Ikerketa batek dio zahartzearekin batera gertatzen den gainbehera kognitiboari aurre egin ahal zaiola, matematika eta irakurketa landuz gero.
Esan ohi da urteak ez direla debalde pasatzen, eta errealitate ukaezina da hori munduan den ezein bizidunentzat. Bizitzak aurrera egiten du etengabean, atzerapausorik gabeko bidaia bakar eta errepikaezin batean. Eta bidaia horretan, noski, indarrekin batera, gaitasunek ere gora eta behera egiten dute bizi zikloan zehar.

Gaitasun kognitiboei dagokienez, orain arte uste izan da 30-40 urteren bueltan horiek gainbeheran hasten direla, baina ikerketa berri batek dio gutxienez 40 urte izan arte goraka ari direla. Are, adin horretatik aurrera egonkortzen direla, eta pixkanaka moteltzen direla ondorioztatu dute. Eta hala eta guztiz ere, moteltze hori ez da halabeharrez gertatu behar, eguneroko bizitzan gaitasun hauek lantzen dituztenen kasuan bederen. Hala, Science Advances aldizkarian argitaratutako zientzia artikuluak dio matematikari eta irakurketari lotutako gaitasunak lantzeko ohiturak mantentzen dituzten lagunek ez dutela narriadura kognitiborik jasaten.
Oraingoan populazio lagin konkretu bati jarraipena egin diote denboran zehar —ikerketa longitudinala eginez—. Aurreko ikerketek, aldiz, esaten zuten adinarekin batera gaitasun kognitiboak gainbeheran zeudela, baina hori ondorioztatu zuten adin desberdinetan zeuden taldeen jarraipena eginez —hots, ikerketa transbertsala eginez—: une jakin betean adin desberdina duten pertsonen gaineko datuak izan dira orain arte jorratu izan direnak.
Azken ikerketa honetan, berriz, talde beraren gaineko jarraipena egin dute, hainbat urteko aldea igarotzen utzita. Hortaz, hurbilpen hau oso bestelakoa izan da, aukera eman duelako jende berdinarekin lan egiteko, behin denbora tarte hori pasata. Modu horretan konprobatu ahal izan da ea gainbehera kognitiboa hasi ote den.
Berez, ez dituzte galdetegiak prestatu, eta dagoeneko egina dagoen inkesta multzo batean oinarritu dira. Datu horiek Alemanian aurkitu dituzte. Ikerketarako PIAAC Helduen Gaitasunak Ebaluatzeko Nazioateko Programaren datuetatik abiatu dira. Bertan, 16 eta 65 urte artean dituen Alemaniako populazio baten gaitasun linguistiko eta matematikoak aintzat hartu dituzte, eta hiru urte eta erdi ondoren bigarren ebaluazio bat egin dute, bilakaera aztertzeko. Orotara, 3.000 helduren gaineko datuak izan dituzte eskura. Horrela, adinarekin batera gaitasun kognitiboen gaineko irudi erreal bat lortu nahi izan dute zientzialariek.
Galdetegietan parte hartzaileek adierazi dute zeintzuk izan diren gaitasunei lotutako beren ohiturak, etxeko eguneroko bizitzan zein lanean. Irakurketari dagokionez, adierazi dute zenbatean behin irakurri dituzten produktuen jarraibideak, posta elektronikoak, artikuluak, liburuak edo eta erreferentziazko materialak. Matematikaren edo zenbakien kasuan, kostuen kalkulua, portzentajeen edo zatikien erabilera edota grafikoen interpretazioa izan dira galdetegian erabili izan diren erreferentzietako batzuk. Parte hartzaileek aldagai horiek guztiak 1etik 5era sailkatu behar izan dituzte, inoiz ez (1) eta egunero (5) adierazpenen arteko tarte batean.
Kasu gehienetan, 40 urte ingurura arte handitzen dira gaitasun kognitiboak, baina adin horretatik aurrera gainbeheran doaz. Alabaina, etxean edo lanean matematika eta irakurketa batez bestekoaren gainekin lantzen dutenen kasuan ez dute gainbeherarik izan, ikertutako adin tartean bederen —65 urtera arte—. Are, 50 urtera arte gaitasunek gora egin dute, eta adin tarte horren bueltan egonkortu dira. Kontrara, gainbeherak ikusi egin dira bereziki gaitasunak batez bestekoa baino gutxiago erabiltzen dituztenen kasuan.

Irakurketari lotutakoak gutxi jaitsi badira ere, aritmetikarenak modu nabarmenagoan hasi dira gainbeheran. Baina hau ez da berdin gertatu pertsona guztien artean: adinaz gain, hezkuntzak eta lanbide motak ere zeresanik baduela dirudi. Hala, lan administratiboak egiten dituztenek zein hezkuntza maila handiagoa duten pertsonek gero eta gaitasun gehiago erakutsi dituzte galdetegietan, 40 urte baino gehiago izanda ere.
Logikoa denez, bi faktore horiek lotzen direnean, emaitza are handiagoa da. Hots, ikasketa aurreratuak eta lanbide administratiboak dituzten eta gaitasun kognitiboak batez bestekoaren gainetik landu dituztenek ez dute batere gainbeherarik jasaten; are, gaitasun horiek zertxobait handitu dira karrera profesionalean aurrera egin ahala.
Beste ondorio garrantzitsu bat generoari lotuta dago. Izan ere, adinarekin, matematikari lotutako gaitasunak gehiago jaitsi dira emakumezkoen artean, gizonezkoen artean baino. Kasu horretan, ez dirudi gaitasunen erabilerak guztiz azaltzen duenik gainbehera hori, eta, horregatik, egileak sinetsita daude beste faktore batzuk tartean egon daitezkeela. Aurreko ikerketetan hori hala jaso izan dela argitu dute.
Ikerketaren muga nabarmena da Alemaniako datuekin baino ez dituztela lan egin, eta, ondorioz, ez dago garbi norainokoa izan daitekeen bertako kultura eta hezkuntza sistemaren eragina ondorioak beste herrialdeetara orokortzerakoan. Bestetik, datu eta tratamendu estatistiko indartsua eduki arren, gogora ekarri beharra dago ikerketa korrelazioan oinarritzen dela, eta, beraz, ezin duela kausaren eta efektuaren arteko harremanik finkatu.
“Adinaren eta helduen gaitasun kognitiboen arteko korrelazioak erakusten du norainoko garrantzia izan dezakeen etengabeko ikasketak”, nabarmendu dute egileek. Ondorio logikoa da helduaroan zehar ohitura horiek modu aktiboekin jarraitzea gako izan daitekeela horiek mantendu edota hobetzeko. Jakina denez, gaitasun kognitiboek inpaktu handia dute norbanakoen zein herrialdeen ekonomian, are gehiago demografikoki zaharkitze prozesu sakon batean murgilduta dauden mendebaldeko ekonomien kasuan. Hori dela eta, egileek nabarmendu dute bizitzan zehar gaitasun horiek lantzen jarraitzeko beharra, eta politika publikoek ohitura hori indartu beharko luketela adierazi dute.
Erreferentzia bibliografikoa:
Hanushek, Eric A.; Kinne, Lavinia; Woessmann, Ludger (2025). Age and cognitive skills: Use it or lose it. Science Advances, 11, 10. DOI: 10.1126/sciadv.ads1560
Egileaz:
Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.