Arrantza eta akuikultura munduan

Dibulgazioa · Kolaborazioak

2018an, munduan 97 milioi tona (Mt) arrain, krustazeo eta molusku harrapatu ziren. Hazkuntzaren bitartez 82 Mt ekoitzi ziren. Beraz, animalia urtarren ekoizpen osoa 179 milioi tonakoa izan zen. Kopuru horretatik 22 Mt arrain irinak eta olioak ekoiztera bideratu ziren, beraz, 157 Mt giza kontsumorako izan ziren. Azken mende erdian, arrainaren kontsumo orokorra urtean % 3,1 hazi da; ia populazioaren bikoitza (% 1,6). 2018an, gizaki bakoitzak, batez beste, 20,5 kg arrain kontsumitu zituen; 1961ean kontsumitutakoaren (9 kg) bikoitza baino gehiago. Hala dago jasota FAOk munduko akuikultura baliabideei buruz egiten duen bi urtean behingo txostenean.

akuikultura
Irudia: 1995. urtean FAOk Arrantza Arduratsurako Jokabide Kodea onartu zuen eta handik hogeita bost urtera, arrantza- eta akuikultura-baliabideak arduraz erabiltzearen garrantzia onartu eta lehenetsi da. Kodeak nazioarteko tresna, politika eta programen garapenari buruzko informazioa eskaintzen du, mundu mailan, eskualde mailan eta nazio mailan kudeaketa ahalegin arduratsuak bultzatzeko. (Argazkia: Jacek Kijewski – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Akuikulturak ekoizpen osoaren % 46 eman zuen, baina gizakien kontsumoari bakarrik erreparatzen badiogu, % 52ra igo zen horren ekarpena. Joan den mendeko 1980ko hamarkadatik etengabe hazi da ehunekoa. Aldiz, arrantza harrapaketen kopuru osoa gutxi-asko egonkorra izan da orduz geroztik. Arrain ekoizpenaren igoera, batez ere, Asiako –nagusiki, Txina– ur kontinentaletako hazkuntzaren ondorioz izan da. 1980ko hamarkadaren aurretik, akuikulturako ekoizpenaren zati handiena, alde handiagatik, itsasotik zetorren eta, nahiz eta oraindik itsasoa den arrain hornitzaile nagusia, ur kontinentalek gero eta garrantzi handiagoa dute, hain zuzen ere, akuikulturaren ekarpenaren ondorioz.

Herrialde garatuak 1961ean pertsonako 17,4 kg kontsumitzetik (PCK) 2017an 24,4 kg kontsumitzera igaro gara (kontsumo handiena 2007koa izan zen, 26,4 kilokoa). Aldiz, garabidean dauden herrialdeetan 1961ean 5,2 kiloko PCKa izatetik 2017an 19,4koa izatera igaro dira. Herrialde txiroenetan ere handitu da kontsumoa, baina gutxiago: 1961ean 4 kiloko PCKa izatetik 2017an 93 kilokoa izatera igaro dira.

2018an gehien harrapatu zen espeziea antxoaren antzeko den antxobeta, Engraulis ringens, izan zen (7 Mt), Theragra chacogramma Alaskako bakailaoa ondoren (3,4 Mt) eta lanpo sabelmarraduna, Katsuwonus pelamis, hirugarren (3,2 Mt). Sekuentzia horrek espezie taldeen, arrain txiki pelagikoen, bakailaoen eta antzekoen eta atunaren familiakoen garrantzia –ordena horretan– egoki islatzen du. Akuikultura kontinentala ur gezako arrainetan oinarritzen da (47 Mt), batez ere, espezie iragazleetakoetan (8 Mt); itsasoko akuikulturan, berriz, moluskuak dira (17,3 Mt) baliabide nagusia, arrainen (7,3 Mt) eta krustazeoen aurretik (5,7 Mt).

Gaur egun, arrantza stocken % 66 biologikoki jasangarriak dira (1974an % 90 ziren), baina zati handiena (% 60) mugan dago, ekoitzi bezainbeste arrantzatzen baita. Egoera okerrenean dauden arrantza eremuak Mediterraneoan eta Itsaso Beltzean daude (stocken % 62,5 maila ez jasangarrian daude); stock jasangarriak dituzten eremuen zati handiena, berriz, Pazifikoan dago (Pazifikoaren hego-ekialdea kenduta).

Datu multzo horren aurrean, nire ondorioak honako hauek dira:

  1. aurrera egiten ari diren herrialdeetan arrain kontsumoa hazten ari da;
  2. munduko eskaeraren hazkundea, batez ere, akuikulturako baliabideen bidez asetzen da, espezie gehienen stockak mugan daudelako;
  3. natura baliabideak biologiaren eta populazioen dinamikaren ezagutzan oinarrituz kudeatu behar dira ezinbestean, epe ertain-luzean kudeaketa hori jasangarria izateko;
  4. eta ezagutzan inbertitzen jarraitu beharko da, akuikulturaren bidez gizakien arrain eskaera gero eta handiagoa asetzeko eta hori jarduera horien ingurumen inpaktua minimizatuz egin beharko da.

Erreferentzia bibliografikoa:

FAO. (2020). The State of World Fisheries and Aquaculture. Sustainability in accion. Roma, Italia: Nazio Batuen Elikadura eta Nekazaritza Erakundea (FAO).


Egileaz:

Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.