Erradiazio ezionizatzaileko eremu elektromagnetikoen eraginak osasunean: ezagutza-egoeraz egun dakiguna

Argitalpenak · Dibulgazioa

Gure bizimoduan gero eta ohikoagoak dira erradiazio ezionizatzaileko eremu elektromagnetikoak (EEI-EEM) sortzen dituzten iturriak, eta bere horretan dirau eremu horiek osasunean izan ditzaketen efektuen inguruko eztabaidak. Artikulu honetan laburbildu egin nahi izan ditugu EEI-EEMen eraginen inguruko ikerketa esperimentalen eta epidemiologikoen bidez lortu diren emaitzak.

EEI-EEMak hiru talde nagusitan bereiz daitezke euren maiztasunaren, hots, denbora unitateko uhinak egiten duen oszilazio kopuruaren (Hz-tan neurtua) arabera. Oso maiztasun txikiko uhinak (ELF euren ingelesezko sigletan, Extremely Low Frequency), >0-300 Hz maiztasun tartean daude, eta energiaren sorkuntza, garraio eta erabilerarekin lotuta daude. Tentsio baxuko, ertaineko edo altuko lineak, transformadoreak edota sare elektrikoaz hornitzen diren etxetresnak dira iturri nagusienak. Bitarteko maiztasunak, 300 Hz eta 10 MHz arteko maiztasun tartean daude eta segurtasun-sistemak edo ordenagailu eta telebista-pantailak dira haien iturri nagusiak, baina oso ikerketa gutxi egin da hauen inguruan. Irrati-maiztasuneko uhinak (IM), 10 MHz eta 300 GHz bitartekoak, batez ere haririk gabeko komunikazioarekin loturik daude: haririk gabeko telefonoa, sakelako telefonoa, bluetootha, WiFia eta komunikaziorako antenak.

Gaur egun EEI-EEMen arriskua agerian uzten duten bi mekanismo baizik ez daude aho batez onartuak. ELFen kasuan, nerbio-sistema eta muskulu-ehunak estimulatuko lituzkeen eremu eta korronte elektrikoen indukzioa litzateke onartutako mekanismoa; irradiatutako energiaren absortzioa izango litzateke IMen kasuan, eta ondorio gisa gorputz-tenperaturaren gorakada gertatuko litzateke. Hala ere, mekanismo hauek intentsitate altuaren ondorioz sortutako efektu akutuan oinarritzen dira, baina gaur egungo kezka, aldiz, esposizio maila baxuen pean sor daitezkeen efektu kronikoak dira.

Ikerketak hiru alorretan egiten dira; in vitro, in vivo eta ikerketa epidemiologikoak. Ikerketa mota oro eduki behar dira kontuan arriskuen balorazio bat egiterako orduan.

In vitro ikerketetan ELFekiko esposizioa 100 µT-tik gorakoa izan denean, efektu genotoxikoak aurkitu dira. Orain arte, ordea, ez da aurkitu ebidentzia nahikorik eta trinkorik IMen genotoxizitateari dagokionean.

In vivo ikerketa gehienek ez dute arrazoirik eman EEI-EEMek eragin minbizi-sortzailea dutela pentsatzeko. Ikerketa epidemiologikoetan ELFekin erlazionatu den leuzemia linfoblastiko akutua aztertzeko animali modelo egokirik ez dago. IMei dagokienean gehienek emaitza negatiboak lortzen dituzte. Bestalde, ikerketa batzuek arazoak ikusi dituzte nerbio-sisteman, besteak beste, oroimenean eta ikaskuntzan aldaketak, bai ELF eta bai IMren peko egonaldietan. Neurogenexia, zitotoxizitea eta garunaren endekapena bezalako efektuak ere ikusi dira intentsitate maila gomendagarrietatik oso gora. Ugalketa aztertu duten ikerketek efektuak antzeman dituzte bai ugalkortasunean, bai eta ondorengoen garapenean, baina batez ere IMak ikertu dira. Hauek eragiten dituzten efektu teratogenikoak ikusi dira, baina beti ere esposizio maila tenperaturaren gorakada nabarmena eragiteko gai denean (gradu zentigradu bat baino gehiagokoa).

Ikerketa epidemiologikoetan aurkikuntza nabarmenenak ELFen eremu magnetiko (ELF-MF) eta umeen leuzemia linfoblastiko akutuaren arteko asoziazioa eta IMen peko egonaldia eta glioma kasuen arteko erlazioa izan dira. Bi arrazoi horiengatik, minbiziaren ikerkuntzarako nazioarteko agentziak (IARCek) ELF-MF eta IMak 2B kategoriaren baitan sartu zituen, minbizi-eragile izan daitezkeela ondorioztatuz.

Nahiz eta ikerketa eta proiektu ugari egon gaiaren inguruan, kontu ugari daude argitzeke, batez ere metodologia-mugek sortzen dituzten arazoek ez dutelako ondorio argirik ateratzeko aukera ematen. Aurrerantzean, ahalegin handiagoak egin beharko lirateke eremu elektromagnetikoen esposizioaren estimazio egokiagoa egite aldera.

Artikuluaren fitxa

  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: Ekaia 30
  • Artikuluaren izena: Erradiazio ezionizatzaileko eremu elektromagnetikoen eraginak osasunean: ezagutza-egoeraz egun dakiguna.
  • Laburpena: Gure bizimoduan gero eta ohikoagoak dira erradiazio ezionizatzaileko eremu elektromagnetikoak (EEI-EEM) sortzen dituzten iturriak, eta bere horretan dirau eremu horiek osasunean izan ditzaketen efektuen inguruko eztabaidak. Artikulu honetan laburbildu egin nahi ditugu EEI-EEMen eraginen inguruko ikerketa esperimentalen eta epidemiologikoen bidez lortu diren emaitzak. Nahiz eta ikerketa eta proiektu ugari egon gaiaren inguruan, kontu ugari daude argitzeke, batez ere metodologia-mugek sortzen dituzten arazoek ez dutelako ondorio argirik ateratzeko aukera ematen. Aurrerantzean, ahalegin handiagoak egin beharko lirateke eremu elektromagnetikoen esposizioaren estimazio egokiagoa egite aldera.
  • Egileak: Mara Gallastegi, Ana Jiménez-Zabala, Juan-José Aurrekoetxea, Loreto Santa-Marina, Jesús Ibarluzea
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • Orrialdeak: 105-123
  • DOI: 10.1387/ekaia.16148

Egileez

Mara Gallastegi Biodonostia Osasun Ikerketa Institutuan eta Euskal Herriko Unibertsitateako Farmazia Fakultatean dabil; Ana Jiménez-Zabala Biodonostia Osasun Ikerketa Institutuan eta Eusko Jaurlaritzako Gipuzkoako Osasun Publiko eta Adikzioen zuzendariordetzan dabil; Juan José Aurrekoetxea Biodonostia Osasun Ikerketa Institutuan, Euskal Herriko Unibertsitateko Medikuntza eta Erizaintza fakultatean eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailean dabil; Loreto Santa-Marina Biodonostia Osasun Ikerketa Institutuan eta Eusko Jaurlaritzako Gipuzkoako Osasun Publiko eta Adikzioen zuzendariordetzan eta Epidemiologia eta Osasun publikoaren ikerketarako kontsortzio Espainiarrean dabil eta Jesús Ibarluzea Biodonostia Osasun Ikerketa Institutuan eta Eusko Jaurlaritzako Gipuzkoako Osasun Publiko eta Adikzioen zuzendariordetzan eta Epidemiologia eta Osasun publikoaren ikerketarako kontsortzio Espainiarrean dabil.
—————————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.