Bidebarrieta Zientifikoa: Medikuntza pertsonalizatuaren dilema etikoak

Ekitaldiak

dilema etikoak

Medikuntza pertsonalizatua eraldatzen ari da gaixotasunak ulertzeko dugun modua, bereziki adimen artifiziala eta gene-analisien bezalako garapen teknologikoei esker. Historian lehen aldiz, arreta indibidualizatuagoa eta eraginkorragoa eskaintzeko aukera ematen diguten tresnak ditugu, paziente bakoitzaren ezaugarri berezietara egokituak, eta horrek orain arte ezagututako arreta medikoaren eredua irauliko duela ematen du.

Hala ere, teknologia horiek aurrera egin ahala, osasunarekin eta gizarte osoarekin zerikusia duten dilema etiko berriak sortzen dira. Datu bolumen handien erabilera masiboak pribatutasunari eta diskriminazio arriskuari buruzko zalantzak sortzen ditu. Zenbateraino gaude prest gure informazio pertsonala emateko, osasun arreta zehatzagoa lortzeko? Zer gertatzen da intimitaterako eta gure datuen babeserako eskubidearekin gero eta digitalizatuagoa dagoen mundu honetan?

Gai horien inguruan argia emateko asmoz, Iñigo de Miguelek, UPV/EHUko Ikerbasque irakasle ikertzaileak eta bioetikan eta teknozientzia berrien zuzenbidean adituak, “Dilemas éticos de la medicina personalizada” (Medikuntza pertsonalizatuaren dilema etikoak) hitzaldia eskainiko du martxoaren 5ean, asteazkena, 19:00etan, Bilboko Bidebarrieta Liburutegian.

Hitzaldian, Zuzenbidean eta Filosofian ere doktore den De Miguelek medikuntza pertsonalizatuaren erronka bioetiko nagusienetako batzuk aztertuko ditu, hala nola, pazienteen datuen kudeaketa masiboa, diskriminazio arriskua edo erabaki medikoak ez daudela bakarrik algoritmo automatizatuen mende bermatzearen garrantzia. Horrez gain, beste gai batzuk ere jarriko ditu mahai gainean, esaterako, osasun arloko profesionalari alternatibak eskaini beharra terapiekiko atxikidura falta saihesteko. Izan ere, fenomeno hori gaixo batek medikuaren aginduak behar bezala jarraitzen ez dituenean gertatzen da, eta egungo medikuntzaren erronka handienetako bat bihurtu da.

Medikuntza pertsonalizatuaren dilema etikoen inguruko hitzaldi-solasaldia UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eta Bidebarrieta Liburutegiak antolatzen duten Bidebarrieta Zientifikoa zikloaren saioa da. Hitzaldia aurrez aurre, eta streaming bidez ere ikusi ahalko da KulturguneaTB kanalean. Aretoko sarrera doakoa eta librea izango da lekuak bete arte.

Hizlaria

Íñigo de Miguel Beriain Ekonomia eta Enpresa Zientzietan lizentziatua da (Nafarroako Unibertsitatea), Zuzenbidean lizentziatua eta doktore europarra (UNED) eta Filosofian doktorea (UPV/EHU). Gaur egun, Ikerbasque ikertzaile irakaslea da UPV/EHUko Zuzenbide fakultateko Zuzenbide eta Giza Genoma Katedrako ikerketa-taldean. Espainiako Bioetika Batzordeko kidea eta Euskadiko Medikamentuen Ikerketarako Etika Batzordeko (CEIm) presidentea da. Bioetikarekin eta teknozientzia berrien zuzenbidearekin lotutako sei liburu eta hirurogei artikulu baino gehiago argitaratu ditu.

Bidebarrieta Zientifikoa: Medikuntza pertsonalizatuaren dilema etikoak

Data
Ordutegia
19:00etatik 20:30etara
Tokia
Bidebarrieta Liburutegia
Helbidea
Bidebarrieta, 4, Bilbo

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.