Nire sailean hori ez da gertatzen (edo zelan justifikatu ezer ez egitea)

Emakumeak zientzian · Kolaborazioak

Zisgizon zuriak nagusi dira STEM arlo gehienetan, eta bereziki nolabaiteko botere edo eragina daukaten postuetan. Horrek, printzipioz, ahalmena emango lieke gauzak aldatzeko. Genero desparekotasunagatik suminduta agertu arren eta ozen adieraziagatik ere arazo horri aurre egiteko interesa, asmo onak gorabehera, beren taldearen pribilegioei eusten dieten sineste egiturak, diskurtsoak eta gelditasuna agertu ohi dituzte.

Gizonak fisikan

Azterlan batean, Melissa Dancyk eta Apriel K. Hodarik elkarrizketak egin zizkieten gizonezko zenbait fisikariri, eta agerian geratu zen zientzialari haiek beren diskurtso berdin zaleak baliogabetzen zituzten arau sexistei eusten zietela. Ikerketan argi geratu zen goi mailako hezkuntza jaso duten pertsona pribilegiatuek inertziei eusten dietela saiheste jokabideen bitartez: inkestatuek ukatu egin zuten beren inguruan desparekotasunik zegoenik, sexismoaren kausak gizarte sistema handiei leporatu zizkieten, esanez haiek ezer gutxi egin zezaketela, eta argudioak eman zituzten ezer ez egitea justifikatzeko.

egitea
1. irudia: goi mailako hezkuntza jaso duten pertsona pribilegiatuek inertziei eusten dietela saiheste jokabideen bitartez. (Argazkia: geralt – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Gizon asko oso arduratuta daude, eta prest daude ikasteko eta lan egiteko beren inguruko bidegabekeriaren kontra, baina eragin positiborik sortzeko ahalmenik gabe ikusten dute bere burua. Gizonak gehiengoa dira fisikaren arloan (STEM arlo gehienetan bezala), maila guztietan, eta goiko postuetan are nabarmenagoa da nagusitasun hori. Historikoki, haiek eratu dituzte zientziaren kultura eta egiturak, eta, aldaketaren aldeko erretorikak gorabehera, jarraitzen dute arrakasta profesionalerako ildoa markatzen.

Oso gutxi dira beren interesak eta pribilegioak modu kontzientean babesten dituztenak, hau da, zapalkuntza mekanismoak erabiliz. Estatu Batuetan 2020an inkesta bat egin zitzaien kimika, matematika eta fisikako 1023 irakasleri. Gehienak –% 86– beren arloan aniztasuna bultzatzeko neurrien alde zeuden, eta % 2k baino ez zuten “kaltegarritzat” jotzen ahalegin hori. Galdetutakoen % 91 “ados” edo “guztiz ados” egon ziren esaldi honekin: “Nik badut erantzukizunik (neure arlo)an dagoen desparekotasunaren kontrako neurriak hartzeko”.

Beraz, zientzia ikasi eta zientzian lan egiten duten gizon gehienek aitortzen dute desparekotasunik badagoela, gauzak aldatzea gura dute eta prest daude haiek zerbait egiteko. Hala ere, azken 25 urteotan horretan erabilitako denbora eta baliabideak gorabehera, oso gutxi handitu da fisikako emakume doktoreen kopurua. Zenbateko hori hutsaren hurrengoa da beste kolektibo zaurgarri batzuekin gurutzatzen denean: Estatu Batuetan 1972tik 2017ra bitartean 59.894 doktore titulu eman ziren fisikan, eta horietatik 90 baino ez (hau da, % 0,15) emakume beltzei.

Zein mekanismoren bidez defendatzen dute beren nagusigoa asmo oneko gizonek fisikaren arloan?

Galdera horri erantzuteko, ikerketaren egileek proposatu dute erabiltzea talde pribilegiatuak aztertzean gutxitan baliatzen den lente bat. Ikerketa eta esku hartzerako proiektu gehienek botere gutxien duten taldeei erreparatu ohi diete, hau da, bereizkeria pairatzen dutenei. Ahalegin horiek guztiak funtsezkoak badira ere (hau da, neskak STEMera bultzatzea, neskatilak eskolan motibatzea, pedagogia inklusiboak egitea etab.), beharrezkoa da boteretsuak inplikatzea eta kontzientzia hartzera bultzatzea. Beren gelditasunaren ezaugarriak aztertzeko lentea hartuta, elkarrizketa egin zitzaien postu finkoak zeuzkaten gizonezko fisikariei, eta behatu ziren haien aldaketa asmoak, eta haien jokamoldearen eragina, haien hizkeraren eta haren atzeko sineste sistema. Aztertu zen nola darabiltzaten hitzek inertzia bat iraunarazten duten, sexismoaren konplizea dena.

