Asteon Interneten jorratu diren zientzia-gaien laburpena. Begirada bat emango diogu?
Medikuntza
Arrek eta emeek ez dute berdin antzematen mina. Ana Galarragak diosku Kanada eta AEBetako zientzialarien ikerketa-lan batek eman duela arestian aipatu dugun emaitza. Izan ere, ikertzaileok egindako esperimentuan antzeman dute min kronikoaren mekanismoan parte hartzen duten zelulak ez direla berdinak sagu arretan eta emeetan. Datu guztiak Elhuyar aldizkarian: Mina arintzeko esperimentu batek agerian utzi du emeen eta arren artean dagoen aldea.
Nature aldizkarian argitaratu den artikulu bat du hizpide Joxerra Aizpuruak, depresioak sendatzeko bide interesgarri baten berri emateko: depresioaren aurka, argia da hoberena. Argia? Bai, gogorapen positiboak ditugun garuneko neuronak argi izpien bidez aktibatzean datza konponbidea. Eta nola ez, datu guztiak Argia aldizkarian.
Maite Insausti kimikariak biomedikuntzan nanoteknologiak dituen aplikazioak azaldu zizkigun duela hamar egun Zientzia Kaiera blogean. Besteak beste, minbiziari aurre egiteko hipertermia magnetikoa tratamendu bezala erabiltzen dela azaldu zigun. Baina zer da hipertermia magnetikoa? Hipertermian beroa erabiltzen da tratamendu gisa, gorputzeko ehun jakinak tenperatura fisiologikotik gora berotzen dira eragiteko gaixotasunean. Kasu honetan tumoreak suntsitzea da helburua, nanopartikula magnetikoek askatutako beroaren bidez. Informazio osatua eman digu asteon Eider Cartonek Elhuyar aldizkarian: Nanopartikula magnetikoak, tumoreak berotuz suntsitzeko.
Astronomia
Egunak joan eta egunak etorri. Bat, bi, hiru… Josu Lopez-Gazpiok ikertzaileak aurreko astean azaldu zigun zenbakiek gobernatzen gaituztela. Zenbakiek badute garrantzia baina ba al dakigu nondik datorren darabilgun zenbatzeko sistema? Ba al dakigu zergatik dituen egunak 24 ordu eta orduek 60 minutu? Galdera erraza da, erantzuna emango didazue mesedez? Estitxu eta Jesus Mari Txurruka biologoek eta aita-alabak dute erantzuna. Zientzia Kaierara etorri zaizkigu historian atzera egiteko, sumertarren zibilizazioraino jo dute azaltzeko nola sistema duodezimala (12an oinarrituta) eta sexagesimala (60an oinarrituta) erabiltzen zutela zenbatzeko eta horretan oinarrituta, eguna bi zati handitan banatu zuten (12 ordukoa bakoitza): eguna, 12 ordutakoa eta gaua, 12 ordutakoa ere. Guztira, 24 ordutako tartea. Eta zati txikiak, minutuak, euren zenbatzeko sistema zenbatzeko gai zen kopurura mugatu zuten, 60. Duela 5.200 urteko kontu honek gaur egun ere bizirik dirau.
Hizkuntzalaritza
Askok dute hizkuntzak jakiteko irrika, baina gehienetan, grina amets hutsal modura gelditzen da, gauzatu gabe. Dela diru falta, dela denbora falta, dela borondate falta, gehienek alde batera uzten dute asmoa, kontuari urte berrian berriz ekiteko. Ziur aski hau gertatzen da lelo ezagun horrek eraginda “txikitan ez bada, jai duzu”. Ikertzaileek diotenez ez dago adin-mugarik hizkuntzak ikasten hasteko, hizkuntza bat ikastea posible baita edozein adinetan eta onuragarria da gure garunaren osasunerako. Maria José Moreno kazetariak ematen dizkigu datuak Zientzia Kaiera blogean: Hizkuntza baten jabekuntza, ume kontua, edadetuentzako laguntza.
Hizkuntza bakoitzak ezaugarri bereizgarri batzuk ditu. Hala nola, euskarak baditu egitura bereziak; besteak beste, “adarra jo” edo “lan egin” bezalako hitz-jokoak. Horiek ditu aztergai Uxoa Iñurrieta itzultzaileak eta ikertzaileak. Uxoak egitura horiek euskara-gaztelania eta euskara-ingelesa itzulpenetan nola itzultzen diren aztertzen du gerora tratamendu automatikoa emateko hauei, itzulpen automatikoetan. Ana Galarragak eman digu honen berri Zientzia Kaiera blogean: Uxoa Iñurrieta: “Diziplina arteko nahasketa hori oso gustuko dut“.
Teknologia
Veronica Donoso ikertzaileak teknologia berriek haur eta gazteen hezkuntza prozesuan duen eragina du ikergai. Egun, Lovainako Unibertsitate Katolikoko Komunikazioa eta Hedabideen Ikerketa Institutuan dihardu lanean eta Euskal Herrira etorri da UPV/EHUko Udako Ikastaroetan haren ikerketaren emaitzei buruz hitz egiten. Ilargi Agirre kazetariak Berriarako elkarrizketatu du. Ikertzaileak dioskunez Youtube da sareko ataririk ezagunena haurrentzat. Haurrek kanala batez ere, bideoak ikusteko erabiltzen dute. Horrez gain aitortzen du egindako ikerketan ikusten dela teknologia oso garrantzitsua dela haurrentzat, baina ez dela beste arlo batzuen gainean gailentzen. Gurasoekin egotea, kirola egitea edo beste hainbat ekintza ere asko gustatzen bazaizkie haurrei.
Zientzia eta matematika
Gustavo Ariel Schwartz fisikari eta idazleak zientzia literaturarekin uztartzen du bi arloak baititu gogoko, eta bien arteko zubi lana egiten dihardu duela lau urte. Ikertzailearen esanetan, “bi diziplinek hitz bera erabiltzen dute oinarrizko fusioa deskribatzeko: kontatu. Literaturak ipuinak kontatzen ditu, eta matematikak kontuak kontatzen ditu. Baina badituzte desberdintasunak ere, literaturak zientziak baino askatasun handiagoa du. Beraz, literaturak matematikak ez daukan askatasuna du. Berrian Lander Muñagorrir kazetariaren eskutik: Galdera egokiak egin ezean, zaila da aurrera egitea.
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.