Harea, ezinbestekoa, diskretua eta jaberik gabea

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Norbaitek galdetzen badizue gure zibilizazioa zer produktu nagusiren gainean eraiki den, oso litekeena da petrolioa erantzutea. Baliteke, halaber, burdina aipatzea. Baten batek, agian, plastikoa esango du. Eta nik papera gehituko nuke. Baina gutxik pentsatuko lukete harean, hots, bereziki kuartzoz (silizea) –osaera jatorriaren arabera aldatzen da, halere– osatutako eta 0,06 eta 2 milimetro arteko neurriko aleek eratutako produktu horretan.

Irudia: Hareaz baliabide natural erabiliena da, uraren ondoren. Planetaren hiri-hazkunde azkarrak ondasun urria bihurtu du eta haren gehiegizko ustiapenak, ingurumen-ondorio larriak ditu. (Argazkia: Myriam Zilles – domeinu publikoko argazkia. Iturria: Pixabay.com)

Harea ez da petrolioa, burdina edo plastikoa bezain nabarmena, eta, horregatik, ez gara ohartzen agian zer neurritan gauden haren mende. Baina ezinbestekoa zaigu: hareaz egiten dira herrixkak, hiriak eta hiri modernoak altxatzeko, eta horiek lotzen dituzten bideak eraikitzeko erabiltzen diren hormigoia, adreilua eta igeltsua. Hareaz egiten da gure etxeetara argia sartzea ahalbidetu duen beira. Eta mikrotxipak.

Harea diskretua da, baina oso kantitate handietan erabiltzen dugu: 2010ean bakarrik, 11.000 miloi tona erabili ziren munduan hormigoia egiteko, hau da, harearen gastu osoaren bi heren inguru. Gaur egun 40.000 miloi tonatik gora harea eta legar erabiltzen direla kalkulatzen da. Baliabide honek, petrolioak bezala, denbora luzea behar izan du eratzeko, eta ez da berritzen. Gainera, gero eta zailagoa da lortzen, eta hura erauzteak kalte larriak dakarzkie itsas ekosistemei. Eta ez, Saharako eta beste basamortu batzuetako hareak ez du balio; horko aleak oso meheak dira eta biribilduegi daude haizearen higaduraren eraginez. Hormigoia egiteko harearik onena ibai oheetakoa da; itsasokoa ez da egokia, dituen kloruroak korrosiboak baitira altzairuzko armaduretarako.

Harea behar-beharrezkoa da, eta Italian mafia ere sartu da negozioan horregatik. Indian ere talde mafioso ugari daude haren inguruan. Marokon, Aljerian, Vietnamen, Indonesian eta Malasian harearen legez kanpoko erauzketak daudela dokumentatuta dago, baina 70 herrialdetan ohikoak direla uste da. Indonesian, 24 uharte gutxienez desagertu dira harearen piraten ondorioz. Pirata horiek Singapurren saltzen dute, itsasoari eremua kentzeko.

Ordezko aukerak aurkitu bitartean, komeniko litzateke hormigoi beharrak gutxitzea, eraikin eta azpiegitura berrien eraikuntza murrizten saiatuz, baina oraingo eraikinak egoera onean mantentzeko ere asko behar da. Hormigoia kontserbatzeko zenbait prozedura saiatzen ari dira, bakterio eta onddo jakin batzuek kaltzio karbonatoa sortzeko duten ahalmenean oinarrituta. Era horretan, denborarekin sortzen diren pitzadurak betetzeko erabiliko litzateke hori, baina bide horrek ez du irtenbiderik ematen arrazoizko epeetan. Beste aukera bat birziklatzea da, baina eraispenen ondorioz birziklatu ahal den bolumena ez da iristen beharren % 20tik harago.

Oso litekeena da eraikitzeko oraingo metodoak aldatu behar izatea, eta bada pentsatzen duenik irtenbidea izan daitekeela egitura handiak hiru dimentsiotan inprimatzea ad hoc diseinatutako materialekin. Hala ere, ziurrenik irtenbideak ez dira iritsiko orain pentsatzen den metodo edo materialetatik, baizik eta prozedura guztiz berriren batetik.

Kantitate handiak adierazteko, oso metafora erabilia da munduko harea aleen kopurua aipatzea. Baina ez da infinitua. Baliabide honek ez du jaberik, urria da eta guztiek balia dezakete; planeta osoko «ondasun komunen tragediak» eragiten dion baliabide bat da.


Egileaz: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude