Erraza da pentsatzea Geologiaren esparruan lan egiteko ikusmena besterik ez dugula erabiltzen. Paisaia begiratzen dugu haren historia ulertzeko; harri edo fosil bat begiratzen dugu horiek identifikatzeko; mikroskopioaren bidez begiratzen dugu materialaren sekreturik txikienak deskubritzeko… begiratu, dena begiratzen dugu. Baina, benetan, geologoek bost zentzumenak erabiltzen ditugu gure azterlanak ahalik eta osatuenak izan daitezen. Bai, bai, bostak; baita dastamena ere.
Nik idatzitako beste artikuluren bat irakurri baldin baduzue, jakingo duzue, zientzia esparruaren barruan, Geologian lan egiten dugunok «harri-miazkatzaile» izatearen ospea daukagula. Eta, beste zenbaitetan esan dudan moduan, ospe hori benetan merezi dugu. Listua erabiltzen dugu lanerako. Izan ere, askotan, harri baten ebaketa freskotik pasatzen dugu mihia, eskuzko luparekin barne-egitura errazago ikusteko; mihiaren punta hurbiltzen dugu harrira ikusteko ea bertara itsasten zaigun, porositatea zehazteko; eta lokatza ere mastekatzen dugu, gutxi gorabehera, sedimentu hori osatzen duten partikula-aleen tamaina kalkulatzeko. Horrez gain, material geologikoak dastatzen ditugu horiek identifikatzeko.

Beti esan digute urak ez duela zaporerik, baina hori ez da guztiz egia. Botilako ur minerala hartzen baduzue, ziur nago besteak baino gehiago gustatzen zaizuen bat badagoela. Nire kasuan, Solaresko (Kantabria) herritar harroa naizenez, beti esaten dut gainerako markek ez dutela zaporerik. Izan ere, botilako urek duten zapore hori uraren «mineralizazioaren» araberakoa da; hau da, uretan disolbatuta dauden elementu kimikoen araberakoa. Eta elementu horiek leku batetik besterik ezin dira atera: lurpeko urak egiten duen lur azpiko bidaian dauden arroketatik.
Horiek horrela, Solaresko ura «gogorra» da kaltzio karbonatozko kantitate handiak dituelako disolbatuta. Horrek zapore biziagoa ematen dio, kareharrietatik igarotzen delako. Aitzitik, granitoa bezalako harrietatik igarotzen diren urak «mineral-eduki arinekoak» dira, eta zapore oso suabea dute. Gainera, ur mineralaren konposizio kimiko horrek ere zehaztu egingo dute harekin prestatzen diren produktuen zaporea, hala nola garagardoa. Gaiari buruzko informazio gehiago nahi baduzue, Andrés Díez Herrero nire kide maite eta miretsiaren bloga gomendatzen dizuet: Geología de Segovia. Benetan txundituta utziko zaituzte.

Baina izenburuak ez du ura aipatzen; harriak aipatzen ditu. Izan ere, harri mota jakin batean, dastamena erabiltzen dugu hura osatzen duten mineralak identifikatzeko —landa lanetan behintzat—: ebaporitak. Harri sedimentarioak dira; izenak adierazten duen moduan, ur gaziaren lurrunketaren bidez sortzen dira eremu epeletako ingurune kontinentaletan (laku gaziak) zein itsas inguruneetan (adibidez, kostaldeko urmaelak edo albuferak), non prezipitazioak urriak diren. Ura lurruntzean, uretan disolbatutako elementu kimikoen kontzentrazioa areagotzen hasten da, eta elkarren artean konbinatzen eta mineral forman prezipitatzen hasten dira. Eta, azkenik, ur ingurune horien hondoan pilatzen dira.
Prezipitatutako mineral horien artean aurki ditzakegu igeltsua (CaSO4·1/2H2O), halita (NaCl), karnalita (KCl) eta silbita (KMgCl3·6H2O). Mundu ideal batean, mineral horiek prezipitazioaren denborazko sekuentzia bati jarraitzen diote, eta geruza fin gainjarrietan agertzen dira, non, gainera, mineral bakoitza ondo bereiz daitekeen beren egitura kristalinoari eta koloreari esker. Baina, benetako munduan, denak agertzen dira nahastuta harri ebaporitetan, oro har, masa buztintsu batean bilduta. Kasu horietan, mihia ateratzen dugu horiek identifikatzeko, zaporeak salatzen baititu. Halita gema gatz famatua da, mahaian elikagaiei botatzen dieguna; hortaz, badakizue zapore gazia duela. Silbitak gaziaren eta mingotsaren arteko zaporea du. Karnalita askoz mingotsagoa da, eta puntu pikante bat ere badauka. Eta igeltsua… dastatu zuen etxeko horma eta jakingo duzue zer zapore duen. Horiek horrela, dastamenari esker, harri bat osatzen duten mineralak identifika ditzakegu.
Ebaporitak dira ahora eramaten ditugun harri nagusiak, dastamenaren bidez horien konposizio mineralari buruzko pistak bilatzeko. Baina ez dira ahora eramaten ditugun harri bakarrak. Batzuetan, dastamenak gidatzen gaitu mineralizazio metaliko bat bilatzen ari garenean. Imajinatuko duzuen moduan, material horien zaporea ez da batere atsegina. Horrexegatik diot ezinbestekoa denean dastatzen ditugula soilik.

Baina harriak dastatzearen propietate horrek badu beste aplikazio bat landa lanetan laguntzeaz gain: desgaitasuna duten pertsonek Geologiaz gozatzeko aukera ere bada. Lurraren Zientzien arloko dibulgazio jarduerak prestatzen ari garenean ikusmen arazoak dituzten pertsonentzat, beti datorkigu burura ukimena (egitura geologikoen maketak edo mineral eta fosilen moldeak egiten ditugu) eta entzumena (audiogida inklusiboak grabatzen ditugu, irudien deskribapenekin). Baina dastamena ere erabil dezakegu, Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko Geologia Fakultatearen Ciencia sin Barreras elkarteak sortutako uren datatze tailerrean bezalaxe. Horrela, beste tresna bat ere badugu Geologiaren dibulgazio guztiz inklusiboa egin ahal izateko.
Amaitzeko, aldarrikapen bat egin nahi dut. «Harri miazkatzaile» harroa naiz, hori baita beti gainean daramadan tresna geologiko bakarra. Gainera, ez da inoiz apurtuko, eta zalantza pilo bat argitzeko balio dit. Hori bai, ez hasi orain zelaian aurkitzen dituzuen harriak miazkatzen, mesedez; geologo batek adierazten dituenak besterik ez dituzue ahora hurbildu behar.
Egileaz:
Blanca María Martínez (@BlancaMG4) Geologian doktorea da, Aranzadi Zientzia Elkarteko ikertzailea eta UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Geologia Saileko laguntzailea.
Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2025eko urtarrilaren 16an: ¿A qué saben las rocas?
Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.