Galapagoen bueltan bizi diren bi kaxalote multzo aztertuta, ikertzaile batzuek antzeman dute talde bakoitzak bere dialektoa darabilela elkarren artean komunikatzeko. Transmisio kulturalaren moduko prozesu bati esker garatu dituzte soinu aldaera horiek; gizakien antzera, beraz.
Zer da kultura? Gizakiak gizartean ikasten dituen jokamoldeen multzoa, herentzia biologikoaren bidez hartutakoari kontrajarria. Horixe da Harluxet hiztegiak ematen duen definizioetako bat. Beste edozein hiztegitan begiratuta ere, kultura gizakiari edo gizarteari lotuta agertzen den kontzeptua da. Baina hala al da, benetan? Eztabaida ez da berria: gainontzeko animaliek ez al dute kulturarik garatu? Edo garatu duten horri ezin zaio kultura deitu?
Kanadako Dalhousie Unibertsitateko zenbait ikertzailek aspaldiko ika-mika hori azaleratu dute berriz; oraingoan, kaxaloteekin egindako azterketa baten haritik. Izan ere, inguru berean bizi diren baina bi taldetan bereizita dauden kaxalote batzuk antzeman dituzte, eta talde batek eta besteak komunikatzeko soinu eredu desberdinak erabiltzen dituela ikusi. Hau da, gizakietara eta Euskal Herrira ekarrita, kaxalote talde horietako bakoitza euskalki banatan mintzatzen dela esan liteke. Eta bi aldaera horien garapena transmisio kulturalaren moduko prozesu batetik etorri dela egiaztatu dute. Hala azaldu dute, Nature Communications aldizkarian argitaratutako artikulu batean.
Zehazki, Galapagoen bueltan bizi diren eta 80ko hamarkadatik monitorizatuta dauden kaxalote batzuk ikertu dituzte lan hau egiteko. Hasteko, urpeko mikrofono batzuk baliatu zituzten kaxaloteen soinuak harrapatzeko. Eta jarraian, kaxaloteak berrogei minutuan behin ur azalera ateratzen direnez (arnasa hartzeko), animalia horietako bakoitzaren isatsari argazkiak atera zizkieten. Izan ere, kaxaloteen isatsaren goialdea gizakien hatz-markaren parekoa da: norbanakoak identifikatzeko tresna bikaina. Hala, soinuak eta soinu bakoitzaren jabea elkarlotu ahal izan zituzten, eta aipaturiko bi talde horietako bakoitzak bere soinu aldaerak dituela berretsi.
Mauricio Cantor Dalhousie Unibertsitateko ikertzaileak eta artikuluaren egile nagusiak azaldu bezala, “toki berean bizi diren espezie bereko bi taldek, normalean, ez dute garatzen elkar bereizten dituen komunikazio seinalerik. Baina, aldi berean, segregazio hori bada arrunta giza populazioetan, eta oro har, garapen kulturalaren emaitza izan ohi da”.
Hain zuzen ere, bereizketa hori garapen kulturalaren pareko prozesu baten ondorio ote den egiaztatzeko, ordenagailu bidezko simulazioak egin zituzten, 80ko hamarkadaz geroztik kaxalote horien inguruan bilduta dagoen informazioa oinarri hartuta. “Kaxalote populazioen bizitzaren simulazioa egiten du ordenagailuak, eta milaka urteotan, soinu aldaera horiek halako eta bestelako kausengatik garatu zitzaketela irudikatzen dugu”, azaldu du ikertzaile honek.
Hala, balizko hogei egoeraren simulazioa egin zuten, bi kaxalote talde horietan antzeman duten bi dialektoen errealitatea nork edo zerk eragin duen ebazteko. Komunikazio seinaleak kaxalote bakoitzak nork bere aldetik ikasitakoak izatea, genetikoki herentzian jasotakoak izatea, gizarte ikaskuntza prozesu baten ondorio izatea… Balizko aukera guztiekin simulazioak egin eta gero, ikertzaileok ikusi zuten gizarte ikaskuntzak tartean egon behar zuela, derrigor, soinu aldaerak gisa horretara garatzeko. Eta beraz, gizakion artean kulturaren transmisioa deitzen dugun horrek baduela parekorik beste animalia batzuetan ere; bai, bederen, kaxaloteetan.
“Gure aurkikuntzek erakusten dutenez, neurri batean behintzat, gizarte ikaskuntza funtsezko osagaia da, dialekto desberdinak dituzten taldeen bereizketa gertatuko bada. Egindako simulazioen bitartez, garbi ikusten da kaxaloteek elkarrengandik ikasten dutela nola komunikatu; hau da, gizakiok egiten dugun antzera. Agian ez gara guk uste bezain desberdinak”, adierazi du artikuluaren egile nagusiak.
Erreferentzia bibliografikoa
Mauricio Cantor et al. Multilevel animal societies can emerge from cultural transmission. Nature Communications, 6. Article number: 8091. Published 08 September 2015. doi:10.1038/ncomms9091
Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.