Aspirinak metastasia saihesten du

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Horrelako izenburuak oso ohikoak izaten dira komunikabide ez espezializatuetan, eta sarri, zientzialariok haserretu egiten gara gisa honetako baieztapenak sentsazionalistegiak iruditzen zaizkigulako; baina oraingoan Nature aldizkari ospetsuan agertu da: “Aspirin prevents metastasis by limiting platelet TXA2 suppression of T cell immunity. Eta zer dago artikulu honen atzean? Zer ikusi dute lan honetan parte hartu duten zientzialariek?

Aspirina moduan ezagutzen dugun botikaren printzipio aktiboa azido azetilsalizilikoa da; berau Charles Frederic Gerhardt kimikariak lortu zuen ekoiztea lehen aldiz 1853. urtean, baina ez zion garrantzirik eman eta albo batera utzi zuen. Ez zen aspirinaren eraginkortasuna frogatu 1899. urtean Bayer konpainiak minaren aurkako botika moduan inskribatu zuen arte Alemaniako Patenteen Bulego Inperialean. Baina azido azetilsalizilikoa ekoizteko beharrezkoa den azido salizilikoa aspalditik erabili da. Kristo aurreko V. mendean, medikuntzaren aitatzat dugun Hipokratesek sahatsaren (Salix Latinum) azalarekin egindako edabea erabiltzen zuen mina eta sukarra kontrolatzeko. Erdi Aroan ere ohikoa zen sahatsaren azala mina tratatzeko erabiltzea, baina debeku baten ondorioz ahaztuta gelditu zen. Sahatsaren azala otzarak egiteko erabiltzen zen, eta hori lehenetsi zen erabilera farmakologikoaren gainetik.

Irudia: urte luzez aspirina mina, sukarra eta hantura baretzeko erabilitako botika nagusia izan da. XX. mendearen erdialdean ordea, beste botika batzuk agertu ziren horretarako; esaterako, parazetamola eta ibuprofenoa. (Argazkia: Daniel Case – CC BY-SA 3.0 lizentziapean. Iturria: Wikimedia Commons)

Azido azetilsalizilikoak ziklooxigenasak izeneko (COX) entzima taldea blokeatzen du. Entzima hauek azido arakidonikoaren oxidazioa ahalbidetzen dute eta prostaglandinak sortzen dira horrela. Prostaglandina hauetariko batzuk dira sukarra, hantura eta mina sortzen dutenak; hortaz, COX entzimen inhibizioak prostaglandinen ekoizpena ekiditen du eta, horrela, mina, hantura eta sukarra arintzen ditu.

Ziklooxigenasen beste eginkizun bat tronboxanoak ekoiztea da; eta hori berori egiten du ziklooxigenasa-1 entzimak (COX-1); plaketetan azido arakidonikoa bihurtu A2 tronboxano (TXA2). TXA2 agente koagulatzaile garrantzitsu bat da eta hortik dator aspirinaren erabilera antikoagulatzaile moduan. Nature aldizkarian argitaratutako artikuluan ikusi denez, TXA2 tronboxanoak koagulatzaile izateaz gain badu beste funtzio bat: T linfozitoak blokeatzen ditu eta haien ugaltzeko eta minbizi-zelulei aurre egiteko gaitasuna inhibitzen du.

T linfozitoak immunitate-sistemako zelula zitotoxikoak dira eta, tumore bat sortzean, bertaratu eta berau suntsitzen ahalegintzen dira. Kasu honetan, plaketek sortzen duten TXA2 tronboxanoak, koagulazioa hauspotzeaz gain, T linfozitoen erantzuna apaltzen du. Aspirinak ziklooxigenasak blokeatzen dituenez, COX-1 ere blokeatzen du eta TXA2 tronboxanoaren ekoizpena inhibitzen du plaketetan; ondorioz, TXA2 gabeziagatik, koagulazioa ekiditeaz gain, T linfozitoak ez dira blokeatzen eta haiek aurre egin diezaiekete tumore-zelulei.

Aspirinak eta metastasia

Metastasia tumore-zelula batek egiten duen bidaia da, sortu den organotik beste organo batera. Metastasiaren hasierako faseetan, tumore-zelula gutxi batzuk baino ez dira heltzen jomuga duten organora, eta tumorea bera ez dagoenez guztiz egonkortuta, zaurgarria izaten da immunitate-sistemaren erasoen aurrean. Egoera honetan, metastasi prozesuari aurre egiteko, oso garrantzitsua da TXA2 moduko immunitate-sistema inhibitzen duten molekulak ezabatzea. Zelula eta molekula mailan aspirinaren eragin antimetastasikoa demostratzearekin batera, hainbat entsegu klinikotako datuak ere sakonki aztertu dira, eta argi ikusi da aspirinaren erabilerak, paziente onkologikoen metastasiak gutxitzeaz gain, bizi-itxaropena luzatzen duela.

Aspirina COX entzimen inhibitzaile den heinean, beste efektu batzuk ere eragiten ditu gorputzean, hala nola urdaileko arazoak. Prostaglandina mota batek urin gastrikoaren gehiegizko ekoizpena ekiditen du eta parte hartzen du urdaila babesten duen mukiaren sintesian. Lehen aipatu den moduan, aspirinak COX entzimak blokeatzean ditu eta, ondorioz, ekidin egiten du prostaglandinen ekoizpena. Prostaglandinarik ez badago, urdaileko zelulak babesten dituen muki gutxiago sortzen da eta azido gehiago, urdailaren kaltetan. Aspirinak odoljarioak ere sor ditzake, TXA2 tronboxano agente koagulatzailearen ekoizpena blokeatzen duelako. Hortaz, kasu honetan aspirinaren erabilera antimetastasikoa deskribatu den arren, lehentasun bilakatu da TXA2 tronboxanoak T linfozitoetan duen eragin zuzena ikertzea; horrela linfozitoaren barnean TXA2k eragiten dituen mekanismoetan eraginez botika berriak sortu ahalko lirateke aspirinak dituen albo kalteak ekidinez.

Erreferentzia bibliografikoak:

Yang, J., Yamashita-Kanemaru, Y., Morris, B.I. et al. (2025). Aspirin prevents metastasis by limiting platelet TXA2 suppression of T cell immunity. Nature, 640, 1052–1061. DOI: 10.1038/s41586-025-08626-7

Fabregate, R., Sabán, J., Fabregate, M., Utrilla, A. (2009). Perspectiva histórica. Personajes más relevantes de la patología cardiovascular. Principales avances del siglo XX en J. Sabán (Ed.), Control global del riesgo cardiometabólico: La disfunción endotelial como diana preferencial (pp. 5-30). Ediciones Díaz de Santos.

Mann, Charles C., Plummer, Mark L. (1991). The aspirin wars: money, medicine, and 100 years of rampant competition. Alfred a Knopf Inc.


Egileaz:

Iker Badiola Etxaburu (@ikerbadiola.bsky.social) UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko irakaslea eta UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrako zuzendaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.