Zientziak ahal bezain sendo baieztatu du Cervantesen hezurrak aurkitu direla. Post honetan ez dut ebaluatu nahi ez aurkikuntza hori, ez indusketa benetan egin behar ote zen, ez eta aurkikuntzak izan dezakeen erabilgarritasuna. Hemen helburu modura hartuko dut zientzialariek beren lana, emaitzak eta ondorioak plazaratzeko modua aztertzea.
Aurtengo martxoaren 17an, prentsaurreko batean eman ziren jakitera indusketaren behin-behineko emaitzak. Hauek izan ziren ikerketaren ikerlari nagusiak: UPV/EHUko Medikuntza Legaleko irakasle titularra den Francisco Etxeberria, Francisco Jose Marín Perellón historialaria eta Almudena García-Rubio antropologoa. Ikertzaileok, hedabideen aurrean agertu ziren, informazio zehatza emateko eta galderak erantzuteko. Geroztik, batez ere Almudena García-Rubio agertu zen telebistako saio batzuetan, inongo zientzia-ezagumendurik gabeko aurkezleen galderei aurre egiteko. Berez, aurkezleek ez zuten zertan zientzia-formaziorik izan, titular bat baizik ez zuten nahi.
Gauza zaila zen, oso gutxitan pizten duelako zientzia-aurkikuntza batek hainbeste jakin-mina. Izan ere, erronka latza zen, baina zientzialariek bikain jokatu zuten prentsaurrekoan. Batetik zientzia-ezagumendu sakona erakutsi zuten, eta bestetik, ondo moldatu ziren hedabideen artean. Kasu honetaz baliatuta, eman ditzagun hainbat aholku. Oso aholku zentzuzkoak izango dira, baina horrek ez du esan nahi zientzialariak hedabideen aurrean ondo asmatzen duenik beti, eta ondorioz, zientzia-informazioa ez da beti behar bezain eraginkor transmititzen.
Hasteko, funtsezkoa da parte hartuko dugun ekitaldiaren ezaugarri guztiak zehatz ezagutzea. Ez da gauza bera prentsaurreko bat eta zuzeneko emanaldi bat telebistan. Ez da gauza bera plato batean aurkezle bakar batekin aritzea, eta eztabaida batean beste hainbat parte hartzailerekin aritzea. Jakin beharrekoa da nora goazen, zertarako deitu gaituzten, eta zertaz hitz egin nahi duten. Dena galdetu behar diozu zurekin kontaktuan jartzen den ekoizleari edo telebistako erredaktoreari. Nor arituko da zurekin? Zuzenean egingo ote da? Zeintzuk dira hitz egingo duten beste guztiak? Zein izango da saioaren iraupena? Onlinen ere igorriko da? Zure lanean bertan grabatuko bazaituzte, gero material hori erabiltzeko, zer iraupenetakoa izango da saioa, noiz emitituko da, nortzuk izango dira parte-hartzaileak? Batera erabiliko ote dira zure ahotsa eta zure aurpegia, edo beste irudi batzuen gainean joango da zure ahotsa?
Bigarrenik, gogoan izan behar dugu irudiak direla garrantzitsuenak telebistan.
Hiru ikerlariak, jantzi ilunez jantzita zeuden, inongo ile-apaindura edo bestelako deigarririk ez zutelarik. Nabari zen nahi zutela kazetariek zientzia-datuei erreparatzea. Serio ematen zuten eta horixe transmititu behar zuten, gero bere lanean jende atsegina eta dibertigarria badira ere. Begirada bakar botata, jendeak pentsatuko zuen “serioak dira eta badakite zertaz ari diren”.
Ematen du hau begi bistakoa dela, baina ikerlari askok ahaztu egiten dute, eta elastiko edo traje deigarriak jantzita azaltzen dira saioetan. Beraiek maite duten jantzia ateratzen dute “bestela ez bainintzateke ni izango” aldarrikatzen baitute behin eta berriz.
Ez duzu “zeu” izan behar telebistan
Zientzialari bati dei egiten diotenean, ikerkuntza edo aurkikuntza horren irudien bila dabiltza telebistan, eta ez dago denbora askorik zientzialaria bera ezagutzeko. Ikus-entzuleak buruan gordeko du irudi hori, eta horren arabera erabakiko du serioa, fidagarria eta eraginkorra ote den zientzialaria. Beste ideia bat eragiten duten beste kontu guztiak oker hautatuko ditu zientzialariak, nekez aldatuko baita gero hasierako irudi hori. Coco Channelek esan ohi zuen “ez dago bigarren aukera bat, hasierako inpresio baterako”.
