Baliteke COVID-19aren ondorioz gripearen birusen leinu oso bat desagertu izana

Dibulgazioa · Kolaborazioak

2019. urtean iritsi zen SARS-CoV-2 birusak azken hamarkadetako nazioarteko osasun krisi nagusietako bat ekarri du eta hainbat aldaketa sozioekonomiko eragin ditu mundu osoan. Aldaketa horien epe luzerako ondorioak oraindik ezin dira zehaztasunez aurresan.

Pertsona eta komunikabide askoren arreta koronabirusaren aldaera berri bakoitzerantz eta osasunerako zekartzaten ondorioetarantz bideratu zen. Bien bitartean, anomalia mikrobiologiko bat gertatu zen munduan, foku mediatikoetatik urrun: baliteke gripea eragiten duten influenza birusen leinu oso bat, B/Yamagata leinua, desagertu izana. Beste era batera esanda, baliteke arbaso bera zuten eta elkarri estuki lotuak zeuden gripearen birusaren aldaeren talde bat desagertu izana eta gizakien gainean zuen eragina betiko eten izana. Honela, gripearen birusaren hiru taldek bakarrik jarraituko lukete gure artean, urtero epidemiak eragiten: A influenza birusen H1N1 eta H3N2 azpimotak eta B influenza birusen Victoria leinua.

leinu
Irudia: ortomixobirusen modelo baten irudi digitala, gripea eragiten duen birus-mota. (Argazkia: Sanofi Pasteur – CC BY-NC-ND 2.0. lizentziapean. Iturria: Flickr.com)

COVID-19aren pandemiak bilakaera fenomeno ultra azkar bat eragin du mundu osoan eta birusen arteko hautespen naturala, biziaren eta heriotzaren arteko linboan dauden entitate horien artean, alegia. Honela, SARS-CoV-2 birusa planetan barna barreiatzen zen bitartean eta kutsatzeko eta transmititzeko gaitasunaren arabera eta giza biztanlerien jokabideen arabera elkar ordezkatzen zuten aldaera berriak sortzen ziren bitartean, A eta B gripearen birusen zirkulazioa nabarmen murriztu zen; berez, ia ez zen neguko gripearen epidemiarik egon 2020. eta 2021. urteetan. Gainera, influenza birusen dibertsitate genetikoa izugarri mugatu zen urte horietan. Ospitaleetan COVID-19aren kasu larrien uholdeak saihesteko hartu ziren osasun neurriek (maskarak, segurtasun distantzia, konfinamenduak, aireztatzea, eskuetako higienea, bidaien murrizketa, etab.) ez zuten SARS-Co-V-2 birusa zokoratzeko balio izan, baina bai gripearen zenbait birus baztertzeko.

Ikertzaileek urteak daramatzate gripearen Yamagata leinuak gure artean, gizakion artean, jarraitzen duen ikertzen, akaso munduko txokoren batean ezkutuan. Ahaleginak egin arren, 2020ko apiriletik gaur egun arte, ez da birus horien existentziaren froga fisikorik aurkitu. Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) FluNet gripearen birusen zaintza epidemiologikoa egiteko programak B/Yamagata leinuak eragindako 30 gripe kasu jakinarazi zituen 2021eko apiriletik amaierara arte, eta 38 kasu 2022an. Oso kopuru txikia da hori, pandemiaren aurretik urtero jakinarazten ziren milaka eta milaka kasuekin alderatuta. Hala ere, ikertzaileen ustez, kasu isolatu hauek ez dira Yamagata leinuak gure artean jarraitzearen froga bat, baizik eta gripearen aurkako txertoetan erabiltzen diren leinu horretatik eratorritako birus indargabetuen edo inaktibatuen detekzioaren ondorioa.

Bitxikeria ez den leinu baten desagerpena

Yamagata leinuaren desagerpena ez da bitxikeria hutsa. Zorioneko gertaera izan liteke gizateriarentzat. Alde batetik, birus talde hori desagertu egin dela baieztatzen bada, horrek esan nahiko luke gripearen aldaera gutxiago ari direla munduan barna zirkulatzen, epidemiak eragiten eta zenbait kasutan birulentoagoak izan litezkeen aldaera berriak sortzeko mutatzen. Bestalde, pertsonei eraso diezaieketen gripearen birus potentzialen taldea murriztu izana aukera ona izan liteke gripearen aurkako urteroko txertoen eraginkortasuna hobetzeko.

Txerto tribalenteak eta tetrabalenteak –gripearen birusen hiru edo lau motaren aurkako babesa eskaintzen dutenak, hurrenez hurren– asko zabaldu dira munduan. Bi txerto mota horiek barne dute/dituzte B influenza birusen leinu bat edo bi, besteak beste, B/Yamagata leinua eta B/Victoria leinua. Urtero, hemisferio bakoitzean gailenduko diren gripearen birusak zeintzuk izango diren aurresateko ahaleginak egiten dira. Ondorioz, Yamagata leinua desagertuko balitz, gainerako birusen aurkako babes hobea eskainiko litzateke. Hala ere, oraindik goiz da birus talde hori txertoetatik behin betiko desagerrarazteko. Leinu hori berriz ere agertuko balitz, gerta liteke denboran zehar izandako immunitate galerak kasu larriagoak eta heriotza gehiago eragitea kolektibo kalteberen artean. Oraingoz, Espainian 2022-2023 aldirako jartzen ari den gripearen aurkako txerto tetrabalenteak barne du Yamagata leinua.

Denborak eta gripearen birusen zaintza sistemek bakarrik baieztatu ahalko dute, etorkizun hurbilean, Yamagata leinua behin betiko desagertu den. Gizateriak historian eragin dituen eta biodibertsitatea eta ekosistemak kaltetu dituzten gainerako desagerpenak ez bezala, hau berri ona izango litzateke guretzat.


Egileaz:

Esther Samper (@Shora) medikua da, Ehunen Ingeniaritza Kardiobaskularrean doktorea eta zientzia-dibulgatzailea.


Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2022ko urriaren 10ean: Un linaje completo de los virus de la gripe podría haberse extinguido por la pandemia de COVID-19

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.