Analisiak tonu kritikoari eusteko, beharrezkoa izan zen berez sinpleak ez diren kontzeptuak sinplifikatzea: esaterako, azaltzea zer den pribilegioa generoaz ari garenean. Testuinguru honetan pribilegioak ekarriko luke, besteak beste, onarpen sozial handiena, begirune profesional handiena, karreran gora egiteko aukerak, horri lotuta doan urteko soldata handiagoarekin etab., eta gainera lanean jazarpenik ez jasotzea. Abantaila ugari eta askotarikoak eskura izanik, gizonezkoei errazagoa zaie zientzian jarraitzea.

Oso ikerketa gutxi egin dira goi mailako postuetan dauden gizonen bizipenak, sinesteak eta ekintzak jasotzeko. Hori ez da kasualitatea; adierazten digu botereak nola baldintzatzen duen zein galdera egin daitezkeen ikerketetan, eta nori egin dakizkiokeen. Ikertaldeak dibertsoak izateak beti hobetzen du errealitatearen analisia.

Boterea dutenei entzun egiten zaie

Fisikako postu garrantzitsuetan egoteagatik, gizon askoren ahotsa ozenago entzuten da, eta handiagoa da haien eragina fisikaren kulturan. Emakumeak sexismoari aurre egiten saiatzen direnean, askotan ondorio negatiboren bat jasan behar izaten dute, eta oso litekeena da salatutako desparekotasunak ez konpontzea. Ingurune batzuetan esajeratuak eta bazter nahasleak izatea leporatzen zaie oraindik, diskriminazioari buruzko kexak ez zaizkie aintzat hartzen, eta errepresalien jomuga bihurtzen dira. Aldiz, talde pribilegiatuetako pertsonek oso bizipen desberdinak izan ohi dituzte beren andrazko kideen zapalkuntza ikustarazten dutenean. Besteen aurreiritziei aurre egiten dieten talde pribilegiatuek haserrekuntza eta aurkakotasun gutxiago sortzen dute zapalkuntza jasaten duten lankideek eurek baino; jendeak ez du pentsatzen gizon horiek gogaikarriak direnik, edo behintzat ez gauza bera salatzen duten emakumeak beste. Zerbait salatzen duena talde pribilegiatuko kidea bada, eragin handiagoa dauka eta erantzun eraginkorragoak lortzen ditu erasotzailearen aldetik.

Zerbait egiteko pausoak

Diskriminazioa amaitzeko lehen pausoa da onartzea diskriminaziorik, egon, badagoela. Horretan gizon askok badute zereginik oraindik. Badirudi batzuk ez direla inongo desparekotasunez ohartzen, eta, halakorik ikusten badute, zientziaren mundutik kanpoko kausei leporatzen diote, hala nola gizarte mailari edo norberak bere karreraz libreki hartutako erabakiei.

egitea
2. irudia: diskriminazioa amaitzeko lehen pausoa da onartzea diskriminaziorik, egon, badagoela. (Argazkia: Nothing Ahead – domeinu publikoko argazkia. Iturria: pexels.com)

Desparekotasunik egon badagoela behin aitortuta, hurrengo pausoa da zerbait egiteko motibazioa hartzea. Ez da kontu erraza, askotan sexismoari garrantzia kentzen zaiolako, aintzat hartzeko bezain larria ez dela esanez.

Zapalkuntzarik egon badagoela eta neurriak hartu behar direla behin aitorturik, hurrengo pausoa zerbait egitea da. Hori ez doa esan gabe, askotan talde pribilegiatuek eurek boikotatzen dituztelako beren asmo onak. Berdintasunaren aldeko aliatuek egoera zailean aurkitzen dute beren burua: desmuntatu behar dute abantailak ematen dizkien sistema bat, eta, aldi berean, eurak murgilduta dauden kulturak pribilegio horiek ez ikustera eta ez ulertzera bultzatzen ditu.

Sistemari eusten dion aldamioaren parte izan nahi ez badute, ahalegina egin beharko dute, eta ez txikia, beren estatusaz eta estatus horretara heltzeko jarraitu dituzten ildoez jabetzeko. Ohartuko balira batzuetan gurasokeriaz joka dezaketela beren kide diskriminatuekin –salbatzaile jokatuz, lankide jokatu beharrean– hori aurrerapauso ederra izan liteke berdintasunerantz.

