Joan den irailaren 8an, goizaldian, zehazki 03:22 UTC-etan, 4B ibilaldi luzea izeneko espazio-suziri txinatar bat ustekabean aireratu zen Taiyuan-Wuzhai kosmodromotik [1]. Tankera honetako jaurtitzea ez da oso ezohikoa, ez eta legez kanpokoa ere. Hala ere, deigarri samarra da, batez ere suziriaren zama erabat zibila dela esan dutelako: lurreko begirale modura jokatzen duen Yaogan 21 izeneko satelitea; agrimentsuran aritzen omen da, lehorra eta itsasoa neurtuz, kultiboak monitorizatuz, laborategiko zientzia-saioak eginez, eta hondamendi naturalen edo artifizialen iragarpenak eginez. Horrela ikusita, suziri honek antz handia dauka Landsat bezalako suziri amerikarrekin, Spot bezalako suziri frantziarrekin, edo Resurs-DK bezalako suziri errusiarrekin.
Baina lur-begirale izate hori oso badaezpadakoa da, zeren, jakina, horrelako gauzak egiten dituen satelite bat, satelite espioi zibil bat baita funtsean. Edo erabilera biko satelitea da. Edonola, esan beharrekoa da yankiak zein errusiarrak ez direla horretan makalak eta espezifikoki militarrak diren satelite espioiak egiten dituzte, eta onartua dute gainera hala egiten dutela. Beraiek, nahiago dute estrategia-arakatze modura izendatzea horrelako sateliteak. Israeldarrak ere, beren Ofeq delakoarekin, hori besterik ez dute ikusmiran, berariazko anbiguotasunari eutsi nahi baliote ere. Edonola, Yaogan izeneko hauek, 2006an jaurtitzen hasi ziren, eta Herri Errepublika Txinatarrak behin eta berriz esan du eskolako koaderno bat bezain zibilak direla.
“Ezta pentsatu ere” dio Mendebaldeak, Yaogan izenekoen ezaugarriek bat egiten dutela maiz satelite militarren ezaugarriekin. Berez, 1975-2006 tarteko FSW seriearen ondorengoak bide dira oraingo hauek. Eta txinatarrak ez dabiltza argudioetan eskas.
Yaogan Weixi hauek –urruneko sentsoredun sateliteek alegia- 1.040 kg-2.700 kg tartean dute pisua. Eta aukeran, zapore askotarikoak dira: Yaogan 1, 3, 6, 10, 13 eta 18 izenekoak, radar bidez funtzionatzen duten irekiera sintetikoko begiraleak dira, zeren eta guztiz argi hartzen baitira beren igorpenak. Orbita erretrogadoetan ari dira, 97-98º makurdura hartuta. Alegia, ia polarrak dira, eta eguzkiarekin sinkronizatuak eta zirkularrak, lurretik 502-666 kilometrora [2]. Badirudi bi modelo daudela, eta berriena dena, hau da Yaogan 18, 2013ko urriaren 29an aireratu zen.
Satelite radar hauek, aukera ematen dute lurrazalaren mapa bikainak egiteko. Izan ere, azal horretan den oro biltzen dute, euria, trumoiak edo bero-boladak barne. Maiztasunak eta bestelako ezaugarriak direla medio, lehorra eta itsasoa, eta izotza behatzeaz gain, eguraldia ere neur dezakete-Hainbat muga dituzte, baina objektuetan zehar zein lur azpian ikus dezakete. Antzerakoak lirateke besteak beste Amerika Estatu Batuetako Lacrosse direlakoak, Errusiako Kondor izenekoak, Alemaniako SAR-Lupe deritzenak (Frantziarekiko elkarlanaren ondorioak eta Errusiatik igorriak), edo Israelgo Ofeq 10 izena dutenak. Eragozpenik ote dute hauek? Bai, oso zaratatsuak dira era aktiboan emititzen dutenean, eta sentikorrak dira interferentziekin eta informatikako beste gaiztakeriarekin.
(Bide batez, beraiek gauza jakin bat ikustea nahi ez baduzu, jar ezazu gauzaren gainean bidoi batzuk, igerileku bat edo itsas ura daukan biltegi bat; zenbat eta geruza lodiagoa, hainbat eta ikusezinago. Uhinek nekez zeharkatzen dute ur gazitua. Horregatik erabiltzen dute urpekoek sonarra, eta ez radarra. Izan ere, sonarra soinu-uhinetan oinarritzen da eta uhin hauek uhin erradioelektrikoek baino hobeto zeharkatzen dute ura. Sateliteek ordea, ez daukate sonarra erabiltzerik, kanpoko espazioan dabiltzalako eta bertan oso aire gutxi dagoelarik, soinua ez da hara iristen. Hori bai, agerian geratzen da estali egin nahi den zerbait dela ur gaziaz estalita dagoen hori. Litekeena da ordea deskubritua ez izatea, estaldura behar bezain naturala bada: bainuetxe itxurako zerbait, itsas ura daukan igerileku osasuntsua…).
