Dozena erdi ariketa 2025eko udarako (3): segidaren gaiak

Dozena erdi ariketa eta datu interesgarri

Ariketa fisikoa egitea osasungarria dela esaten digute behin eta berriro. Fisikoa bakarrik ez, buruari eragitea ere onuragarria da. Nagiak atera eta aurten ere, hamar urte betetzen dituen ohiturarekin jarraituz, udako oporretan egiteko ostiralero matematika-ariketa bat izango duzue. Javier Duoandikoetxea matematikariak guztira sei ariketa aukeratu ditu Zientzia Kaieran argitaratzeko.

Hona hemen gure hirugarren ariketa:

Segida baten lehen hiru gaiak 1, 2 eta 3 dira. Hortik aurrera, gai bat lortzeko haren aurretik dauden hirurak hartzen dira kontuan, horietako lehen bien baturari hirugarrena kenduta. Adibidez, laugarren gaia 1 + 2 – 3 = 0 izango da; bosgarrena, 2 + 3 – 0 = 5, eta abar. Formalki, n. lekuan dagoen gaia an bada, an = an-3 + an-2 – an-1 betetzen da. Horrela, segidaren hasiera 1, 2, 3, 0, 5, -2, 7… da. Zein izango dira 2024. eta 2025. postuetan agertzen diren gaiak?

Zein da erantzuna? Idatzi emaitza iruzkinen atalean (artikuluaren behealdean daukazu) eta, nahi izanez gero, zehaztu jarraitu duzun ebazpidea ere. Irailean emaitza zuzenaren berri emango dizugu.

segidaren gaiak
(Argazkia: Tim Reckmann – CC-BY 2.0 lizentziapean. Iturria: ccnull)

Ariketak “Calendrier Mathématique 2025” egutegitik hartuta daude. Astelehenetik ostiralera, egun bakoitzean ariketa bat proposatzen du egutegiak. Ostiralero CNRS blogeko Défis du Calendrier Mathématique atalean aste horretako ariketa bat aurki daiteke.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.