Imajina dezagun amildegi handi bat, inguruan hiru mendi dituela. Hiru gailurrek elkarren berri dute, baina haien artean ez da inongo elkarrekintzarik gertatzen. Abenturazale batzuk baizik ez dira ausartzen mendi batetik bestera egiten, kableak luzatu eta zubiak eraikita. Filosofia eta autolaguntza-liburuetakoa dirudien metafora hau, oso baliagarria da zientziaren, hedabideen eta gizartearen artean dagoen harremana irudikatzeko.
Louise Lief kazetariak argitaratu du Sciencie meedt journalism you should talk izeneko artikulu bat AEON aldizkarian. Bertan, zorrotz aztertu du auzi hau Amerikako Estatu Batuetan. Bere emaitzak, gurera estrapola daitezke nonbait.
Zein ote da egungo egoera?
Ezagumendu falta izugarria, horra egoera. 2011ko martxoan, galdetegia bete zutenen %66ak ezin zuen bizirik dagoen zientzialari bat bera ere aipatu.
Neurri batean, orotariko hedabideak edota hedabide jeneralistak dira egoera honen erantzule: aldizkariak, telebista eta irratia. Interneten garapenak, erraztu egin du zientziarainoko bidea, baina edonola, zientzia nekez aurkitzen da sarean. Hala ere, zientzia-grina duenak, klik eginez berehala aurkituko du informazioa, dibulgazio-plataformetan, blogetan, aldizkari berezituetan, podcastetan, bideoblogetan edo orotariko hedabideetan.
Askoz ere garrantzitsuagoa da zientziaren jakin-minik ez duen hiritarraren kontua. Ezer aurkituko du hiritar horrek bila jartzen ez bada? Posible ote da egunkaria zabaldu eta gehigarri berezietara jo gabe orrialde arrunt batean zientzia-gairik aurkitzea? Izan ere, denok dakigu zientzia-osagarri berezituak interesatuek baizik ez dituztela irakurtzen, baina ba ote da zerbait horietatik at? Aurki ote daiteke irratian arratsaldeko magazine batean zientzialari bati egindako elkarrizketarik? Hiritarrak erraz topa ote dezake zientzia-saiorik telebista piztuta?
Zer dela eta basamortu hau?
Louise Leifek egiaztatu nahi izan zuen kazetariek ba ote zuten zinez zientziarenganako jakin-minik. Horretarako, lortu zuen New Yorkeko Natur Zientzietako Museoak eta Washingtongo Museoak ekitaldi bana antolatzea. Ekitaldiotan, zientzia-jarduera batzuk egingo ziren, hedabide tankera guztietako kideei zuzenduta. Gainera, hedabide-jarduerak ere garatuko ziren osagarri modura.
33 hedabidetako 53 kazetari besterik ez zen joan. Nahiko gutxi, kontuan hartzen badugu Estatu Batuetan 58.000 baino kide gehiago azaltzen direla Bureau of Labor Statiscs delakoan. Hala ere, arrakasta handia lortu zuten bi ekitaldiek, eta parte hartzaileek elkarrekintza horietatik hainbat istorio erdietsi zituzten, beren hedabideetan jorratzeko eta plazaratzeko.
Behin zientziara hurbilduta kazetariari jakin-mina pizten bazaio, zer dela eta basamortu hau? Louise Leif erantzuna ematen saiatu da. Ikus dezagun bai bere argudio lerroa, bai eta Espainian gauzak nola uler daitezkeen.
- Kazetariek ezin dute zientzia-guneetara jo. Ez dakit tankera honetako ekitaldiak zenbatekoak diren, baina badakit ordea kazetariak ez dabiltzala uholdeka zientziaren atean joka, zientzia lanaren berri eskatzen.
- Egungo aldizkari-erredakzioetan zein irrati-telebistetan, berriak eragingo duen inpaktua da helburu nagusia, ez berriaren beraren garrantzia. Izenburu deigarria da zientzia-berri bat “kolokatzeko” bide bakarra: “minbiziaren aurka”, “apokaliptikoa” edo “transgenikoa”. Beste edozein berri, zokoratua gertatuko da, edo bestela, “bere tokia” den gehigarri batean plazaratuko da. Hala gertatuko da gainera, berri hori erabat egiaztatua, osatua eta ondo adierazia badago ere.
- Kazetariek sumatzen bide dute zientzia-berriak “ahulak” direla, eta horregatik, kazetari berezituek edo zientzia-grina duten kazetariek jorratu behar dutela zientzia. Hau guztia dela eta, mundu guztiak uste du zientzia zaila eta esklusiboa dela. Zaila da, bai, baina hori baino zerbait gehiago ere bada.
