Mendeetan zehar, emakumeek ezagutzaren ia adar guztiak nola galarazten zitzaizkien ikusi dute: medikuntza (oro har, erditzeak izan ezik, eta batzuetan hori ere bai), ingeniaritza, arteak, filosofia. Gizateriaren historiaren zatirik handienean, emakumeek ikasteko marjina estua izan dute. Edith Graefek erabaki zuenean kimikaria izan nahi zuela, ez baitzuten kidetzat hartzen emakumea izateagatik, konturatu zen eremu hori ere konkistatu egin behar zuela.
Eta eskerrak egin zuela, bere ibilbidean alzheimerra aztertu zuelako, zehazki nola prebenitu eta tratatu. Patrick McGreer senarrekin egindako lana erabakigarria izan zen arlo horretan; horregatik, hain zuzen ere, ikerketa-talde garrantzitsuenetakotzat hartu zituzten eta beste ikertzaile batzuek milaka aipamen egin zizkieten. 2012an enpresa bioteknologiko bat sortu zuen azido aurintrikarboxilikoak eta haren osagaiek hainbat gaixotasunetan dituzten ondorioak aztertzeko.
Familiako buru argia
Graef New York hirian jaio zen 1923ko azaroaren 18an, Bronxen finkatutako tradizio medikoko familia batean. Aurreikusitako ibilbidearen arabera, nebari lan eta jarduera formal eta serioenak utziko zizkion, eta Graefek bere generorako egokiagotzat jotzen ziren prestakuntza eta zereginak hartuko zituen bere gain. Hala ere, bere nebak beti azpimarratu zuen Graef zela familiako azkarra.

Eskola ibilbide osoan irakurle amorratua eta matematiketako jenioa izan zen. 16 urte zituela, beka nazionala lortu zuen kimikako ikasketak finantzatzeko Swarthmore College-n (Pennsylvania), Sociedad Religiosa de los Amigos elkarteko kideek (kuakeroak ere esaten zaie) sortutako erakundean. 1944an graduatu ondoren, bi urte geroago doktoratu zen Virginiako Unibertsitatean.
Nork esan du kimika ez dela emakumeentzat?
Hori guztia egin zuen bere irakasleen erresistentziari aurre egiteari utzi gabe, argi uzten baitzioten ez zutela uste kimika emakumeentzako arlo egokia zenik. Ez zuen inoiz eztabaidatzen, bere lana egitera mugatzen zen. Azkenik, horri esker Swathmore-n iritziz aldatzea lortu zuen, eta Kimika saileko buruak laborategiko laguntzaile izendatu zuen, bere laguntzaile izandakoak, gizonak guztiak, Bigarren Mundu Gerrara deitu zituztenean.
22 urte zituela, 1946an, ikertzaile gisa hasi zen lanean Dupont Estazio Esperimentalean, lehen laborategi industrialetako batean. Bertan, aurkikuntza garrantzitsuak egin zituen, besteak beste, tetrazianoetilenoa sintetizatzeko modu bat. Horrek, bidea eman zuen kimika organikoaren adar berri bat sortzeko, eta ondorioz, patenteak garatu eta beste ikertzaile batzuen argitalpenetan aipamen ugari ere lortu zuen.
Nebaren itsasontzian nabigatzea eta enpresako zelai klubean golfean jokatzea gustatzen zitzaion. Graer oso kontziente zen diskriminazio kasuez, eta haien aurka zegoen. Kanpaina egin zuen, adibidez, zelai klubeko pertsona beltzen segregazioarekin amaitzeko. Hasieran, enpresako pertsona bakar baten babesa lortu zuen, Patrick McGeer. Urte horretan bertan ezkondu ziren eta hurrengo hirurogei urteetan elkarrekin lan egin zuten, neurozientziaren eremua garatzen lagundu zuen ezagutza sortuz.

Vancouverrera lekualdatzea
1954an Vancouverrera (Kanada), Paten jatorrizko hirira, joan zen bizitzera. McGeerren aita 1901ean portuko lehen doktorea izan zen hiri horretan. Bertan, Columbia Britaniarreko Unibertsitateko Medikuntza Eskolako Ikerketa Neurologikoko Dibisioan lan egin zuen, ikerketa laguntzaile gisa eta geroago sail hori zuzendu zuen. Senarrarekin batera, Ikerketa Neurologikoko Kinsmen Laborategian lan egin zuen, eta han irakasle emeritua izan zen hainbat urtez 65 urte bete ondoren.
2012an, senarrarekin batera, Auryn Biotech enpresa bioteknologikoa sortu zuen, alzheimerra prebenitzeko eta tratatzeko sendagaiak ikertu, garatu eta merkaturatzeko asmoz.
Bere ibilbidean zehar, hamar patente lortu zituen, 525 artikulu zientifiko argitaratu zituen eta Ugaztunen Garunaren Neurologia Molekularra izeneko testuliburu baten egilekidea izan zen. Kanadako Errege Elkarteko kide izan zen eta Kanadako Ordenako maila desberdineko hiru domina lortu zituen.
Bere senarra hil eta urtebetera, 2023ko abuztuaren 28an Vancouverren hil zen, eta haren omenezko heriotza oharretan iragarri zuten ez zela elizkizunik egingo, ikertzaileak hala eskatu zuelako. Halaber, loreak bidali beharrean, ikerketa zientifikoak finantzatzen zituzten erakunde filantropikoei euren izenean dohaintzak egitea eskatu zuten.
Iturriak:
- Lewis, Marilyn C. A life in the Lab, Swarthmore College, 2015
- Edith Graef McGeer, Wikipedia
- Raymond, Lynn A.; Brown, Louise A. IN MEMORIAM: Dr. Edith G. McGeer, Professor Emerita, The University of British Columbia
- Edith McGEER, Obituary, Vancouver Sun and Province, 2023ko irailaren 9a
Egileaz:
Rocío Benavente (@galatea128) zientzia kazetaria da.
Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2025eko otsailaren 13an: Edith Graef McGeer, la neuróloga incansable contra el alzhéimer.
Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.