Asteon zientzia begi-bistan #63

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Asteon Interneten jorratu diren zientzia-gaien laburpena. Begirada bat emango diogu?

asteon zientzia begi-bistan 63

Medikuntza, teknologia eta matematikak

Jose Felix Marti Masso neurologoak asteon hartu du 2014ko Euskadi Ikerkuntza Saria. UPV/EHUko irakaslea da eta Donostia Unibertsitate Ospitaleko Neurologia eta Neurofisiologia Kimikoko zerbitzuburua da. Endekapenezko gaixotasun neurologikoen ikerketan murgildu du haren lana eta egun, markagailu genetikoak bilatzen ditu parkinsonaren lehen seinaleak dituzten lagunengan. Helburua da ikustea markagailu horiek zer nolako eragina duten Parkinsonen gaixotasunean. Juanma Gallegok hurbiltzen digu Jose Felix Marti neurologoa Berrian: Burmuina etengabe aldatzen den organo korapilatsua da.

Harvard Unibertsitateko eta Beijingeko Nanozientzia eta Teknologia Zentroko ikertzaileek garun-jarduerari jarraipena egiteko, teknika optogenetikoak aplikatzeko eta garunaren eta ordenagailuen arteko elkarrekintza bideratzeko egokia izan daitekeen teknologia bat garatu dute. Ana Galarragak azaltzen digu Elhuyar aldizkarian: Zirkuitu elektroniko bat ezarri dute saguen garunean, xiringa baten bidez.

Guztiaren atzean omen dago matematika. Astronautikan, meteorologian, arkitekturan, ingeniaritzan eta merkatuteknian ere. Javier Duoandikoetxea matematikariak honen adibidea jartzen digu Zientzia Kaiera blogean. Eguneroko bizitzan hain ohikoak ditugun kodeen jatorriaz eta zereginaz mintzatu zaigu: liburuen ISBN zenbakiaz, jangarrien edo erosten ditugun produktuen barra-kodeez, identifikazio fiskalaren zenbakiaz… . Ba al dakizue guztiak zenbakien zuzentasuna ziurtatzeko eta erroreak antzemateko kontrol bideak direla?

Ingurumena, klima-aldaketa eta biologia

Ainara Valencia biologoa da eta ibaietako arrainek pairatzen duten kutsadura aztertzen du. Egun, gure araztegietan etxeko eta industrietako ura garbitzen bada ere, bertan agerian gelditzen dira prozesatu ezin diren konposatu kutsatzaileak. Hauek araztegiek ibaietara isuritako uretan bueltatzen dira erreketera eta arrainetan duen eragina ikertu du Ainara Valenciak, beraien histopatologiari eta hainbat geneen transkripzio mailak aztertuz. Unibertsitatea.net atarian kontatzen digu egindakoa eta emaitzak.

Gure ibaietako arrainek egoera kaxkarrei aurre egin behar badie, bisoi europarrak ere ez du bizi egoera ona. Izan ere, desagertzeko arriskurik handiena duen ugaztuna da. Estatuan 500 banako daude guztira eta gehienak Mediterraneo isurialdean, Ebroko arroan. Gainerakoak talde txikietan sakabanaturik daude Euskal Herriko Kantauri isurialdeko arroetan. Egoerari aurre egiteko eta bisoi europarraren populazioak sendotzeko Elhuyar aldizkarian kontatzen digute Life Lutreola Spain egitasmoa abian jarri dutela.

Ezagunak ditugu klima-aldaketaren ondorioak, horien artean basamortutzea da agerian duguna. Gure planetaren lurrazalaren laurdena desertifikazioak jota dago. Guztira, 3.600 milioi hektarea inguru dira, eta kopuru horri urtero 12 milioi hektarea gehitu behar zaizkio. Euskal Herrian dagoen basamortu bakarra Bardeakoa da eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko Miguel Angel Campo irakasleak Bardean higadurak izan duen eragina aztertu du. 1927tik 2012ra bitartean erosioaren bidea jarraitu du ikertzaileak. Juanma Gallegok ematen digu honen berri Berria egunkarian: Basamortutzea, Europarako bidean.

Arkeologia eta paleontologia

2011n, Wollongong eta Ingalaterra Berriko unibertsitateetako arkeologoek indusketak egiten ari ziren Australiako Kimberley erregioan, itsasertzeko harpe bat ikertzen eta ezohiko altxor batekin egin zuten topo aztarnategian: perla bat. Duela 12.000 urte baino gehiago indigenek utzitako aztarna piktoriko ugari zeuden zonaldean baina ez zuten espero aurkitzea halako perla bat. Perla naturala dela eta bi mila urte inguru dituela egiaztatu dute datazio proba ugariren ondoren. Amaia Portugalek ematen digu honen berri Zientzia Kaiera blogean: Bi mila urte dituen altxorra.

Eider Cartonek, bestalde, Elhuyar aldizkarian diosku Londresko Imperial Collegeko ikertzaileek egitura organikoen arrastoak aurkitu dituztela duela 75 milioi urteko dinosauroen fosiletan. Dirudienez, globulu gorriak eta kolageno-zuntzak diruditen egiturak atzeman dituzte eta honek adierazten du uste baino ohikoagoak izan daitezkeela ehun bigunen hondarrak dozenaka milioika urteko fosiletan.

Zientziaren dibulgazioa

Arestian aipatu ditugun artikulu guztiak Interneten dituzue eskura, blog, aldizkari edota egunkarietan. Zientzia-grina duenak, klik eginez berehala aurkituko du informazioa. Izan ere, Interneten garapenak erraztu egin du zientziarainoko bidea baina zientzia-gaiei buruzko informazioa, gehien bat, gune berezituetan aurkitzen da eta ez jeneralistetan. Ondorioz, nola eskuratzen dute informazioa jakin-mina ez duten herritarrek? Nork hurbiltzen dizkie zientzia-gaiak? Hiritarrak erraz topa ote dezake zientzia-gaien inguruko berririk egunkarien orrialdeetan, irratia edo telebista piztuta? Erantzuna, ezezkoa da. Hala da, zientzia eta hedabideen arteko harremana, Ana Riberak azaltzen digun moduan, ez baita harreman sendoa.


Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.