Geroz eta interkonektatuagoa dagoen mundua, eta datuak eta datuotatik ateratzen den informazioa balio ekonomiko izugarria duten baliabideak dira. Bestalde, interkonexio horrekin berarekin, hacker gaizkileen* taldeek urrutitik kaosa sortzeko edo erreskateak eskatzeko erasoak egin ditzakete.
Gaizkile horiek egin dezaketen jardueretako bat gauzen trazabilitatea aldatzea da. Adibidez, produktu bat leku eta egun jakin batean eta eragile jakin batek fabrikatu zuela adierazten duten erregistro guztiak aldatu ditzakete. Horren guztiaren erabilgarritasuna oso nabaria da modu kriminalean pentsatzen badugu; produktu hori pasaporte faltsu bat, lehergaien kargamentu bat edo sendagai sorta akastun bat izan liteke. Era berean, gaizkileek salgaien helmuga aldatu ahalko lukete, bakar-bakarrik erregistroetan salgai horien datuak moldatuz.
Azken horren kasu bereziki kezkagarri bat –gutako edozeini gerta dakiokeelako bereziki mingarria zaigun gai batean– honako hau litzateke: inork gure kontu korronteetako diruaren zainketa katea edota gure finantza aktiboen jabetza aldatzea, gure identitatea ordezkatzetik hasita. Arrisku horri buruzko azpigenero bat eta guzti dago zineman.
Zibersegurtasunak gure identitatea babesten du sarean, eta gurea denaren eskuragarritasuna geuk bakarrik izatea bermatzen du. Horri dagokionez, oso baliagarria litzateke transakzioen katea aldatzeko saiakera guztiak berehala eta automatikoki agerian utziko lituzkeen eta katea aldaezin bihurtuko lukeen prozedura bat izatea. Prozedura hori eta horri lotutako teknologia badago jada: blockchain deitzen da. Zalantzarik gabe, termino hori kriptodiruarekin eta, zehazki, bitcoinarekin lotzen dugu.
Iñaki Úcarrek blockchaina zer den azaldu du:
Blockchaina 2009an sortu zen, deszentralizatutako diru birtualeko sistemen ohiko arazoetarako irtenbide gisa: gastu bikoitzaren arazoa, hain zuzen ere. Dibisa tradizionalek zuzen funtziona dezaten arduratzen den erakunde bat dagoelako funtzionatzen dute, hain zuzen, eta ekonomia eta finantza sistemak erakunde horretan konfiantza dutelako (adibidez, Europako Banku Zentrala). Internet eta sistema sakabanatuak ezarri zirenetik konfiantzazko bitartekari baten mende egongo ez diren dibisa digitalak garatzeko interesa sortu zen, baina, irtenbide guztiek arazo bera dute, gastu bikoitza: hau da, moneta bera (dibisaren “oinarrizko unitate” gisa ulertuta) behin baino gehiagotan faltsifika eta gasta daitekeela. 2009an, bitcoina sortu zuenak (Satoshi Nakamoto ezizenarekin) ikuspegi hirukoitz batean oinarritutako irtenbide bat proposatu zuen: transakzio guztiak publikoki partekatzen dira, transakzio baliozkoak lan probako (proof of work) sistema baten bidez zehazten dira eta ekonomikoki sustatzen da sistemari egiten zaion ekarpena (meatzarien bidez).
Hiru zutabe horiek blockchain teknologian bateratzen dira, hau da, oso jakinak diren eta garatuak dauden bi teknika batzen dira: Merkle zuhaitzak eta kriptografia (sinadura digitalarekin, pasahitz publikokoa eta hash funtzioak dituena). Merkle zuhaitza 1979an Ralph Merklek sortu eta patentatu zuen egitura bat da. Bere xedea informazioa kateatzea da, non nodo zehatz batek bertan kargatutako informazio guztia modu seguru eta eraginkorrean egiaztatzea bermatzen baitu. Aplikazio asko ditu, besteak beste, P2P sareetan artxiboak trukatzea, edo bertsioen kontrolerako softwareetan, adibidez, Git sisteman. Blockchaina bloke kate bat da oinarrian (Merkle modukoa, baina, printzipioz, adarkadurarik gabea), eta sinadura digitala gehitu zaio transakzioetako parte hartzaileak zein diren jakiteko.
Blockchain teknologia mota guztietako datu kateatuen –produktu baten trazabilitate seguruari dagozkionak, adibidez– edukiontzi moduan erabil daiteke. Tecnalia zentroan Traceblock blockchaina garatzen ari dira; horri esker, produktu sorta jakin baten egoerari buruz ikuspegi bakarra eskuratzeaz gain, hornidura kate osoarena ere eskuratu liteke. Jatorriaren bermea ezin da aldatu: kateko partaide bakoitzak idazten/sinatzen du, eta bere informazioaren, zeina bat datorren blockchaineko ekintzen katearekin, egiazkotasunaren erantzule da.
Oharra:
* Hacker guztiak ez dira gaizkileak.
Egileaz:
Cesár Tomé López (@EDocet) zientzia dibulgatzailea da eta Mapping Ignorance eta Cuaderno de Cultura Cientifica blogen editorea.
Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.