Sortzaileen gogo zoragarria

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Sormenak eta psikosiak erro genetiko bera partekatzen dutela ondorioztatu dute Islandian egin berri den ikerketa batean. Izan ere, eskizofrenia edo desoreka bipolarra garatzeko arriskua handitzen duten zenbait aldaera genetiko ohi baino maizago aurkitu dituzte diziplina artistikoren bat lantzen dutenen artean.

Jenio bat izateko erokeria puntu bat izan behar dela, kontzeptu hori oso errotuta dago gizartean. Eta kontzeptu hori justifikatzeko erraza da, adibidez, hil berria den John Nash gogora ekartzea: joko-teoria garatzeagatik Ekonomiaren Nobel saria jaso zuen matematikari honek eskizofrenia paranoidea zeukan. A beautiful mind filmak oso ezagun egin zuen aparteko ikertzaile hau. Gauzak ez dira zuri ala beltz, ordea, eta ez da komeni errazkeriatan erortzea gaitz mentalen eta adimenaren arteko loturak aztertzean.

Baina zilegi da esatea eskizofrenia edo desoreka bipolarra dutenek desberdin pentsatzen dutela, eta desberdin pentsatzea, horixe da jenio deitzen ditugun horiei egozten zaien ezaugarri nagusietako bat. Horren harira, ekarpen interesgarria egin du Islandiako ikerketa talde batek: bi gaitz horiek izateko arriskua handitzen duten zenbait aldaera genetiko aztertu, eta ikusi dute horiek maizago agertzen direla artearekin erlazionatutako elkarte profesionaletako kide direnen artean, oro har gizartean baino. Nature Neuroscience aldizkarian eman dute ikerketaren berri.

1. irudia: Jeniotzat jotzen diren artista askok izan dituzte buruko gaitzak. Irudian, Virginia Woolf.(Argazkia: George Charles Beresford)
1. irudia: Jeniotzat jotzen diren artista askok izan dituzte buruko gaitzak. Irudian, Virginia Woolf. (Argazkia: George Charles Beresford)

Analisi genetikoak egiten dituen Islandiako enpresa bateko (deCODE) zientzialariek zuzendu dute ikerketa. Helburua zera zen, ikustea ea eskizofrenia edo desoreka bipolarra garatzeko arriskua handitzen duten aldaera genetikoak baliagarriak ote diren, aldi berean, sormena aurresateko. Emaitzak ez dira biribilak, eta ez dute erabateko lotura erakusten inondik inora, baina badira adierazgarriak: sormenak eta psikosiak erro genetiko bera partekatzen dutela diote ondorioek.

Islandiako daturik ez duten bi mega-analisi genetikotik abiatuta, eskizofrenia, alde batetik, eta desoreka bipolarra, bestetik, izateko arriskua handitzen duten zenbait aldaera genetiko definitu zituzten ikertzaileok aurrena. Ondoren, 86.292 islandiar aztergai hartuta, berretsi zuten aldaera horiek izateak bikoiztu egiten duela eskizofrenia garatzeko arriskua, eta heren bat handitu desoreka bipolarra jasateko aukerak.

Faktore genetiko horiek definituta eta Islandiako biztanleriarentzat ere aplikagarriak direla baieztatuta, izaera sortzailearekin loturarik ba ote duten argitzea zen hurrengo urratsa. Baina nola definitu sormena? Zerk egiten du pertsona bat sortzaile? Sailkapen hori egiteko modu perfektua aurkitzea zaila da. Kasu honetan, ikus-entzunezko artisten, aktoreen, dantzarien, musikarien eta idazleen Islandiako elkarteren bateko kide diren mila lagun aukeratu zituzten lagin moduan. Emaitzen arabera, arriskutsutzat jotako geneak gizarte orokorrean baino maizago agertzen dira sortzaileek osatutako lagin honetan: definitutako aldaera horiek aurkitzeko aukera batez bestekoa baino %17 handiagoa da talde honetan.

2. irudia: Musika emanaldi bat Islandian. Zenbait diziplina artistikotako kideak aztertu dituzte ikerketa honetan. (Argazkia: goatling / CC BY-SA 2.0 lizentziapean)
2. irudia: Musika emanaldi bat Islandian. Zenbait diziplina artistikotako kideak aztertu dituzte ikerketa honetan. (Argazkia: goatling / CC BY-SA 2.0 lizentziapean)

Emaitzok kontrastatzeko, Herbehereetan eta Suedian aurrez egin diren azterketatan bildutako 35.000 lagun ingururen datuak ere aztertu zituzten ikertzaileok. Kasu horietan, eskizofrenia edo desoreka bipolarraren errotzat jotzen diren aldaera horietakoren bat izateko aukera are handiagoa zen pertsona sortzaileen artean; %25ekoa, hain zuzen.

Horrenbestez, ikerketa honek erakusten duenez, izaera sortzailea duten pertsonek dituzten zenbait aldaera genetiko dira, aldi berean, gaitz mental batzuk izateko arriskua handitzen duten aldaera genetiko berberak. Hala ere, oso kontuan izan behar da bai sormena, bai eta gaitz mentalak ere, askotariko faktoreen baturatik datozela. Lotura egon badago, beraz, baina ez da estu-estua, eta are gutxiago erabatekoa.

Erreferentzia bibliografikoa

Robert A Power et al. Polygenic risk scores for schizophrenia and bipolar disorder predict creativity. Nature Neuroscience, 8 June 2015. doi:10.1038/nn.4040


Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.