Garbi izan behar duzu zer transmititu nahi duzun, zure elastikoa ala zure ideiak. Horrela, zuk normalean mantala, eskularruak edo betaurrekoak erabiltzen badituzu lanean, komenigarria da haiek jantzita azaltzea, hala eskatzen badizute. Horrela, berehala identifikatuko zaituzte, irudien beheko aldean azalduko den zure izena irakurri beharrik gabe. Lasai, ez da maskaratzea, ez eta zure burua saltzea ere. Mezua behar bezala igortzea besterik ez da.
Telebistan egiten den aurkezpen bat, edonolakoa delarik ere, ez da ideia-elkartruke bat eta horregatik, norberak ondo jarri behar du bere gorputza. Goian aipatutako prentsaurreko horretan, hiru zientzialariak lasai azaldu ziren, eta ez ziren inola ere mugitzen. Zuzen-zuzen begiratzen zioten kazetariari eta ez zuten inoiz bere hizketa moztu. Jendaurreari hitz egin zioten, gehiegizko zalapartarik edo imintziorik gabe. Mezua zen garrantzitsuena, eta beste guztia soberan zegoen, nahasgarria gerta zitekeelako.
Telebistan, dena ikusten da. Hizketan ari ez zarenean ere ager zaitezke pantailan, eta horregatik, gorputza behar bezala mantendu behar duzu une oro. Serio eta eroso egon. Ez adierazi urduritasunik, eta ez erantzuteko presarik. Ez esan inola ere “galdera hori erabat ergela da”, erabateko ergelkeria galdetzen dizutenean ere. Aurretik esan beharko dizute eserita, zutik, atril baten atzean edo mahai batean egongo ote zaren. Izan ere, horrek guztiak izugarri baldintzatuko du zure gorputz-jarrera eta zure erosotasuna.
Titular bat, probokazioa du telebistak helburu, eta hortaz, ulergarria da kazetariak galdera korapilatsuak egitea, edo galdera bat behin eta berriz errepikatzea. Berak erantzun jakin bat nahi du eta horren bila ibiliko da buru-belarri. Hori ageri-agerikoa izan zen aipatutako aurkezpen horretan. Zientzialariak garbi izan behar du buruan zein mezu helarazi nahi duen. Aurretik ondo taxututako hiru ideia, besterik ez. Hiru ideia nagusi horiek errepikatu beharko ditu aspertu arte, eta besterik botatzen badu, galdu egingo dira hiru ideia nagusiak. Ikasi behar da tranpatiak diren galderei erantzuten, zeharka erantzuten, erantzunak behar den bezala bideratzen. Azken batean, mezu nagusia gailendu behar da aurkezpenean.
Berez, bermatu egin behar dizute mezu nagusia ondo islatuta geratuko dela ekoizpen ondoko edizioan. Gogoan izan behar duzu erraz gerta daitekeela zure hitzak moztuta geratzea, edota hain zuzen garrantzitsuak ez diren hitzak editatzea.
Hiru zientzialari hauek temati errepikatu zuten ideia bera: “Dokumentuetan, historian eta antropologian oinarrituta, ziur dakigu aurkitutako hezurretan badaudela Miguel de Cervantesenak ziren batzuk, baina ezinezkoa gertatzen zaigu azken horiek zehatz identifikatzea”.
Zientzialariek zehatz-mehatz igorri nahi dituzte mezuak, ahalik eta zehaztuen. Hala ere, hori ez da garrantzitsuena telebistan. Zehaztapenak azalezko gerta daitezke, ez dagoelako ez denborarik ez erritmo egokirik horrelakoei erreparatzeko. Mezu nagusia igorri beharko da, bakar-bakarrik, ahalik eta era errazenean. Telebista ez da kongresu bat, ez da aldizkari bat, ez eta post bat, blog bat edo liburu bat. Berehalako komunikazioa da, eta are garrantzitsuago, ezin duzu geroago editatuko diren irudietan kontrolatu, ez ahotsa ez gorputza. Zehazki zer esan, zorrotz nola esan, horra erronka nagusia.
Hedabideetan emandako berrietan, bistan da Etxeberriaren taldeak ondo transmititu zuela ideia nagusia, gaizki-ulertu guztietarako bideak saihestuz.
Tamalez, pseudozientziek ederki ikasi zituzten baliabide hauek, zientziak berak baino lehenago. Zientziak bada, bere egin behar ditu aholku hauek guztiak, jendaurreko aurkezpenetan argi, labur, eta erraz aritzeko.
Egileaz: Ana Ribera (@molinos1282) historialaria da eta telebistan dihardu lanean duela 14 urte.
Juan Carlos Odriozolak euskaratu du artikulua.