2014. urtea bukatzear zegoela, Eider Cartonek, Elhuyar aldizkariko zuzendariak urteko hamar eduki irakurrienak Elhuyar aldizkarian zeintzuk izan ziren jakitera eman zuen. Bertan, irakurleon artean edukiek izandako harrerari buruzko datuak ematen zituen. Hauen arabera, bi gaik piztu omen digute jakin-mina: hizkuntzak eta arbasoak.
Gizakion arbasoei buruzko berriek interesa sortzen dute gure artean. Nondik gatozen, zer garen eta eboluzioaren gakoei erantzuna ematen dioten ikerketek arreta erakartzen dute. Eta, azken urteotan, gai honen inguruan hainbat aurrerapauso eman dira, baita ere Euskal Herrian. Gai honi buruz hitz egingo du, UPV/EHUko Historiaurreko irakaslea den, Alvaro Arrizabalagak ‘Neandertalak: amaierarik gabeko ikerketa’ izeneko hitzaldian.
Ikerlariek eta literaturagileek lan asko idatzi dituzte neandertalen suntsipena azaldu nahirik. Teoriak, analisiak eta paradigmak sortzen eta desagertzen doaz aldiro, eraldatu egiten dira edo gainbehera bat jasaten dute, azkenean erabat desagertzeko. Haien ordez, bestelako batzuk sortzen dira, ikasketa eta ikerketa-teknika berriek eraginda.
Teknika berriek, azken 30 urteotan, neandertalei buruzko detaile guztiak ezagutzeko aurrerapauso nabarmenak eskaini dituzte zientziaren hainbat alorretatik. XX. mendeko amaieran indarrean zegoen paradigmarekin hausteko luzatu dira proposamenak. Genetikatik, bere DNA sekuentziatzeko, edo fisika nuklearretik, haren aztarnak prezisio handiagorekin datatu nahian.
Baina, zein da egungo ikerketaren egoera? Zeintzuk dira bete gabeko hutsuneak eta ulertzeke dauden faktore garrantzitsuenak giza espezie honi dagokionez? Alvaro Arrizabalagak, UPV/EHUko Historiaurreko irakasleak galderak erantzungo ditu otsailaren 24an, arratsaldeko 19:00etan, Bilboko Alondegian eskainiko duen ‘Neandertalak: amaierarik gabeko ikerketa’ izeneko hitzaldian.
Alvaro Arrizabalagaren ikerlerro nagusiek lehen populazioa kantauriarren (Behe eta Erdi Paleolitoa) eta gure espeziearen ondorengo Goi Paleolitikorako trantsizioari erreparatzen diote. Horren baitan, ikertzaileak eta haren taldeak burututako hainbat lanen emaitzak ezagutu izan ditugu 2014an. Esaterako, Journal of Human Evolution aldizkarian plazaratu zuten neandertal eta cromagnon gizakiak ez zirela inoiz elkartu Iberiar penintsulan, ezta mendebalde Europa osoan ere. Ikerketaren emaitzen arabera, bi espezien presentzia-erregistroen artean 1.000 urte inguruko aldea zegoela ondorioztatu zen.
Horrez gain, 2014an ezagutu genuen ere, UPV/EHUko Historiaurrea taldeko Alvaro Arrizabalaga eta Maria Jose Iriarteren bidez, neandertalen desagertzearen kronologia zein izan zen. Dirudienez, orain dela 40.000 urte inguru desagertu ziren Europatik neandertalak eta desagertze-prozesuak milaka urte iraun zuen.
Jakin-mina piztu bazaizue, gure arbasoei buruzko datu ugari, xehetasunak eta sekretuak zuzenean ezagutu eta entzuteko aukera daukazue otsailaren 24an, Bilboko Alondegian, Alvaro Arrizabalagaren ahotik.
Hitzaldia Zientziateka ekimenaren parte da. Zientziateka, hilean behin UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eta Bilboko Alondegiak puri-purian dauden zientzia arloko gaiak jakitera emateko antolatzen duten jarduera da.
OHARRA: Hitzaldia Alondegiko Mediateka aretoan eskainiko da doan. Sarrerak hartu behar dira Bilboko Alondegiko informazio-gunean entzule moduan joateko. Sarrerak aretoa bete arte banatuko dira.
2 iruzkinak
[…] Egiten diharduen lanari buruz eta baita ere, neandertalei buruzko azken ikerketek plazaratu duten emaitzen berri eman zuen Alvaro Arrizabalagak, UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak antolatzen duen #Zientziateka ekitaldian. Bertan, esandakoaren arabera, argi utzi zuen Arrizabalagak, neandertalei buruzko ikerketak ez duela […]
[…] gizakiaren nondik norakoen berri ematen digute eta azken ikerketen emaitzak azaldu zizkigun Neandertalak: amaierarik gabeko ikerketa hitzaldian. Besteak beste, bi gauza azpimarratu zituen Alvarok: neandertalei buruzko ikerketa […]