Euskararen (proto)historia aztergai: metodoak, datuak, mugak eta mugarriak

Ekitaldiak

protohistoria

Euskararen egoera isolatuak aspalditik erakarri ditu ikertzaileak, eta XVI.- XVII. mendeez geroztik askotariko proposamenak egin dira: garaian garaiko joerak eta modako ikerketak zein ziren, euskararen jatorriaz, bilakabideaz, hedaduraz, ustezko izaera bereziaz eta abarrez. Egun ere, euskararen historiari edo lurraldeei loturiko berriek eragin betea dute euskal gizartean: Irulegiko eskuaren aurkikuntza horren erakusgarri ezin hobea da.

Euskara abiapuntu hartuta, astelehenean, apirilaren 24an arratsaldeko 18:30ean, Ondarroako Kofradia Zaharrean,Zientziaren Giltzak Elkarteak antolatuta: Euskararen (Proto)historia aztergai: metodoak, datuak, mugak eta mugarriak” hitzaldia eskainiko du Eneko Zuloaga filologoak.

Hitzaldiak bi helburu izango ditu: alde batetik, euskararen historia aztertzeko materialak eta metodoak zein diren azalduko da. Bestalde, ibilbide bat irudikatuko da euskararen historian barrena: azken 2000 urteak hartuta, zenbait garaitako mugarriak hartuko dira eta, horien aitzakian, euskarak garairik garai izandako bilakabideaz ezagutzen ditugun datu nagusiak azalduko dira. Zehazki, honako gai hauek landuko dira: (1) Euskararen edo euskara-antzeko lekukotasun zaharrenak; (2) Erdi Aroko dokumentazioa eta euskalkien jatorria; (3) Euskarazko lehenengo testu luzeak eta liburuak; (4) Euskararen lehenengo modernizazioa.

Bateko eta besteko gaiak konbinatuko dituen hitzaldi honen bidez, bertaratutako ikus-entzuleek aukera izango dute bai hizkuntzen historiaren azterbideetara hurbiltzeko, bai eta euskararen garai zaharrenetatik modernoetara bitarteko ibilbidea egiteko.

Hizlaria:

Eneko Zuloaga San Roman, 1985ean jaio zen Basaurin. Euskal Filologian lizentziatua (Deustuko Unibertsitatea, 2007), Euskal Filologia eta Hizkuntzalaritzan masterra egin zuen UPV/EHUn 2010. urtean eta Euskal Ikasketetan doktoratu zen 2020. urtean. Mendebaleko euskararen azterketa dialektologiko-diakronikorantz izeneko tesiarekin Doktorego Sari Berezia eta Koldo Mitxelena saria eskuratu zituen.

Etnografiaren, itzulpengintzaren eta hizkuntza-normalizazioaren esparruetan lan egin ondoren,UPV/EHUko irakasle eta ikertzaile jardun du: 2017-2020 urteen artean Bilboko Hezkuntza Fakultatean aritu zen, eta 2020az geroztik Letren Fakultateko Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak Sailean. Monumenta Linguae Vaconum ikerketa-proiektuko eta Hizkuntzalaritza diakronikoa, tipologia eta euskararen historia ikerketa-taldeko partaide da. Egun, Fontes Linguae Vasconum eta Uztaro aldizkarietako erredakzio-batzordeko kide ere bada.

Ikergai nagusi ditu hizkuntzalaritza historikoa eta filologia; bereziki, testuen ediziogintza, dialektologia diakronikoa eta soziolinguistika historikoa.

Euskararen (proto)historia aztergai: metodoak, datuak, mugak eta mugarriak

Data
Ordutegia
18:30etatik 20:00etara
Tokia
Kofradia Zaharra
Helbidea
Erribera kalea, 9, Ondarroa

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.