari esker askoz ere hobeto bizi gara. Hala ere, ez gara honetaz konturatzen. Aurrerapauso hauek ulertzen ez ditugunez, gizarteak uste du gauza hauek betidanik honela funtzionatu izan dutela. Honek badu berehalako ondorio bat. Kaleko pertsonak bere buruari galdetuko dio, “zergatik gastatu behar dut hainbeste diru zientzian?”. Jendea ez da konturatzen gaur egun garena, neurri handi batean, zientziari esker dela.
– Eta, orduan, nola txikitu genezake gizartearen ezagutzaren eta kaleko pertsonaren ezagutzaren arteko distantzia?
Klabea hiru hitz hauetan dago: dibulgatu, dibulgatu eta berriz dibulgatu. Hori da guztiaren gakoa.
Egileaz: Peru S. Gamarra kazetaria da