Gaueko zerua behatzeak ia Fiammetta Wilson (1864-1920) astronomoa akabatzen du. Gerran, polizia batek Alemaniako espioi batekin nahastu zuen Fiammetta, linterna moduko bat erabiltzen zuen erregistro astronomikoak egiteko, eta poliziak pentsatu zuen argi harekin zepelinak seinalatzen zituela. Ozta-ozta libratu zen hiltzeaz, auskalo, agian izar iheskor bati desio bat eskatuko zion eta horrek lagundu zion. Ez da zaila, milaka ikusi baitzituen.
Ez zen hiltzeaz libratu zen une bakarra. Esaten dutenez orduak ematen zituen etxeko lorategian behaketak egiten, aire zabalean eta bere auzoan atsedenik gabe erortzen ziren bonben metraila saihestu zuen hainbatetan. Bai, Lehen Mundu Gerra zen baina berak zeruko izarrei begira ematen zituen orduak, ez hegazkin bonbaketariei.
Fiammettaren une ia tragikoek ederki erakusten dute haren adorea, espazioa ikuskatzeko beharra (baita zerua lainotuta zegoenean ere) ordu luzez, besterik kontuan hartu gabe.
Alice Grace Cook astronomoa izan Fiammetta Wilsonen lankidea izan zen eta hark esaten zuenez Fiammettaren “espiritu ausartak” ahalbidetu zion besteek huts egin zuten lekuan arrakasta izatea. Egia esan, ez zegoen ezer heroikorik astronomoan, nahiz eta epikoa zuen guztia bere izena zen —Fiammetta (sugarra) izeneko pertsona batek ezin du oharkabean pasatu—. Hala ere, arrakasta ez da pertseberantziarekin eta lan isilarekin bateraezina; haren lana oso garrantzitsua izan zen, baina haren oihartzuna itzali egin zen ageriko arrazoirik gabe.
Fiammetak aurorak, argi zodiakala, kometak eta meteoroak aztertu zituen (fenomeno argitsu hori meteoroide batek Lurraren atmosfera zeharkatzen duenean gertatzen da, eta lagunartean, “izar uxo” edo “suzko bola” deitzen zaio). Bere lana egiteko, egurrezko plataforma bat eraiki zuen lorategian; horri esker, espazioa ikusi ahal izan zuen zuhaitzen adaburuen eragozpenik gabe. 1910ean Britainia Handiko Astronomia Elkarteko (British Astronomical Association) kide bihurtu zen eta ordutik 1920ra arte, hil zen arte, 10.000 meteoro behatu zituen, eta 650 meteoroen ibilbideak kalkulatu zituen zehatz-mehatz. 1916tik 1919ra bitartean, Astronomia Elkarteko Meteoroen saileko zuzendari ere izan zen, Alice Grace Cookekin batera.
Musikatik zientziara
Lowestoften (Ingalaterra) jaioa, Fiammettak etxe-irakasle batekin ikasi zuen etxean, eta Lausana hirian (Suitza) eta Alemaniako ikastetxe batean osatu zuen bere prestakuntza akademikoa. Han, urte batez ikasi zuen.
Txiki-txikitatik aita (medikua zen) ahalegindu zen alabarengan natur zientziekiko maitasuna sustatzen. Aldiz, Fiammetta hizkuntzetan eta musikan nabarmendu zen. Izan ere, orkestra-zuzendari arrakastatsu eta hizkuntzalari ospetsua izan zen. Baina Alfred Fowler astronomoak 1910ean Imperial College Londonen eman zituen klase batzuetara joan ondoren, pentagramak eta letrak albo batera utzi eta kalkulu astronomikoetan murgildu zen. Bat-bateko maitemina izan zen.
Britainia Handiko Astronomia Elkartean behatzaile gisa aritu ondoren, Royal Astronomical Society-ko kide hautatu zuten 1916an. Gogoan izan behar da XIX. mendean elkarte horrek ohorezko beka eman ziela Caroline Herschel eta Mary Somerville zientzialariei, baina erakundeak uko egin zion emakumeak eskubide osoko kide gisa onartzeari. Gerra Handiaren ondorioz postu zientifiko gehienak emakumeen esku geratu ziren, honek pixkanaka aldaketak ekarri zituen eta emakumeen lanaren merezitako aintzatespena bultzatu zuen.
Urte horretan bertan, Fiammetta Société d’astronomie d’Anvers eta Frantziako Elkarte Astronomikoko kide bihurtu zen. Garai hartan, bere behaketen inguruko artikulu zientifikoak idatzi zituen, eta horietako bi Elkarte Astronomikoan argitaratu zituen. 1920an, E. C. Pickering beka eman zioten Harvard Collegeko Behatokian ikertzaile gisa lan egiteko, baina, zoritxarrez, hil eta berehala jakinarazi zuten berria.
Erraza da Fiammetta udako gau batean bere lorategian imajinatzea, behaketetarako egin zuen egurrezko plataformaren gainean zeruari begira. Ez du galdu nahi zeru zabal horretako ezertxo. Erne eta lasai; bera da, zalantzarik gabe, gaua zaintzen duen astronomoa.
Iturriak:
- Obituaries: Mrs. Fiammetta Wilson, Journal of the British Astronomical Association, 30 (1920) 330-331.
- Briggs, Helen (2016). Las mujeres que vigilaban el cielo mientras los hombres estaban en la guerra, BBC, 2016ko martxoaren 12.
- Bailey, Marilyn eta Harvey, Joy Dorothy (2000). Wilson, Fiammette Worthington, Bibliographical Dictionary of Women in Science liburuan (2. liburukia, 1385. orrialdea). Routledge.
- Briggs, Helen (2016). Las mujeres que vigilaban el cielo mientras los hombres estaban en la guerra, BBC, 2016ko martxoaren 12.
- National Schools’ Observatory, Fiammetta Wilson.
- Wikipedia, Fiammetta Wilson.
Egileaz:
Uxue Razkin kazetaria da.