Zabor espaziala

Dibulgazioa

Gizakiak 6.600 satelite inguru jaurti ditu azken ia 60 urteotan, eta horrek guztiak eragin duen zabor espaziala arriskutsua da oso. Espazio agentziak hasiak dira satelite jasangarriagoak eraikitzen, baina hori ez da aski hamarkadotan sortutako kuxidadea txukuntzeko. ESA misio bat prestatzen ari da horretarako: satelite zaharrak arpoien bidez biltzea da asmoa.

2009ko otsailaren 10ean, Iridium 33 eta Kosmos-2251 izeneko bi satelite artifizialek talka egin zuten. 776 kilometroko garaieran gertatu zen istripua, Siberia parean, eta inoiz gertatutako mota honetako aurreneko ezbeharra izan zen. Segundoko 11,7 kilometroko abiaduran izan zen talka, eta ondorioz, bi sateliteak txiki-txiki eginda geratu ziren. Puska horiek Lurraren orbitan itzulinguruka jarraitzen dute.

Zabor espazialaren arazoa agerian uzten duen adibide paradigmatikoa da hori. Izan ere, gizakia duela ia 60 urte hasi zen espazioa bertatik bertara esploratzen, eta Ilargian ez ezik, nonahi utzi du bere aztarna. Hamarkadotan 6.600 satelite inguru bidali ditugu, eta horietako asko eta asko hor zehar geratu dira, haien misioa aspaldi bukatu bazen ere. Nagusiki horren ondorio da zabor espaziala. Europako Espazio Agentziaren (ESA) arabera, hamar zentimetro baino handiagoak diren 29.000 pieza, zentimetro bat baino handiagoak diren 670.000 eta milimetro batetik gorako 170 milioi puska baino gehiago daude barreiaturik.

1. irudia: Zabor espaziala islatzen duen irudia. Argazkia: ESA
1. irudia: Zabor espaziala islatzen duen irudia. Argazkia: ESA

Zorionez, 2009ko talka horren modukoak ez dira oso ohikoak izan orain arte; batzuetan zoriak eta beste batzuetan espazio agentzien eskuhartzeek saihestu dute halako istripuak maizago gertatzea. Berez, eztanden ondorioz dago zabor espaziala hainbeste puska txikiz osatua, talkengatik baino gehiago. Eztanda horien eragile nagusia erregai hondarrak dira. Suziri edo satelite batek bere lanak bukatzen dituenean, hura martxan egoteko behar zen erregaiaren soberakinak deposituan geratzen dira. Baina espazioa ez da ingurune atsegina, eta kalteak, isuriak eta nahasketak eragin ditzake denboraren poderioz. Erregaiak su hartzea ekar dezake horrek guztiak, eta eztandaren ondorioz, depositua eta inguruko gailuak txiki-txiki egin.

ERS-2 satelitea

Espazio agentziek ez diote sateliteak bidaltzeari utziko, baina hemendik aurrerako misioetan, neurriak hartu beste erremediorik ez dute. Mendizale zintzoek hamaiketakoa bukatutakoan egiten duten bezala, nor bere zaborraz arduratzea da lehenbiziko urratsa. Kasu honetan ez da mendian bezain erraza, noski, baina badaude horretarako mekanismoak.

ESAren ERS-2 satelitea da horren adibide. 1995ean hasi zuen misioa, eta lurrazala eta atmosferari buruzko askotariko datuak biltzea zuen helburu. 2011n bukatu zituen bere lanak. 785 kilometroko garaieran zegoen orduan, eta bertatik jaistea zen lehenengo erronka, hor baitago beste sateliteekin eta zabor espazialarekin talka egiteko arrisku handiena. ESAko kideek 573 kilometroko garaierara eraman zuten satelitea, 66 mugimendu oso zorrotz egin eta gero. Hala ere, eztanda arriskuak hor jarraitzen zuen oraindik, eta hori desagerraraztea izan zen hurrengo urratsa.

Sobera zegoen erregaia agortzea zen gakoa, eta horretarako satelitea gora eta behera mugiarazten aritu ziren modu kontrolatuan, dena xahutu arte. Bai eta bateriak deskonektatu eta transmisoreak itzali ere. Hala, satelitea garaiera segurura jaitsita eta eztanda arriskua murriztuta, bere kabuz jaisten jarraituko duela aurreikusi du ESAk, eta hamabost urteren buruan atmosferan sartu eta desintegratu egingo dela.

2. irudia: ESA eraikitzen ari den arpoia. Irudia: ESA
2. irudia: ESA eraikitzen ari den arpoia. Irudia: ESA

e.DeOrbit misioa

Gaur egun espazio agentziak hartzen hasi diren prebentzio neurriekin ez da nahikoa, ordea. NASAk egindako ikerketa batek erakusten duenez, hemendik aurrera espaziora ezer ez bidalita ere, 50 urteotan bildutako zabor espazial kopurua gehiegizkoa eta arriskutsua da. Sateliteek edo horien gailuek espazioan noraezean zenbat eta denbora gehiago igaro, orduan eta arrisku handiagoa dago eztanda edo talka egiteko; eta halakoak gertatzen direnean piezak txikitu eta ugaritu egiten direnez, beste piezaren batekin talka egiteko probabilitatea handituz doa. Hori horrela, ezinbestekoa da ahalegin aktibo bat egitea dagoeneko misioa bukatu duten satelite horiek espaziotik ateratzeko, eztanda egin baino lehen.

Horretarako, ESAk arpoi moduko bat baliatzea proposatu du, 2021ean espaziora bidaliko duen e.DeOrbit misioan. Punta-puntako sentsoreak eta kontrol autonomorako sistemak izango dituen satelite honek noraezean dabiltzan sateliteak identifikatzeko ahalmena izango du. Gero satelite hori nola harrapatu, hor dago koska. Probatu dituzten aukeren artean, arpoiaren alde egin dute azkenean. Probak egin eta prototipoak hobetzen jardungo dute ESAn hurrengo urteetan, zazpi urte barru zabor espaziala biltzeko sistema eraginkor bat martxan jartze aldera.


Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.