Otso-politikak

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Iazko irailetik, otsoa ez da espezie zinegetikotzat hartzen Espainian. Horixe ezarri zuen Trantsizio Ekologikorako Ministerioak emandako agindu batek. Beraz, debekatuta dago otsoak ehizatzea. Ganaduzaleen elkarteez gain, Galizia, Asturias, Kantabria eta Gaztela eta Leon agertu dira erabaki horren aurka. Erkidego horietan biltzen da, hain zuzen, haragijale handien % 95a. Kalkuluen arabera, Espainian, 2 000 edo 2 500 otso daude, 300 taldetan banatuta, gutxi gorabehera.

Gai honetan, interes gatazka argia da. Alde batetik, mugimendu kontserbazionistak eta ekologistak daude. Mugimenduok presioa egiten dute naturaguneak ez zik, iraganean toki horietan zeuden espezieak ere lehengoratzeko politikak ezar daitezen, ehizaren eta beste giza jarduera batzuen ondorioz, espezie horien kopurua gutxitu egin baita. Bestetik, neurri horien aurka dauden ganaduzaleak daude. Salatzen dute otsoek bere animaliei eraso egiten dietela, eta beren azienden bideragarritasunaren kontura babesten ari direla. Oro har, alderdi ekologistak eta ezkerrekoak otsoen ehizaren aurka daude; eskuinekoak, eta, bereziki, eskuin muturrekoak, ordea, babes porrokatuaren aurka. Hala ere, salbuespen nabarmenak daude.

otso
Irudia: Iberiar otsoa (Canis lupus signatus) Granadan (Espainia). (Argazkia: Arturo de Frias Marques – CC BY-SA 4.0 lizentziapean. Iturria: Wikimedia Commons)

Estatu Batuetan antzeko eztabaida bat sortu zen otsoa Yellowstone parkean berriro sartzea erabaki zenean. Karibu ehiztariak aurka zeuden, lehiakidetzat hartzen zituztelako otsoak, eta arrantxo jabeak, Iberiar penintsulako ipar-mendebaldeko ganaduzaleen arrazoi berberengatik. Han ere jarrerek zerikusia dute ideologiarekin: hautesle errepublikanoek politika kontserbazionisten aurkako jarrera izan ohi dute; demokratek, aldiz, aldekoa.

Europa erdialdean otsoa lehengoratu denetik, aziendak erasoak jasaten hasi dira. Alemanian ia ez zen erasorik gertatzen 2010. urtearen aurretik, baina XXI. mendearen bigarren hamarkadan gero eta gehiago erregistratu dira. 2020an, adibidez, hildako abelburuen kopurua milatik gorakoa izan zen; zehazki, 3 500. Eta, hain zuzen ere, horregatik ikertu dute eraso horien eta hautesleen jarreraren arteko harremana. Horretarako, udalerri mailaraino segmentatu dute eremua, eta aztertu dute zer eragin izan duten erasoek bai alderdi berdearen emaitzetan (Die Grünen), alderdi horrek jartzen baitu enfasi handiena politika kontserbazionistetan, bai Alternative für Deutschland (AfD) eskuin muturreko alderdiaren emaitzetan, irmo egiten baitu neurri horien kontra.

Hala, 1990. urtetik 2021. urtera egin diren hauteskunde federaletako, estatu mailako hauteskundeetako eta udal hauteskundeetako emaitzak aztertu dituzte, eta ikusi dute erasoek ondorio nabarmena izan dutela AfD alderdiari emandako botoetan; ondorioa askoz nabarmenagoa izan da estatu mailako hauteskundeetan, hauteskunde federaletan eta udal hauteskundeetan baino. Bestalde, erasoek ondorio negatiboa izan dute alderdi berdean, eta estatu mailako hauteskundeetan ere bai, baina ez alternatibak lortutako onura bezain nabaria.

Espezialistek bi hipotesi dituzte otsoen erasoen eta eskuin muturraren gorakadaren arteko lotura azaltzeko. Bata erasoek eragindako mehatxu ekonomikoa da (AfD-k hauteskundeetako argumentu gisa erabiltzen du). Beste batzuen ustez, ordea, baliteke otsoen aurka egotea hiri eliteekiko erresuminaren adierazpen bat izatea bizitzeko eta baliabideak ustiatzeko modu tradizionalekin identifikatzen direnentzat. Interesek ez ezik, balioek ere badute pisua balantzan.

Erreferentzia bibliografikoa:

Clemm von Hohenberg, Bernhard eta Hager, Anselm (2022). Wolf attacks predict far-right voting. PNAS, 119 (30), e2202224119. DOI: https://doi.org/10.1073/pnas.2202224119


Egileaz:

Juan Ignacio Pérez (@JIPerezIglesias) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.