Erromatar hauek ez zeuden hain erotuta

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Zertxobait aldatu dut Obelixek Uderzo y Goscinnyren komiki guztietan behin eta berriro errepikatzen zuen esaldi ospetsu bat; izan ere, ezin hobeto laburbiltzen du gaurkoan jorratuko dudan gaia: Errepublikako eta Erromatar Inperioko eraikuntza tekniken atzean ezkutatzen diren sekretu geologikoak.

Erroma klasikoko zerbaitek benetan harritzen gaitu: eraikin handi askok zutik iraun dute 2.000 urtez baino gehiagoz. Eta ingeniaritza dohain izugarri horiek geologiaz zuten ezagutzarekin dute zerikusia; nahigabeko aurkikuntzen, baina funtzionalen, ondoriozko ezagutza. Baina ez naiz ari fatxadetan, harmailadietan edo estatuetan apaingarri gisa erabiltzen diren jatorri, osaera eta kolore natural ederreko arrokei buruz, baizik eta zimenduak ainguratzeko eta eraikuntzen hormak jasotzeko erabiltzen den osagaiari buruz: hormigoia.

kare
1. irudia: gure aroko I. mendeko hormigoizko lekuko erromatarra (ezkerraldean), 100 kg/cm2 baino gehiagoko konpresioari eusten diona, eta XXI. mendeko hormigoizko lekukoa (eskuinaldean), teknika modernoekin egindakoa, 200 eta 300 kg/cm2 bitarteko konpresioei eusten diena. Caesaraugustako (Zaragoza) Antzoki Erromatarren Museoan ikusgai dauden ereduak. (Argazkia: Blanca María Martínez.)

Ziurrenik testu hau irakurtzen ari diren guztiek inoiz edo behin obra batera hurbildu eta ikusiko zituzten langileak, normalean palakadaka, hormigoi makinara elementu pare bat botatzen eta ura gaineratzen, makinak osagai guztiak ondo nahasteko bueltak emateko, eta, horrela, hormigoi deitzen dugun ore grisaxka sortzeko zain. Nahasketari gehitzen zaizkion material horietako bat agregakinak dira, hau da, hartxintxarren edo harearen tamaina lortu arte hautsi edo txikitzen diren arrokak. Eta bestea zementua da: 1.200ºC-tan baino gehiagotan berotu ondoren deshidratatutako buztin eta kareharri nahasketa. Hala, ura eransten zaionean gogortu egiten den kare bizia (kaltzio oxidoa) lortzen da.

kare
2. irudia: Caesaraugustako (Zaragoza) Antzoki Erromatarreko murru bateko zimenduen xehetasuna. Antzoki hori gure aroko I. mendean eraiki zen, kare bizi, harea, Ebro ibaiko terrazetatik ateratako harri koskorren eta ibai horretako ur gezaren nahasketatik abiatuta. Irudiko harri koskorrek 5 cm-tik gorako luzera dute. (Argazkia: Blanca María Martínez)

Hormigoia, eraikuntzaren munduko bilakaera teknikoa dela eta, duela gutxi aurkitu den produktu konplexu tipikoa dela dirudi, baina hori ez da horrela. Gutxienez gure aroko II. mendeaz geroztik, erromatarrek teknika hori erabiltzen zuten beren hormigoia egiteko, opus caementicium izenekoa. Kareharrizko arroka kiskali egiten zuten egosketa labeetan edo karobietan, 500-600ºC-tan, kare bizia lortzeko. Kare hori zementu gisa erabiltzen zuten, harea eta urarekin nahastu eta, ondoren, harri koskorrak eta arroka zatiak gehituta, eraikuntzetan karga murruen zimendu edo euskarri ziren kofratuak betetzeko.

