Giza eboluzioaren historia osoa uharte batean

EHUko ikerketa

nuraghe_ruju

Giza espeziea noiz sortu zen eta nola garatu zen argitu du 1.200 sardiniarren Y kromosomaren sekuentziazio osoak

Nazioarteko talde batek, UPV/EHU ere tartean dela, Science aldizkarian argitaratu du ikerlana

Sardiniako tamainako uharte batean giza eboluzioaren historia osoa azter daiteke. Nazioarteko zientzialari talde batek 1.200 sardiniarren Y kromosoma osoa sekuentziatu du eta 12.000 bat mutazio aurkitu ditu, erdiak inguru erabat berriak. Horiei esker, gure espeziea nola sortu zen eta nola hedatu zen jakiteko informazio garrantzitsua lortu dute ikertzaileek. Science aldizkarian argitaratu da ikerlana eta Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Santos Alonso ikertzailea da ikerketan parte hartu duten zientzialarietako bat.

Giza genomak aldaerak ditu pertsonen arabera; horixe izan da azterlanaren oinarria; izan ere, ausazkoak diren baina, aldi berean, heredagarriak diren aldaketa biokimikoak, edo, bestela esanda, mutazioak, izaten baititu DNAk. Mutazio horiek oso lantzean behin gertatzen dira, baina ehun germinalean (espermatozoide eta obozitoei bide ematen dien horretan) gertatuz gero, belaunaldiz belaunaldi transmititu eta metatu egiten dira. Hain zuzen ere, gizakiok heredatu egiten dugu gure arbasoengan iraganeko hainbat unetan gertatutako mutazioen multzoa.

Horrez gain, mutazio horiek zein abiadurarekin gertatzen diren jakinez gero, gizakien populazio taldeak banatu zireneko denbora-tarteen kalkulua egiten laguntzen digun “erloju molekular” moduko bat lor daiteke. Azterlan honen lehenengo egilea den Paolo Francalacci Sassariko Unibertsitateko Genetikako katedradunaren hitzetan, “Y kromosoma bereziki egokia da, DNAn oinarriturik iraganeko gertakari demografikoak berregiteko; izan ere, beste kromosoma batzuk ez bezala, Y kromosoma gizonetan eta kopia bakarrean baino ez baita aurkitzen. Ondorioz, Y kromosoman gertatzen diren mutazioak Y kromosoma berean geratzen dira (birkonbinaziorik ez dagoelako), eta horregatik, errazagoa da mutazio horiek nola metatu diren berregitea. Horrela, bada, haien jatorria identifikatzen lagundu digute sardiniarren Y kromosoman aurkitu ditugun mutazioek. Egindako kalkuluen arabera, giza espezie duela 180.000-200.000 urte sortu zen Afrikan eta gero, Europan -Sardinian ere- finkatu ziren haien ondorengotako batzuk.”

Izan ere, Sardiniako laginean Saharaz hegoaldeko A leinuaren arrastoak aurkitu dituzte, hots, Afrikako leinu zaharrenetako eta nagusienetako batenak. Zientzialariek ondorioztatu dutenez, Y kromosoman egun ikusten den aniztasun guztia sortzeko 200.000 urte inguru behar izan dira. Zifra hori Y kromosomaren aldakortasunaren jatorrirako proposatu diren beste aro batzuk baino zaharragoa da; hala ere, antzinatasun hori bat dator, erabat gainera, DNA mitokondrialaren azterketeetatik ondorioztatzen denarekin. Y kromosoma bezala, mitokondrioetakoko DNA ez da birkonbinatzen (horregatik oso erabilia izaten da eboluzioa aztertzeko), baina kasu honetan amaren bidez transmititzen da eta soilik alabek transmiti diezaiekete beren ondorengoei.

Italiako Ikerketa Kontseilu Nazionaleko (CNR) Genetika eta Biomedikuntzako Ikerketako Institutuko (IRGB) zuzendari eta Sassariko Unibertsitateko Genetika Medikoko katedradun Francesco Cuccaren esanetan, “Sardiniako populazioak bakarrik Europako populazioetan dagoen bariazio genetikoaren zatirik handiena biltzen du. Horregatik, baliabide baliotsua da bai gure jatorria ulertzeko, baita, esaterako, hainbat gaixotasunen arrisku genetikoan eragina duten faktoreak aztertzeko ere.”

Horrela, bada, ikertzaileek 110.000 urteko antzinatasuna ezarri diote Afrikakoa ez den Y kromosomaren leinu nagusiari, F-R izenekoari, eta hori bat dator afrikarrak ez diren Homo sapiens arkaikoaren arrastoen antzinatasunarekin. Bestalde, Y kromosomaren leinu europarren azpitalde nagusiak duela 14.000 eta 24.000 urte bitartean hasi ziren bereizten, gutxi gorabehera, eta hori bat dator duela 18.000 bat urte izandako glaziazioaren ondoren Europa berriz kolonizatu izanarekin.

DNA sekuentziatzeko teknologian eta analisi teknologian izan diren aurrerapenei esker egin ahal izan zen ikerketa hau; izan ere, aurrerapenok izan baitziren mutazioak identifikatzeko eta mutazio tasak ondorioztatzeko bidea eman zutenak. Lana hainbat herrialdetako taldeen arteko lankidetzaren emaitza izan da. Horien artean nabarmentzekoak dira Sassariko Unibertsitatea, Italiako IRGB-CNR, Sardiniako Ikasketa Aurreratuetarako, Ikerketarako eta Garapenerako Zentroa (CRS4), Michiganeko Unibertsitatea (Gonçalo Abecasis) edo Estatu Batuetako Zahartzearen Institutu Nazionala (David Schlessinger), baita, besteak beste, Euskal Herriko Unibertsitatea ere, Santos Alonsoren bitartez, bera izan baitu erloju molekularra kalibratzeko ardura. Alonso Genomika Ebolutiboko taldeko ikertzaile nagusia da. Talde hori UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Genetika, Antropologia Fisikoa eta Animalien Fisiologia Sailean Concepción de la Rúa irakasleak zuzentzen duen Antropologiako taldean sartuta dago.

Erreferentzia bibliografikoa

Paolo Francalacci et al (2013):“Low pass DNA sequencing of 1,200 Sardinians reconstructs European Y chromosome phylogeny”. Science, vol.341 (6145).

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.