Adreilu bat gehiago harresian, aurrepausoa zientzian
Galdera batekin hasiko dut gaurkoa: zer musika mota duzue gustuko? Esan egia, e? Hemen ez dugu epaitzen. Musika-gustuei dagokienez, behintzat. Egon zaitezte lasai, ez baitakart zenbait hedabideri hainbeste gustatzen zaien ikerketa ondoko titulurik, hala nola “Rocka entzuten dutenek koefiziente intelektual altuagoa dute erregetoia entzuten dutenek baino”.
Baina badakart musikari lotutako ikerketarik. Bai eta rockari lotutako bat ere. Rock zaharra, gainera. Zuetako askok baino zaharragoa, seguru. Ni baino zaharragoa ere, e? Ez pentsa. Beno, harira, Pink Floyd taldearen Another Brick in the Wall abestia dugu gaurko idazki honen protagonista. Bai, 1979. urteko abestia dugu protagonista.

Eta nola heldu da 45 urte dituen abesti bat honaino? Ba, Conchi Lillo neurozientzialariak Naukas Bilbao ekitaldian egin zuen hitzaldiari esker. Bertan azaldu baitzuen zientzialariek Pink Floyden abestia berreraiki dutela jendearen garun-uhinak entzunda.
Nola ez nuen, ba, gai hau hona ekarriko, ematen dituen aukerak hainbeste izanda! Pentsa gainerakoen garun-uhinak entzungo bagenitu! Ingurukoek gutaz zer pentsatzen duten jakin ahalko genuke momentuan bertan. Hobeto pentsatuta, agian hobe horretarako erabiltzen ez bada.
Eta pentsatzen jarrita, bada nahiko arazo interneten pribatutasun kontuak arautzen: esaterako garun-uhinen inguruko pribatutasun-politikak. Interneten cookie-ak onartu behar badira (edo ez) hemengo kasuan zer izango litzateke? Eta zelan onartuko/baztertuko genituzke? Galdera gehiegi.
Tira, serio jarrita, aurrerapauso garrantzitsua da hau. Itxaropentsua da gaixotasun neurologikoak dituzten pazienteentzat, diskurtso naturalaren musikaltasuna berreskuratu ahalko luketelako beharbada. Modu sinplean esanda: lagungarria izan daiteke hizkeran arazoak sortzen dituzten gaitz neurologikoak dituzten pertsonentzako.
Musika uhina da eta uhina… elektrizitatea?
Zelan lortu dute, bada, garun-uhinak soinu bihurtzea? Eta ez hori bakarrik, ulergarria den soinua baizik. Goazen urratsez urrats. Dakizuenez, musika soinua da eta soinua uhinak dira. Eta garun-uhinak, izenak dioen bezala, uhinak dira. Hortxe azalpena. Bukatu da artikulua.
Ez, egia esan ez da horrela izan. Zientzialariek egin dutena zera da: garuneko aktibitate elektrikoaren grabazioetatik kantua deskodetu. Ikertaldeak 29 pertsonaren garunetako grabazioak aztertu ditu Pink Floyden abestia entzuten ari zirela.
Honaino, normala. Baina ez duzue sinetsiko zelan egin zituzten grabaketa horiek. Elektrodo batzuei esker egin zituzten grabaketok, non eta zuzenean garunean kokatutako elektrodoei esker. Bai, zuzenean garunean. Garezurraren barruan.
Nahitaezko galdera: zelan demontre jarri zituzten elektrodoak zuzenean garunean? Ba, sinetsi ala ez, boluntarioei kirurgia egin zitzaien. Argitu dezadan ez zitzaiela ad hoc kirurgia egin. Epilepsiari aurre egiteko kirurgiagatik elektrodo-inplanteak zituzten jada. Hau da, aukera ikusi eta baliatu egin zuten zientzialariek. Oilasko-soberakinekin kroketak egitea bezala.
Ikerketaren alderdirik zailenari ─jendearen garunean elektrodoak jartzea─ aurre eginda, boluntarioak abestia modu pasiboan entzuten jarri zituzten zientzialariek.
Ondoren, estimulu-berreraikuntza izeneko teknika erabili zuten. Egiten dena da estimulu batek eragiten duen jarduera neuronala erregistratu, eta, ondoren, ebaluatu egiten da estimulu hori zelako zehaztasunez berreraiki daitekeen jarduera neuronaletik abiatuta.
Adimen artifiziala erabili zen grabazioak deskodetzeko eta, gero, soinu eta hitzen erreprodukzio bat kodetzeko. Oso lausotuta dagoen arren, All in all, it’s just another brick in the wall ezaguna da abesti berreraikian, bere erritmo eta melodiarekin.
Edo hori diote zientzialariek. Nire irudipena da ur azpian entzuten ari garela. Edo fantasma batzuk hizketan ditugula. Eta zelan pentsamendu kritikoa duzuen eta ez duzuen nik edo zientzialariek esaten duguna itsu-itsuan sinesten, estekatuko dizuet berreraikitako abestira, batetik, eta jatorrizko abestira, bestetik, zuek epaitu dezazuen.
Abesti bera entzuten duzue? Edozein kasutan, aurrerapauso galanta da hau. Aurretik ere, garuneko grabazioetatik mintzamena deszifratzea lortuta zuten zientzialariek deskodetzaileari esker, baina izaera nahiko robotikoa zuten hitzek.
Musika, bere aldetik, emozionala eta prosodikoa da; erritmoa, estresa, azentua eta intonazioa ditu. Fonema mugatuak baino askoz ere espektro handiagoa dauka edozein hizkuntzatan, eta horrek beste dimentsio bat eman diezaioke diskurtsoaren deskodetzaileari.
Eta zertarako behar dira deskodetzaile hauek? Komunikatzeko zailtasunak dituzten pazienteentzat, hain zehatz. Gaitz neurologikoak direla medio, alboko esklerosi amiotrofikoa edota buruko isuria kasu, pazienteengan diskurtso naturalaren musikaltasuna berreskuratzeko.
Musika eta hizkuntza nola prozesatzen diren hobeto ulertzeak aplikazio praktikoak ere izan litzake, hala nola, argitzen laguntzeko Brocaren afasia duten pertsonek edo hitz egokiak aurkitu eta esateko borrokan ari direnek hitzak zailtasunik gabe kantatu ahal izatearen misterioa.
Eta horrela, garun-uhinen bidez harresian beste adreilu bat jarrita, aurrera egiten du zientziak.
Iturriak:
Nield, David (2023, abuztua). Scientists Recreate Classic Pink Floyd Track From The Brains of Listeners. Science alert. www.scienciealert.com
Lillo, Conchi (2024, iraila). Y Rock and roll [charla Naukas Bilbao]. Colgado en Nahieran, EITB.
Egileaz:
Ziortza Guezuraga (@zguer.bsky.social) kazetaria da eta Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko zabalkunde digitaleko arduraduna.
Jatorrizko artikulua Gaztezulo aldizkarian argitaratu zen 2024ko azaroan, 266. zenbakian.
