Itsasoetako babes guneak arrantza ziurtatzeko gakoak

Dibulgazioa · Kolaborazioak

AEBtako ekologoek egindako ikerketa batek dio itsasoetako babes guneen kudeaketa egokia eginez gero arrantzaleak ere garaile aterako direla. Espezie zehatzak babestea baino, ekosistemak babestuko dituzten eremuetan dago koska.

Ameriketako Estatu Batuen presidentetza uzteko hilabete batzuk baino falta ez zirenean, bat-batean, Barack Obama presidente zenak ezusteko mugimendua egin zuen. 2016ko abuztuan, Hawaiiko Papahanaumokuakea Monumentu Nazionala izeneko itsas babes gunearen zabalera nabarmenki handitu zuen: eremua 360.000 km karratu izatetik 1.510.000 km karratu izatera igaro zen; munduko handienetakoa, hain zuzen, Antartikan dagoen Ross itsasoarekin batera.

Halako erabakiak, ordea, ez dira beti ongi etorriak sektore guztietan. Kasu horretan, Hawaiiko arrantzaleak kexu azaldu ziren, erabakiak haien interesen kontra jotzen zuelakoan. Aspalditik errepikatzen den prozesua da, kontserbazioaren eta ustiapen ekonomikoaren arteko oreka mantentzea inoiz ez baita erraza.

Ekologo talde batek egindako eredu teoriko baten arabera, ordea, babes gune hauen kudeaketa egokia eginez gero, arrantzaleek ere onura gehiago eskuratuko lituzkete. Ekologian erabiltzen diren eredu matematikoak baliatu dituzte arrainen kopurua, mugimenduak, jaiotze-tasak eta bestelako adierazleak kalkulatzeko. Besteak beste, ondorioztatu dute babes guneetan arrainak hobeto hazten direla. Horrez gain, arrainak zein planktona babes gune horietatik kanpora ateratzen direla ere, arrantzaleen onurako. Arazoari ekiteko eredu hau, arrantzaren kudeaketan erabiltzen diren beste ereduak baino egokiagoak omen dira. Abuztuan argitaratu dute ikerketa, PNAS aldizkarian.

1. irudia: Ekologoek diote babes eremuak eraginkorrak direla onura ekonomikoak eta ekologikoak aldi berean eskuratzeko. (Argazkia: Matt Alaniz/Unsplash)

Artikuluan zehaztu dutenez, orain arte arrantzaren kudeaketan “lorpenak eta akatsak” tartekatu dira. Akatsei dagokienean, “zientziaren, politikaren eta kudeaketaren mugak” agerian gelditu direla diote. Adituen aburuz, arreta gehiegi jarri ohi da espezie zehatzetan, ekosistemetan jarri beharrean. Ekologoek arreta berezia jarri dute arrain bazterkinen arazoan, “arrantzaren kudeaketak aurrean duen erronkarik handienetakoa”, zehaztu dutenez.

Arrantzaleek eskuratzen dituzten arrain guztiak ez dira portuetara heltzen, sareetan harrapatutakoaren zati bat ez delako kontsumorako egokia. Fenomeno horri arrain bazterkina deitzen zaio. FAO Nazio Batuen Elikadura eta Nekazaritza Erakundearen estimazioen arabera, arrantzan harrapatutako biomasaren %8 betiko galtzen da.

Hamarretik bat, alferrik

Batez bestean, FAOk kalkulatu du 7,3 milioi tona galtzen direla urtero. Beste balioespen batzuek zifra handiagoak kalkulatzen dituzte, eta baztertutako biomasa ia 10 milioi tona direla diote. Kopuru handia izanda ere, duela hainbat hamarkada askoz handiagoa zen. 1989an puntu gorenera heldu zen. Urte horretan, arrantzaleek 18,8 milioi tona arrain kareletik behera bota zituzten.

Bazterkinen erdia inguru izkiren eta, oro har, itsas ondoan bizi diren arrainen arrantzan gertatzen da. Kasu hauetan, orokortuta dago arraste arrantza. Ekologistek askotan kritikatu dute arrantza mota hau, itsas hondoan dagoen guztia akabatzen duela argudiatuz.