Bistan da hiru mendien arteko amildegi horrek bere horretan jarraitzen duela, eta mendiak elkarretaratzeko denok eman beharko dugula urrats bat aurrera. Zientziarekiko harremana ez da datu, emaitza edo sarien kontu hutsa izan behar. Nekez eragingo zaio egungo egoera kaxkarrari, hedabideei ohar aspergarriak bidalita. Zoritxarrez, ohar horiek publizitatea baizik ez dira izaten. Aurrez aurre eta parekotasun harremanetan aritzeko esparru bat sortu beharko da, zientzialariak eta kazetariak elkarrekin aritzeko. Esparru horretan zientzialariek ez dute handinahirik izan beharko, eta berri ulergarriak eta soka luzea ekar dezaketen berriak helarazi beharko dizkiete kazetariei.
Zientzia eta “kanpo mundua” uztartu behar dira elkarrekin. Berez, uztardura hau egon badago, zientzia baita gure inguruan dagoen guztia. Hala ere, zientzia ikusgarri bihurtu behar da hiritarrentzat. Kontua ez da aste batean edo egun batean ikaragarrizko izenburuak gizartean zehar hedaraztea. Harremana etenik gabea izan behar da, kazetariek zein hiritarrek egunerokotasunaren ikuspegi batetik ikus dezaten zientzia. Horrela, berez sortuko dira istorioak, erreportajeak, kronikak eta elkarrizketak, orotariko hedabideetan ondo kokatu ahal izateko modukoak. Horra adibide gisa Orbita Laika, egun TVEren 2 katean igotzen ari dena. Badira era berean irrati-telebistetan antzerako helburuak dituzten elkarrizketak, dibulgatzaile zein zientzialariei egin ohi zaizkienak.
Egungo hedabideak merkeagoak dira eta elkarrekintzarako erraztasun handiagoak eskaintzen dituzte. Horrela, zientziaren berriak irudien bidez ematea ahalbidetzen da. Horretaz baliatu beharko gara, irudimen, sormen eta originaltasunera joz. Gizarte-sareak, funtsezkoak dira zeregin honetan, batez ere gazte jendearengana iristeko. Izan ere, gazteek ia gauza guztietarako erabiltzen dituzte sareok.
Zientzia hiritarra. Badakit bi hitz hauen elkarketa ez zaiela atsegin gertatuko hainbat zientzialariri, baina bata bestearekin uztartzea bide ona izango da zauria sendatzeko. Zooniverse izeneko ekimen horri jarraiki, datu-bilketarako tresna berriak sortu beharko dira, hiritarrek zientzian “parte har” dezaten. Gainera, egungo informatikako baliabideek egiazko informazio doi eta fidagarria biltzeko bidea jorratuko dute.
Estatu Batuetan, “ehunka mila hiritar erakarri dituzte ekimen hauen harira milioika datu bildu eta sailkatzeko. Zientzialariek arrakasta handiz garatu dituzte hainbat algoritmo eta tresna, behar bezalako zientzia-informazioa erdiesteko”.
Louise Leifek, zehaztu beharreko hiru ideia plazaratu ditu.
Bere hitzetan, zientzia-erakundeek gutxienez urtean behin antolatu beharko lukete honelako “ate irekiko” ekimen zubi bat, kazetaritzarako baliagarria izango dena. Kontua ez da hedabideak liluratzea, kazetariak ezagutzea eta jendeari zientziaren ikuspegi egoki bat helaraztea baizik. Dena dela, nik uste dut hau ardura handiz egin behar dela, zientzia ez baita hutsaldu behar.
Lousie Leiefk uste du kazetariek alde batera utzi behar dutela erosotasuna, eta zientziari eutsi behar diotela. Izan ere, hor zehar badira zientzia edukiko istorio interesgarri ugari, egokiro kontatzeko modukoak, eta ulertuak izateko goi mailako formazio arautua behar ez dutenak. Jakin-mina, lana eta hiritar jakin batzuekiko elkarrekintza, besterik ez da behar.
Elkarlan hau guztia alferrikakoa izan daiteke, baldin eta argitaratzaileek eta erantzuleek zeregin honi zintzo eusten ez badiote, hau da, zientzia informazio gaitzat hartzen ez badute. Beste jarrera bat lortu behar da honen inguruan, eta sortzen ari den kazetaritza berriak argi ikusi beharko du zeinen garrantzitsua izango den gizartea zientzian ondo hezia egotea, eta zeinen garrantzi handikoa izango den hedabideek honetan duten zeregina.
Ez da erraza, eta emaitzak ez dira berehala iritsiko, baina horrela gertatzen da beti zientzian.
Egileaz: Ana Ribera (@molinos1282) historialaria da eta telebistan dihardu lanean duela 14 urte.
Juan Carlos Odriozolak euskaratu du artikulua.
2 iruzkinak
Muchísimas gracias por la traducción. Me ha hecho mucha ilusión.
[…] asko daude zientzia-grinaren galera honen atzean. Zientzia gutxitan azaltzen da hedabideetan, eta gizarteak arrotz eta elitista ikusten du esparrua. Gizarteak uste du zientzialaria friki bat […]