Asteon zientzia begi-bistan #480

Zientzia begi-bistan


Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

Ingurumena

Ikerketa berri batek klima-larrialdiak Europako itsasoen biodibertsitatean duen eragina aztertu du. Ondorioztatu dutenez, tenperatura igoerengatik azken 40 urteetan Ozeano Atlantikoa tropikalizatu egin da. Horrek esan nahi du ur beroetako espezieen kopurua areagotu dela. Beste eremu batzuetan, kontrara, borealizazioa gertatu da, eta ur hotzetako espezieak ugaritu dira. Prozesu hauek espezieen migrazioak hobeto ikertzeko beharra erakutsi dute. Azalpenak Berrian.

Biologia

Nerea Vallejo López biologoa da, eta Geoffroy saguzarraren ekologia trofikoa ikertzen du bere tesian. Vallejok dio jende askok koronabirusagatik ezagutu dituela saguzarrak, baina ez du somatzen horrek eragin negatiborik izan duenik. Azaldu duenez, Euskal Herrian saguzar-espezie asko mehatxupean daude, eta faktore nagusia gordelekuen degradazioa eta desagerpena dela adierazi du. Argi utzi nahi izan du saguzarrak oso garrantzitsuak direla hainbat ekosistemetan, baina, hortik harago, berezko balioa eman behar zaiela. Informazio gehiago Zientzia Kaieran.

Geologia

Lurreko mantuan abiadura txikiko eremu handiak izeneko egiturak daude, eta datu berriak lortu dira horien inguruan. Ikerketa berri batek iradoki du eremu horiek gure Ilargia sortu zuen talka berean sortu zirela. Talka horren arrastoak lirateke eremu horiek, eta gure planetaren bolumenaren ia % 6 hartzen dute. Datuak Zientzia Kaieran: Planeta zatitxo bat beste planeta baten barruan.

Zoologia

Ur epeleko koralak dira ezagunenak, baina ur hotzeko koralak ere existitzen dira. Koral mota horrek koral-espezieen beste erdia osatzen du, eta gehienak iluntasunean bizi dira. Horregatik, ez dute alga sinbionterik, eta zuri eta gris tonalitatekoak dira. Izenak dioen bezala, 4-12ºC bitarteko uretan aurkitu daitezke, eta ekosistema oso aberatsak sortzen dituzte. Euskal kostaldean ere baditugu koralak. Azalpenak Zientzia Kaieran: Ur hotzeko koralak.

Neurologia

Ezer ez duzunean egiten, zure garunak lana egiten du. Kanpoko estimulurik ez dugunean, gure garuneko eremu batzuk aktibitatea murrizten dute, baina neurona-sare bat aktibatu egiten da. Lehenetsitako neurona-sarea izendatu dute adituek, eta duela 20 urte haren berri izan genuen arren, hura ikertzen jarraitu dute. Gaur egun pentsatzen da neurona-sare honek erlazioa izan dezakeela barneko narratiba eraikitzearekin. Informazio gehiago Zientzia Kaieran.

Matematika

Origamia bada artea, baina matematika ere bada. Jose Ignacio Royo UPV/EHUko Matematika irakaslea da eta origamian aritua. Papera tolestu eta formak eraikitzean datza origamiak, baina Royok azaldu duenez, erlazio handia du matematikarekin. Figurak diseinatzeko teknika matematikoak erabiltzen dira, eta grafo bat sortzen da azken finean. Ingeniaritzaren esparruan eta ikerketa zientifikoetan ere erabiltzen da origamia, espazioan erabiliko den eguzki-panel bat edo airbag bat nola tolestu jakiteko. Datuak Berrian.

Fisika

Kuantikoki korapilatutako fotoiak sortzeko teknika bat garatu dute. Korapilatze kuantikoa eta puntu kuantikoak konbinatuz, fotoi-pare ia perfektuak sortzea lortu dute nanokable batean puntu kuantiko erdieroaleak sartuta. Fotoi-pareak ekoizteko iturri eraginkor bat lortu dute, eta iturri hori laserrekin kitzikatuta sortzen dira fotoiak. Ikertzaileek nabarmendu dute hainbat aplikazio praktikoetarako baliagarria izango dela aurrerapen hori, komunikazio segururako, besteak beste. Azalpen guztiak Elhuyar aldizkarian.

Astronomia

Esne Bidearen erdiko zulo beltzak eremu magnetiko ahaltsua duela erakutsi du Event Horizon Telescope proiektuak. Eremu magnetiko hori espiralean bilduta dago, eta zulo beltzaren erdialderantz itzultzen da. Aurrez, 2021ean, beste zulo beltz batean ere ezaugarri bera topatu zuten. Esne Bidearen erdian dagoen zulo beltza, ordea, bestea baino mila aldiz txikiagoa da eta hark baino mila aldiz masa gutxiago du. Ikertzaileek uste dute bi zulo beltz horien arteko antzekotasunek eta desberdintasunek informazio baliotsua eskainiko dutela. Informazio gehiago Elhuyar aldizkarian.


Egileaz:

Irati Diez Virto (@Iraadivii) Biologian graduatua da, Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen UPV/EHUn eta Kultura Zientifikoko Katedrako kolaboratzailea da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.