2D:4D indizea: jaio aurreko hormona sexualen erakusle

Argitalpenak · Dibulgazioa

Azken urteetan aurrerapen teknologikoei esker, prozesu biologikoek eta biokimikoek animalien eta gizakion portaeran eta garapenean izan ditzaketen efektuak ikertu dira (Mikac et al., 2016). Hormonak, gorputzeko oreka eta metabolismoko funtzio anitz kontrolatzeaz arduratzen diren molekulak dira.

Funtzio nagusi horietaz gain, nerbio-sistemaren garapenean, garuneko funtzionamenduan ere eragina izan dezakete. Hortaz, hormonek garuneko egitura horietan oinarritzen diren funtzio kognitibo eta jokabideetan ondorioak gauzatu ditzakete, batez ere gizabanakoaren garapeneko bi momentutan: jaio aurreko garaian eta pubertaro garaian (Sisk & Zehr., 2005; Sisk., 2016).

Pubertaro garaiko hormona mailak modu ez inbaditzailean neurtu daitezke, esaterako listu edo ile laginak erabiliz. Jaio aurreko hormona mailak zuzenean neurtzea inbaditzaileak, ordea, garestiak eta etikoki mugak dituzten metodoak erabiltzea eskatzen du (Lutchmaya et al., 2004; Manning et al., 2014). Oztopo hauek gainditze aldera, jaio aurreko sexu-hormona mailak ezagutzeko, biomarkatzaile ez-inbaditzaile, ekonomiko eta eskuragarri baten erabilera proposatu zen: 2D:4D indizea (Manning et al., 2014).

2D:4D indizea
Irudia: bigarren hatza laugarren hatza baino laburragoa duen eskua, 2D:4D indize bazua ematen. (Argazkia: Hand zur Abmessung – domeinu publikoko irudia. Iturria: Wikimedia Commons)

Indize hau bigarren eta laugarren hatzetako luzera neurtzean oinarritzen da, zehazki, bigarren hatzaren luzera-balioa laugarren hatzaren luzeraren balioagatik zatitzean (Lutchmaya et al., 2004; Trivers et al., 2006; Hönekopp et al., 2007). 2D:4D indizearen eta jaio aurreko hormonen arteko loturari dagokionez, ikertzaileek ondorioztatu dute indize baxuak jaio aurreko testosterona maila altuekin eta estradiol maila baxuekin erlazionatzen direla. Gizakietan egin diren ikerketa gehienek erakutsi dute jaio aurreko androgeno eta estrogeno mailek korrelazioa dutela 2D:4D indizearekin, nahiz eta lotura honetan eragiten duten mekanismoak oraindik ezezagunak izan.

Indize hau neurtzeko metodo zuzenak (kalibrea edo erregela erabiliz) eta zeharkakoak (eskaneatutako irudiak, fotokopiak, kamera digitalen irudiak edo X izpiak) erabili izan ohi dira. Metodo zuzena hatzak kalibre edo erregela baten bitartez neurtzean da. Zeharkako metodoan, aldiz, eskuaren irudia gailu desberdinen bitartez lortzen da (eskaneatuta, fotokopiatuta, kamera digitalak edo X izpiak erabiliz) eta, ondoren, irudi horietan egiten da hatzen neurketa, kalibrea, erregela edo software espezifikoak erabiliz (Allaway et al., 20009).

Metodoen fidagarritasunari dagokionez, zeharkako metodoak fidagarriagoak direla ikusi da eta hauen artean, egokiena irudiak fotokopia bidez lortzea dela ikusi da. Behin irudiak lortuta, 2D:4D indizea kalkulatzeko, neurketak egiteko prozedurarik fidagarriena ordenagailuko programak erabiltzea dela ikusi zuen ikerketa batek (Allaway et al. 2009). Hala ere, oraindik eztabaida handia dago komunitate zientifikoan 2D:4D indizeak kalkulatzeko erabili beharreko metodoen eta hauen fidagarritasunaren inguruan.

2D:4D indizeak duen erabilgarritasuna kontutan hartuta, gai honi buruzko ikerketa gehiago egitea interesgarria izan daiteke, urria baita metodoen fidagarritasuna eta hauen arteko desberdintasunak ikertzen dituzten lanak. Gai honetan ebidentzia berriak lortzea protokolo estandarizatu bat sortzen lagundu dezake, eta, horrela, murriztu egingo litzateke 2D:4D indizearen neurketetako aldakortasuna.

Artikuluaren fitxa:

  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: 43
  • Artikuluaren izena: 2D:4D indizearen zeharkako neurketa: software bidezko irudien analisiaren behatzaile arteko/barneko fidagarritasuna
  • Laburpena: Sexu hormonek eragina dute garunaren garapenean, egituretan eta funtzionamenduan, eta, ondorioz, gizakion jokaeran. Haurdunaldiko hormona-esposizio mailen adierazle bat da 2D:4D indizea. Indize honen fidagarritasunaren inguruko ikerketek erakutsi dutenez, 2D:4D indizea neurtzeko metodo fidagarria da ordenagailuko irudien analisirako programak erabiltzea. Hau horrela izanik ere, ez dago adostasunik erabili beharreko programa egokienaren inguruan. Lan honen helburuak bi dira: 2D:4D ratioa neurtzeko erabili diren bi softwareen fidagarritasuna aztertzea (behatzaile-barneko eta behatzaile arteko fidagarritasunari erreparatuz) eta neurketen ekonomia ezagutzea. Horretarako, 11 urteko 180 parte-hartzaileren eskuetako eskanerrak jaso ziren. Neurketak irudien analisirako ordenagailuko bi programa erabiliz egin ziren (GIMP eta AutoMetrik). Emaitzek erakutsi dute, nahiz eta AutoMetrik programa bizkorragoa izan, GIMP programak behatzaile-barneko eta behatzaile arteko fidagarritasun altuagoa erakusten duela. Ondorio gisa esan daiteke 2D:4D indizearen neurketak egiteko irudien analisia erabiltzen duten metodoen desberdintasunak ikertzen dituzten lan gutxi daudenez, ikerketa gehiago egin beharko liratekeela gai honen inguruan.
  • Egileak: Izaro Babarro, Ainara Andiarena, Eduardo Fano, Nerea Lertxundi eta Jesus Ibarluzea
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • eISSN: 2444-3255
  • Orrialdeak: 209-220
  • DOI: 10.1387/ekaia.22912

Egileez:

Izaro Babarro, Ainara Andiarena, Eduardo Fano, Nerea Lertxundi eta Jesus Ibarluzea UPV/EHUko eta Biodonostia Osasun Ikerketa Institutuko ikertzaileak dira.

Jesus Ibarluzea Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko eta Epidemiologia eta Osasun Publikorako biomedikuntza ikerketarako zentroen sareko (CIBERESP) ikertzailea da.


Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.