Gero baditugu betidanik ezagutu ditugun miatze moduak, hala nola argazkiak (eta bideoak), argi ikusgarrian, infragorriak edo ultramorean eginak. Hainbat satelite modelo daude, eta bi orbitatan funtzionatzen dute. Orbitak ia zirkularrak dira eta bata bestea bezain sinkronizatua dago eguzkiarekin, baina garaiera desberdinetan: gehienak 500 bat kilometrora daude, baina badira Lurra 1.200 kilometrotik ikusten duten hiru satelite. Ideia berbera ikusmiran plazaratu dira konstelazio-diseinu batzuk, bi aukera eskaintzen dituztenak: zonaldea ikuspegi orokorretik aztertu batetik, eta bestetik zehatz-mehatz arakatu gune interesgarrienak. Horrelakoak izango lirateke Crystal izeneko satelite amerikarrak, Persona edo Resurs izeneko satelite errusiarrak, Hélio-Pléiades europarrak, Ofeq 9 eta Eros israeldarrak, eta abarrekoak. Egia esan, diru-baliabideak dituzten guztiek dute horietako bat. Baita turkiarrek ere. Horien guztien artean, Txinak jaurtiki berria duen Yaogan 21 [3] hau izango litzateke modernoena.
Zibiltzat nekez har genezakeen hirugarren talde bat dugu. Satelite bakarrak izan beharrean, tripleteak dira kasu honetan, eta transmisio elektronikoko espioitzan erabiltzen dira. Azken hauek, Amerikako Estatu Batuetako NOSS izenekoen antzerakoak dira, eta bai etorkizuneko CERES frantziarren antzerakoak ere. Hiru izanda, hobeto triangelatzen da igorpenen jatorria, eta txinatarraren kasuan, baditugu Yaogan 9A/B/C, 10A/B/C, 17A/B/C eta 20A/B/C [4], joan den abuztuko 9an jaurtikiak. Besteak ez bezala, hauek 63.4º-ko orbita programatuetan dabiltza, Lurretik 1.100 kilometrora. Oso egokiak dira itsasontzien igorpenak detektatzeko, baian egia esan, edozein erradiokomunikazio detekta dezakete (erradioa, telefonia-antenak, mikrouhin-loturak…) edo baita edozein erradiolokalizazio (radarrak kasu).
Eta azken hauek ez dira bakarrak. Hor ditugu sei Shijan 11 horiek, besterik gabe satelite esperimental modura aurkeztuak. Batzuek, uste dute misil-erasoen aurkako alarma-sare aurreratu bat izan litezkeela. Sare honek oso goiz piztuko luke alarma. Azken hau egiten dute hain zuzen DSP amerikarrak edo Oko errusiarrak. Errusiar satelitea, joan den martxoko 31n igo zen espaziora. Baditugu era berean Shijian 15 eta 16, baina inork ez daki nolakoak diren…edo inor ez da ausartu nolakoak diren esaten. Zenbaiten ustez, espazioko zaborra miatzen dihardute. Hori oso baliagarria izango litzateke bide batez zarama ez diren beste hainbat objektu aztertzeko. Eta baditugu zibil hutsak diren Ziyuan 3 bezalakoak.
Behaketa-sistema hauetaz gain, mendearen hasieratik Txinatar Herri Errepublikak beste hainbat espazio-sare eraiki ditu. Izan ere, lurrean zein espazioan ugari dira zibilak edo militarrak diren telekomunikazio-satelite astuneko sareak. GPS amerikarraren edo GLONASS errusiarraren antzera, COMPASS nabigazio-sistema, askoz ere aurreratuago dago Galileo europarra baino. Zer esanik ez, badugu tripulaziodun programa bat: espazio-estazio beregain bat izango luke eta Shenzou espazio-ontziak ere. Azken hauek dira Soyuz horietaz gain jendea espaziora eraman lezaketen bakarrak. Ilargira bidali dituzte espazio-ontziak, eta behin hasita, Tutatis asteroidera eta Lur/eguzki sistemako Lagrangeko 2 gunera ere. Zazpi espazio-hiri dituzte, zazpi gune zientifiko-teknologiko alegia. Badirudi Xi’ango 26 basea eta Beijingko BACC direla kontrol-gune nagusiak, Yuanwang ontziek lagunduta. Eta batek daki batzuek eta besteek zer eduki dezaketen ezkutatuta.
Horretan guztian izango genuke Txinatar Herri Errepublikak mende honetan hain gustukoa duen, botere leun hori. Berez, bestelako superpotentzietara hurbiltzen ari dira beren espazio-guneetan aurrerapenak etengabe eginez. Edonola, garbi dago gertuko Japonia edo India gainditu dituztela. Bestalde txinatar programa eta europar programak oso desberdinak dira, baina betikoak, hau da, AEB eta Errusia urduritzen hasiak dira. Hau guztia, nire ustez, ona da. Gizakiok lehia bat behar badugu aurrera egiteko, hala izan bedi. Nik oraindik ere itxaropena daukat txikitan inola ere ezin irudika nitzakeen gauzak ikusteko. Izan ere, nire birramonak ez zuen inoiz imajinatuko egunen batean hegazkinak ikusiko zituela zeruan barrena. Eta birramona kultua nuen, jakin-minez betea.
Erreferentziak
[1] Barbosa, R. C.: Long March 4B lofts Yaogan-21 in surprise launch. nasaspaceflight.com-en 2014ko irailaren 8an.
[2] Gunter’s Space Page: Yaogan 1, 3, 10; Yaogan 6, 13, 18.
[3] Gunter’s Space Page: Yaogan 2, 4, 7, 11; Yaogan 5, 12, 21; Yaogan 8, 15, 19; Yaogan 14.
[4] Gunter’s Space Page: Yaogan 9, 16, 17, 20.
Egileaz: Antonio Cantó (@lapizarradeyuri) La pizarra de Yuri blogaren egilea da.
Juan Carlos Odriozolak euskaratu du artikulua.