Asteon zientzia begi-bistan #475

Zientzia begi-bistan

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

itsasoko DNA

Arkeologia

Gatz Haranak Neolitotik duen garrantzia agerian utzi du puntzoi batek. Iaz zazpi mila urte baino gehiagoko hezurrezko erreminta topatu zen Gesaltza Añanako Gatz Haranean. Puntzoi bat da, eta garai hartan larruzko, egurrezko eta hezurrezko objektuak zulatzeko eta modelatzeko erabiltzen ziren. Adituen aburuz, Neolitoko komunitateen sofistikazioa erakusten du aurkikuntza horrek, gatzaren ekoizpenean aurreratua izateaz gain, tresnen manufakturan ere komunitate aurreratua zela erakusten baitu. Informazio gehiago Alea aldizkarian.

Astronomia

Unibertsoaren hedapen-tasa neurtu dute. Hubble espazio-teleskopioak ateratako supernoba baten irudi berri batzuei esker lortu dute kalkuluak egitea. Zehazki, Hubbleren konstantearen beste kalkulu bat egin dute, Refsdal supernobak igortzen duen argia lau argazki ezberdinetan aztertuta. Supernobaren aurrean galaxia-multzo batek grabitazio-leiar gisa ziharduen, eta 2014ko eta 2015eko irudietako agerpenen arteko atzerapenak kontuan hartuta, Hubbleren konstantea neurtu ahal izan dute ikertzaileek. Datuak Elhuyar aldizkarian.

Biologia

Zuhaitzen hazkundearen aldaketa erabil liteke hauen heriotzaren alerta seinale modura. Hala azaldu dute UPV/EHUk parte hartu duen azterlan batean. Geroz eta ohikoagoak diren lehorteek zuhaitz askoren heriotza eragiten dute. Ikertzaileek azaldu dutenez, heriotza horiek zuhaitzen hazkundearen eta klimaren arteko desakoplamendu batek eragin ditzake. Horregatik, hazkundeak eskuragarritasun hidrikoarekiko duen sentikortasuna erabil liteke zuhaitzen heriotzaren alerta goiztiarreko seinale gisa. Datu guztiak Zientzia Kaieran.

Biokimika

Idiazabal gaztaren ezaugarriak zehazteko mikrobiotak duen garrantzia aztertu du Gorka Santamarina Lactiker ikerketa-taldeko ikertzaileak. Teknika metagenomikoak erabiliz, gazta laginetan dagoen DNA guztia erauzi dute eta zein mikroorganismori dagokion ikusi dute. Lortu dituzten emaitzek adierazten dute Idiazabal gaztaren zaporean, testuran eta aroman funtsezkoak direla bakterioak. Azalpenak Zientzia Kaieran: Bakterioak, begi hutsez ikusten ez diren gaztagile txikiak.

Genetika

Naiara Rodriguez-Ezpeleta AZTIko ikertzaileak itsasoko DNA ikertzen du. Ur lagin batean dagoen DNA erauzita, bertako biodibertsitateari buruzko informazio asko lortu daitekeela azaldu du. Eremu edo garai desberdinetan hartutako ur laginak alderatuta, adibidez, espezie jakin baten jokaera edo migrazioa ondoriozta daiteke. Rodriguez-Ezpeletaren iritziz, informazio genetiko horrek itsas bizitzari dagozkion neurriak hartzeko balio dezake. Gainera, arrainen genetikak eboluzioa hobeto ulertzeko ere balio duela adiera du. Datuak Gara egunkarian.

Geologia

Oraingoz, guztira 161 mineral identifikatu dira Marten. Lurretik kanpo, planeta horren mineralogia da hobekien ezagutzen dena, bertara egin diren hainbat misio espazialengatik eta gure planetara erori diren meteoritoengatik. Baina Lurrean zazpi mila mineral espezie ezagutzen dira. Ikerketa berri batek iradokitzen du Marteko mineral gabezia hori Lurrean baino paragenetiko gutxiago egoteagatik izan daitekeela; hau da, mineralak eratzeko abiapuntuko prozesu gutxiago daudela Marten. Informazio gehiago Zientzia Kaiera: Dibertsitate minerala Marten.

Fisika

Jorge Casanova Ikerbasqueko ikertzaileak eta fisikariak EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Teknologia Kuantikoen Ikerketa-taldea aurkeztu berri du. QUENCH unibertsitate arteko proiektuaren parte izango dira, eta haren helburu nagusia teknologia kuantikoaren aurrerapenak medikuntzan aplikatzea izango da. Beste proiektuen artean, gaixotasunak goiz atzemateko tresna bat garatu nahi du Casanovak. Erresonantzia magnetiko nuklearrean oinarritutako gailu bat izango da, eta oso agente kaltegarriak detektatzeko gaitasuna izatea espero da. Azalpen guztiak Berrian.

Osasuna

Gizakion plazentan mikroplastikoak aurkitu dituzte. 62 giza plazenta analizatu dituzte gas-kromatografia eta masa-espektrometria erabilita, eta lagin guztietan topatu dituzte mikroplastikoak. Ikertzaileek azaldu dutenez, aurkitu duten plastikorik ohikoena eta ugariena polietilenoa izan da. Aurkitutako plastikoen % 54a material horrez osatuta zegoen, eta lagin guztietan azaldu zen. Bestalde, plazenta batetik bestera mikroplastikoen kontzentrazioa asko aldatzen zela adierazi dute. Datuak Elhuyar aldizkarian.


Egileaz:

Irati Diez Virto (@Iraadivii) Biologian graduatua da, Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen UPV/EHUn eta Kultura Zientifikoko Katedrako kolaboratzailea da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.