Are gehiago, oso denbora laburrean errezeta hobetzea lortu zuten. Napoleseko badiaren eremuan, puzolana izeneko sumendi errautsa (aluminio oxidoz eta silizioz osatua) erabiltzen hasi ziren gainerako harearekin nahasteko. Eta ikusi zuten nahasketa berri hori ur inguruneetan (itsas kostaldean, besteak beste) erabil zitekeela eta hormigoiaren erresistentzia areagotzen zuela; izan ere, itsasoko uraren eta puzolanaren artean erreakzio kimiko bat sortzen zen eta horrek materialak sendotzen dituzten mineral berriak eratzea zekarren (besteak beste, aluminio ugariko tobermorita).

kare
3. irudia: Caesaraugustako (Zaragoza) Antzoki Erromatarraren harmailen bista orokorra; gogortutako hormigoi erromatarrarekin marruskatzean eraikuntzaren aztarnak agerian utzi zituen hondeamakinaren hortz metalikoek egindako markak ikus daitezke. (Argazkia: Blanca María Martínez)

Baina nahasketan sumendi errautsa erabiltzea ez da hormigoi erromatarraren iraunkortasunaren sekretu bakarra. Duela gutxi, ikertzaileen nazioarteko talde batek deskubritu du erromatarrek kare bizia (kaltzio oxidoa) kare itzali edo hidratatuaren (kaltzio karbonatoa sortzeko gai den konposatu oso erreaktiboa) partikula txikiekin nahasten zutela. Horrek hormigoi erromatarrari Terminator 2 filmeko T-1000 pertsonaiak autobirsortzeko zuen gaitasunaren antzekoa ematen dio, honako prozesu honen bidez: materiala apurtu egiten zenean, pitzaduretatik ura sar zitekeen eta kare itzaliko partikulekin erreakzionatu. Hala, kaltzio kopuru handiko jariakin bat sortzen zen, kaltzio karbonato gisa forma kristalinoan hauspeatzen zena eta pitzadura ixteko adabaki gisa jokatzen zuena. Gainera, hormigoiak puzolana bazuen, urarekiko erreakzio kimikoak are gehiago gogortzen zuen. Eta, hala, eraikuntza erromatarrak 2.000 urtez baino gehiagoz iraun ahal izan dute.

Hormigoi hain zoragarri horren errezeta ez zen inoiz idatziz utzi, ez xehetasunez behintzat; izan ere, idatzi erromatarretan eraikuntza teknikari buruz egiten ziren aipamenak lausoak eta, are gehiago, anbiguoak ziren. Hori dela eta, Erromatar Inperioa erori ondoren, erabiltzeari utzi zitzaion eta ezin izan da berriro erreplikatu duela bi mende arte, aldeak alde.

Jakina, nori berea aitortu behar zaio, eta ukaezina da erromatarrak maisu handiak izan zirela teknologiaren eta ingeniaritzaren arloan; horrez gain, bazekiten nola baliatu erabiltzen zituzten materialen ezaugarri geologikoak, nahiz eta ez zuten zehatz-mehatz ezagutzen beren arrakasten zientzia oinarria. Hala ere, jakina da aurretiko zibilizazio mediterraneo handitik ikasi zutena beti kopiatzen zutela eta hobetzen saiatzen zirela. Nolanahi ere, historiako lehen hormigoia lau mende lehenago aurkitu zen Grezian; kare bizia, harea, arroka ehoak eta ura nahastuz prestatzen zen. Eta, bai, kareore horretan sumendi arroken zatiak ere erabiltzen zituzten. Grekoek ezin izan zituzten aurkitu erromatarrek aurkitu zituzten iraunkortasun eta autobirsorkuntza horren sekretutxoak, nahiz eta erromatarrek kasualitate hutsez aurkitu zituzten.


Egileaz:

Blanca María Martínez (@BlancaMG4) Geologian doktorea da, Aranzadi Zientzia Elkarteko ikertzailea eta UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Geologia Saileko laguntzailea.


Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2024ko urtarrilaren 18an: No estaban tan locos estos romanos.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.