Eboluzioaren mamuak

Dodo

Irudia: XVII. mendeko Herbehereetako eskolako dodo baten erretratua (Wikimedia Commons)

Jo dezagun inguruan ditugun ekosistemak ez direla oraindik “osatu”. Pentsatu ohi dugu ikusmiran ditugun bizidun guztiek batera eboluzionatu dutela eta ondorioz oreka bat dugula: joera dugu, bai, ezegonkorra bada eta eten gabe aldatzen badago ere, oreka bat dugula pentsatzeko. Sare bat irudikatzen dugu eta bertan animalia bakoitza eta landare bakoitza besteekiko harremanean gauzatzen omen da. Esan behar dizut ordea sare horretako gune funtsezko batzuk aspaldi desagertu eta mamu gisa azaltzen zaizkigula oraindik ere.

70.eko hamarkadan sortu zen anakronismo ekologikoen ideia, Dan Janzen eta Paul Martin (Arizonako Unibertsitatea) Costa Ricako zuhaitzak aztertzen ari zirenean. Janzenek harrituta ikusi zuen Cassia grandis bezalako landare batzuen hazi handiak alde batera uzten zituztela bertako animaliek, eta behiak edo zaldiak bezalako espezie inportatuek aldiz gustura jaten zituztela hazi horiek. “Burutazio ero bat izan dut” idazten zion Marini 1977ko urriko gutun batean. “Ez ote zituzten bada duela 100.000 urte ugaztun handiek baso honetan jango egungo tapirrek eta oreinek jaten dituzten fruitu berberak?”

Eboluzio-anakronismoen ideiak harrera ona izan zuen hurrengo urteetan: aurrean ditugun ekosistemek galdu egin dituzte funtsezko ziren espezie batzuk, eta espezie horiek izango ziren landareek egun dituzten estrategia batzuen eragile. Nagi erraldoia edo Ozeaniako txori handiak desagertu egin ziren (batzuetan berriki, giza jarduerak eraginda), baina beraiekin batera eboluzionatu zuten landareek bere horretan jarraitzen dute hor, eboluzioaren mamuak izango balira bezala. Mamu hauek garai batean Lurrean bizi izan ziren animalien “seinale” ditugu.

Zeelanda Berriaren antzera bereizgarri ekologiko oso nabarmenak dituzten tokietan gertatzen dira egoera honen adibide ezagunenetatik asko. Moak direlakoena da adibiderik ezagun horietako bat: txori erraldoi hauek hiru metroko garaiera zuten eta 250 kiloko pisua. Giza presioak jota desagertu ziren duela ia 500 urte. Baliteke ekosistema horietako landare garaiak eta pozoitsu itxurakoak mamu horietako batzuk izatea, suntsitutako animalia batekin eboluzionatu zuten batzuk izatea alegia.Itxura deigarriko loreak aztertuta, besteak beste pentsatzen hasiak dira agian kolibriak egongo zirela Europan garai jakin batzuetan.Ipar Amerikako Louisianako laranjondoko fruituaren tamaina handia, uler daiteke onartzen badugu garai batean belarjale oso handiak egon zirela. Animalia hauek laranjondoen haziak barreiatuko zituzten, baina zaldiek hartuko zuten beranduago zaldien tokia. Era berean, uste dute Zeelanda Berrian oso kolore bitxiak dituzten gaueko hegazti batzuk, garai batean egongo ziren harrapari handien seinale direla, hau da, hegazti hauek harrapari horien mende egongo ziren garai batean. Madagaskarren lemureek beldur diete hegaztiei, eta uste dute hegazti harrapari handi bat egongo zela; era berean, pentsatzen dute txori elefanteak moaren funtzio berbera beteko zuela. Ba ote dira uhartean dauden landareetako batzuk suntsitutako hegazti hauek elika-ohituren seinale?

Probek agerian utzi dute eboluzio-anakronismoaren ideia zentzuzkoa dela maiz. Hala ere, Darren Naishe Scientific Americanen esan du hainbatetan gehiegi jo dela ideia horretara, eta eboluzio hutsa besterik ez zegoela kasu jakin horietan. Naishen hitzetan, “ezagunegia egin zen eta jendea hasia zen edonongo mamuen berri ematen”. Horrela, baieztatu du landareek beste arrazoi batzuengatik izan ditzaketela garaiera handia, itxura bitxia eta fruitu erraldoiak edo baita babes-moldapenak ere. Adibidez, baliteke beraien arteko elkarrekintzengatik gertatu izana.

Dodoa eta bere tokiko tanbalakoke zuhaitzaren artekoa da Naishek aipatzen dituen oker horietako bat, eboluzio-mamuen bila dabilelarik. Joan den mendeko 70.eko hamarkadan, uste izan zuten zuhaitza desagertzear zegoela, eta hegaztiaren izen berbera jarri zioten: dodo zuhaitza. Izan ere, dodo txoria gizakiak eraginda desagertu zen. Stanley Tempek, baieztatu zuen zuhaitz horren haziak dodoa bezalako txoriek baizik ezin zituztela digeritu eta beraz zuhaitza ere desagertu egingo zela. Azkenean baina, gezurtatu egin zen hipotesia. Izan ere, beste ekologo batzuek, aurkitu zituzten zuhaitz hauetako batzuk ondo ernaltzen, dodoaren beharra sumatu gabe. Horrela, zuhaitz hauen etsaiak beste batzuk zirela ondorioztatu zen.

“Argi ibili behar dugu, edozer gauza koeboluzio-moldapentzat ez hartzeko” dio Naishek. “Erraza da loreen moldapen bitxiak aurkitu eta berehala ondorioztatzea megafaunarekiko koeboluzioari zor zaiola landareen forma hori”. “Landareen itxura ikertzen aritzen diren zoologoek eta paleontologoek bat egin beharko dute botaniko, klimatologo eta ekologoekin” eskatzen du, “eta agian horrela lortuko dugu mamu asmatuak benetako mamuengandik bereiztea”.

Erreferentzia: : The ‘ghosts’ of extinct birds in modern ecosystems (Scientific American)

—————————————————————–

Egileaz: Antonio Martínez Ron (@aberron) zientzia-kazetaria da.

—————————————————————–

Juan Carlos Odriozolak euskaratu du artikulua.

———————————————–

Oharra: Istorio honekin harreman handia du komiki labur honek

2 iruzkin

Eman iritzia

El PiscolabisEl Piscolabis

El Dodo, un pájaro extinguido “: Eboluzioaren mamuak – t.co/BQC7PDGvWdhttp://t.co/HfxU08ZQi1” vía @Uhandrea

Eboluzioaren mamuak | ZIENTZIA EUSKARAZ | Scoop.it

[…] Irudia: XVII. mendeko Herbehereetako eskolako dodo baten erretratua (Wikimedia Commons) Jo dezagun inguruan ditugun ekosistemak ez direla oraindik “osatu”.  […]

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>