Elkarrizketetan ikusi zen gizonezko zientzialariok maiz axalekoari erreparatzen diotela, garrantzitsuari heldu beharrean, hala nola aldaketa estrukturalak egiteari. Jarrera performatibo hutsak ere aurkitzen dira: gizon asko oso ozenki plazaratzen dute beren sumindura genero desparekotasunen aurrean –adibidez sare sozialetan–, baina gero ez dira sakon inplikatzen beren inguruko pertsona zaurgarrien arazoetan.

Ezjakintasunaren epistemologia

Zelan gerta liteke pertsona bat ez jabetzea begi bistakoa den gauza batez? Ezjakintasunaren epistemologiak proposatzen du arrazakeriari eta sexismoari buruzko ezjakintasuna ez dela gertatzen norberak jakintza eskuratzeko modurik ez duelako, baizik eta ezjakintasunak pribilegio postuetan daudenen interesei laguntzen dielako, eta, horregatik, boterean daudenek, bai norbanakoek eta bai egiturek, ezjakintasunari eusten diotela. Bestela esanda, ezjakintasunak inertzia justifikatzen du, denak berdin jarraitzea. Hori dela eta, ezjakintasunaren mekanismoak identifikatzea eta ulertzea lagungarria izan daiteke haien kontrako estrategiak bilatzeko.

Parekotasunaren alde zeudela adierazi arren, gizonezko fisikariok, pentsamoldez, hizkeraz eta jokamoldez, inertzia hori defendatzen zuen, eta eurek ezer ez egitea justifikatzen. Hona hemen beren diskurtsoen atzean ezkutatzen ziren hiru ideia:

1.“Halako gauzak nire lan ingurunetik urrun gertatzen dira”. Urruntze fisikoa: desparekotasuna leku urrunetan gertatzen da.

Emakumeak fisikan diskriminatuta daudela uste izan arren, ez zaie iruditzen hori berengandik gertu gertatzen denik. Ez da gertatzen ez beren ikasgeletan, ez beren ikertaldean, ez beren sailean, ez beren lankideen artean, ez beren eskualdean ez beren azpiarlo zehatzean. Pentsaera hori badaezpadakoa da, fisikako sexismoaren kausak eta konponbideak gizon horien eragin eremutik kanpo kokatzen dituelako. Ezjakintasunean jarraitzeko beste mekanismo bat da.

2.“Gaia handiegia da nik horretan eraginik izateko”: desparekotasuna gizarte egitura handietan kokatzea.

Fisikan zergatik dagoen desparekotasuna azaltzeko, elkarrizketatuek beren kontrolpean ez dauden egitura kultural oso zabalak aipatu zituzten. Hona hemen hiru erantzun ohiko:

  • Neskatilak desanimatzearen errua hezkuntza sistemarena da, batez ere bigarren hezkuntzarena.
  • Sexismoa gehienbat iraganeko kontua da, eta aldaketa berez etorriko da denborarekin, bereziki orain goi karguetan daudenek erretiroa hartzen dutenean.
  • Desparekotasuna zor zaio emakumeek eta gizonek gurasotasunaren inguruan hartutako erabakiei, alegia, batzuek eta besteek bizitza profesionalaren eta familiaren inguruan (zaintza, kontziliazioa etab.) egindako hautuei.

3.“Nik ezin dut ezer egin, beraz justifikatuta dago ezer ez egitea”. Fisikariek arrazoi hauek eman zituzten ezer ez egitea justifikatzeko, besteak beste:

  • Norbera sexismoaz ez ohartzea, nahiz eta bere gertuko ingurunean gertatu, edo nahiz eta beste batzuek sexismoa ikusarazi. Norbera ohartzen ez bada, ez du sexismoa aitortzeko erantzukizunik.
  • Pentsatzea zerbait eginez gero, ondorioak okerragoak izango direla diskriminazioa bera baino. Zerbait egiteak deseroso jar balezake jokabide diskriminatzailea duena, horrek justifikatzen du ezer ez egitea. Gainera, askotan emakumeek eurek ez dute nahi ezer egiterik, ondorio kaltegarriak ekarriko lizkiekeelako.
  • Norberak zer egin ez jakitea. Gizon batzuk ez dira gai desparekotasuna bidegabekeria gisa ulertzeko, eta parekotasuna, eskubide gisa. Behar dute beste norbaitek haiei esatea zer egin, edo beste norbaitek zeozer egitea, ez eurek. Gainera, diotenez, batzuetan ez dago ezer egiterik. Ezinezkoa da besteak aldatzea eta beti egongo dira aurreiritziak. Bizitzan desparekotasuna dago, ezinbestean.

Pentsamoldeon atzean dauden sinesteek ezjakintasuna bultzatzen dute eta euskarria ematen diete zapalkuntza sistemei. Eragotzi egiten diete pertsonei aldaketa positiboetan parte hartzea.