2. irudia: Gobernuek kuotak erabili ohi dituzte arrantza arautzeko eta espezieak babesteko. (CC BY-3.0-ES 2012 / EJ-GV / Irekia-Eusko Jaurlaritza/Mikel Arrazola)

Arazo honi aurre egiteko, gobernuek kupoen politika martxan jarri ohi dute. Horren bitartez, orotara arrantzaleek eskuratu ahal dituzten arrainen kopurua gutxitu egiten da, egoera onean zein egoera kaxkarrean dauden espezieak bereizi gabe. Ondorioz, egoera onean dauden espezieen harrapaketak ere gutxitzen dira, eta horrek arrantzaleei kalte ekonomikoa eragiten die.

Ekologoek 2000ko hamarkadaren hasieran AEBtako mendebaldeko kostan gertatutakoa ekarri dute gogora. Orduan, itsas hondoko arrantza ahitu zen, eta arrantzaleek beren harrapaketak asko gutxitu behar izan zituzten, gehiegi ustiatutako espezieek berreskuratzeko aukera izan zezaten.

Ondo diseinatutako babesguneak, espezie ahulen aterpea

Egoera honen aurrean aterabide bat proposatu dute: itsas eremuak erabiltzea espezierik ahulenak babesteko. “Eredu honen arabera, denak garaile ateratzen dira”, laburbildu du Alan Hastings ekologoak, artikuluaren egile nagusia. UC Davis Unibertsitateko (AEB) aditu honen esanetan, era honetan aukera egongo litzateke arrantzaleek eskuratu nahi dituzten espezieak jasotzeko eta, aldi berean “populazio ahulenak babesteko”.

Arrantza tasa altuegiak nozitu behar dituzten espezie asko bizi iraupen luzea dute, eta ugaltzeko denbora dezente behar dute. Hau, batez ere, garrantzitsua da itsas hondoan bizi diren espezieen kasuan. Egileek ondorioztatu dute itsas eremu babestuetan espezie guztiak, bai ahulak zein indartsuak, askoz hobeto hazten direla, eta, ondorioz, biomasa gehiago sortzen dela.

Ikerketan hainbat espezie hartu dituzte eredutzat. Batetik, arrantzaleek kopuru handitan ustiatzen duten mihi-arraina (Microstomus pacificus), egoera onean dagoen espezie gisa. Bestetik, egoera ez hain onean dauden beste espezieak ikertu dituzte. Hauei gehiegizko arrantzak kalte egin diete: Sebastes alutus, Sebastes crameri, Sebastes paucispinis eta Sebastes ruberrimus espezieak. Guztiak itsas hondoetan bizi diren arrainak dira.

Adituek diote babestutako eremuek laguntzen dutela mihi-arrainaren arrantza mantentzen eta, aldi berean, ahulagoak diren espezien berreskurapena ahalbidetzen. Horrela, babes eremuen kudeaketa egokia eginez, onura ekonomiko eta ekologikoak bateratzeko bidea zabaltzen dela diote: “orokorrean, eta espezie asko tartean dauden inguruetan, ikusi dugu ondo diseinatutako babes eremuen erabilerarekin eta horietatik kanpo arrantzaren kudeaketa arretatsuarekin onura ekologikoak eta ekonomikoak lortzen direla“, laburbildu dute artikuluan.

Erreferentzia bibliografikoa

Alan Hastings, Steven D. Gaines, and Christopher Costello. Marine reserves solve an important bycatch problem in fisheries. PNAS 2017 114 (34) 8927-8934; published ahead of print August 9, 2017, DOI:10.1073/pnas.1705169114


Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

1 iruzkina

  • […] dio itsasoetako babes guneen kudeaketa egokia eginez gero arrantzaleak ere garaile aterako direla. Ikerketa horren bitartez, ondorioztatu dute babes guneetan arrainak hobeto hazten direla. Horrez gain, arrainak zein planktona babes gune horietatik kanpora ateratzen direla ere, […]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.