Gomendioak

Zientzian genero parekotasuna lortzeko, beharrezkoa da talde hegemonikoak autokritika sakona egitea. Berdintasunaren alde esku hartzerakoan, ahalegina egin beharko litzateke botere guneetan dauden pertsonengan sortzeko aldaketak. Hona hemen horretarako proposamen batzuk:

  1. Goi kargudunei irakastea haiek zapalkuntzaren konplize bihurtzen dituzten ohiko jokamolde diskurtsiboak. Batzuetan beharrezkoa da kontzientzia hartzea eta pentsamendu eta ekintza patroiak ezagutzea. Esaterako, “mikroeraso” terminoari esker, jendeak ikasi ahal izan du eraso sotil eta asmo gabekoak ezagutzen eta izendatzen.
  2. Pertsona pribilegiatuak beren ezagutza faltaren erantzule egitea. Sailetan ez dago kontu emateko mekanismorik parekotasuna ebaluatzeko. Gizonei beren arlo profesionalean jarraitzea eta gora egitea bideratzen dien sari sistema indarrean dagoen artean, jokabide sexistak edo bestelako zapalkuntzak kontuan hartu barik, oso litekeena da desparekotasunak bere horretan irautea.
  3. Berdintasuna gizonen kontu ere bihurtzea. Fisikariek adierazi zuten beren ustez inklusio lana talde zaurgarrien kontua zela. Aitzitik, pribilegiodunak dira eragin handia izan dezaketenak aldaketa positiboak sortzeko.
  4. Ingurune hurbileko desparekotasunari buruzko datuak biltzea eta argitara ematea. Norberaren pertzepzioa egiatzat hartzen denean, ezjakintasunak bere horretan irauten du. Garrantzitsua da sailek edukitzea genero parekotasunaren egoera erakusten duten datuak. Datuok izan behar dira, batetik, kuantitatiboak eta, bestetik, zapalduei entzunez eta diotena sinetsiz bildutakoak.
  5. Diskriminazioari aurre egiteko trebetasunak esplizituki irakastea. Inkestatuek esan zuten ez zeukatela tresnarik desparekotasunari aurre egiteko. Desparekotasuna ezagutzen eta haren inguruan eraginkortasunez berba egiten ikasteak lana eskatzen du. Diskriminazioari zuzenean nahiz zeharka kontra egiteko, beharrezkoa da guzti-guztien benetako inklusioa posible egingo duten lan inguruneak eratzea.

Hortaz, desparekotasuna urruneko lekuetan kokatu beharrean, emankorragoa litzateke gure ingurune hurbilean dagoela onartzea (hau da, “bai: nire sailean badago sexismorik” esatea). Azpiordezkapenaren kausak egitura sozial handiei leporatu beharrean, emankorragoa litzake aitortzea pertsona askok fisika bertan behera uzten dutela eskoletan eta lan egiten duten sailetan giro oldarkorra dagoelako (hau da, “nire andrezko ikasleek beren kideen eta nagusien aurreiritziak pairatzen dituzte” esatea). Eta, ezer ez egitea justifikatu beharrean, emankorragoa izango litzateke zerbait egitea (hau da, “ikusi nuenean lankide batek mespretxuzko komentario bat egin zuela andrezko irakasle bakarraren kontra, esan nion hori lekuz kanpo zegoela” esatea).

Beraz, fisikaren arloan gauzak parekotasunerantz aldatzeko, ezinbestekoa izango da gizonezko zientzialari askok aurrerapauso bat egitea, beren pasibotasunaz gogoeta eginez, eta diskurtso diskriminatzaileak apurtzen saiatuz.

Erreferentzia bibliografikoa:

Dancy, Melissa; Hodari, Apriel K. (2023). How well-intentioned white male physicists maintain ignorance of inequity and justify inaction. International Journal of STEM Education, 10, 45. DOI: 10.1186/s40594-023-00433-8


Egileaz:

Marta Bueno Saz (@MartaBueno86G) Salamancako Unibertsitatean lizentziatu zen Fisikan eta Pedagogian graduatu. Gaur egun, neurozientzien arloan ari da ikertzen.


Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2023ko urriaren 24an: En mi departamento no pasa (o cómo justificar la inacción).

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

1 iruzkina

  • […] Asmo oneko zientzialari gizonek ere berdintasunaren inguruan ezjakintasuna mantendu dezakete, eta modu horretan beren akzio-falta justifikatu. Ikerketa batean ikusi zenez, pertsona horiek inertziei eusten zieten saiheste-jokabideen bitartez, eta ukatu egin zuten haien inguruan desparekotasunik zegoenik. Sexismoaren kausak gizarte-sistemari leporatu […]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.