Arrantza ontzi batean igotzen baldin bagara Ipar itsasoan eta arraste sare bat botatzen baldin badugu Herbehereetako kostaldearen aurrean, uretatik atera dezakegun itsas altxorrik ohikoena ez dira legatzak edo bakailaoak, baizik eta mamut, errinozero iletsu eta haitzuloetako lehoien hondar fosilak. Eta horien presentziak Atlantidaren kondairen tankerako urperatutako munduen historia txundigarria kontatzen du.
Abenturari ekiteko, 20.000 urte inguru egin behar dugu atzera. Aldi horri Azken Maximo Glaziar deritzo, hau da, unerik hotzena, zeinetan azken glaziazioko izotz mantu eta kasko kontinentalek aurrerapen handia egin zuten ipar hemisferioan. Izotz pilatze hori gertatu zen itsasoko ur lurrundua lur irmoan bahituta geratzen zelako. Izan ere, kontinentean prezipitazio forman erortzen zenean, berehala izozten zen, ozeanora azaleko ur gisa itzultzeko aukerarik izan gabe, eta horrek saihetsezina zena ekarri zuen: itsas maila jaitsi zen; are gehiago, egungoaren 120 metro azpitik ingurura iritsi zen.

Itsas maila baxuko baldintza horietan, Europako Ozeano Atlantikoaren itxura guztiz bestelakoa zen egungoarekiko. Egun Britainiar uharte gisa ezagutzen duguna Europa kontinentalera zegoen lotuta Danimarkako iparraldetik Frantziako iparralderaino luzatzen zen lur adar baten bidez, eta horrek guztiak Doggerland izeneko penintsula erraldoia osatzen zuen.
10.000 urte inguruan zehar, Doggerlandek itsas mailaren igoerari eutsi zion. Igoera hori azken aldi glaziarrean glaziar kontinentaletako ura ozeanoarekin fusionatzearen ondoriozkoa izan zen. Horiek horrela, itsasbazterreko ingurune gisa mantendu zen, eta bertan estuario eta padura zabalak sortu ziren. Leku horiek faunaren etengabeko igarobidea ziren, egungo Europa kontinentalaren eta Britainiar uharteen artean: mamutak, errinozeroak, oreinak eta, jakina, gizakiak barne. Izan ere, Ipar itsasoan eginiko urpeko arkeologiako ikerketetan, kokaleku mesolitiko batzuk aurkitu dituzte, non giza populazioek ornodun handien ehiza aise egiten zuten.

Litekeena da holozenoaren beroaldian gertatutako itsas mailaren igoera geldiezinak Doggerland urpetu izana, Britainiar uharteak isolatuta utzita. Baina, Brexit politikoak bezalaxe, Britainiar uharteen banaketa geologikoa ere ekitaldi katastrofikoa izan zen.
Duela 8.200 urte inguru, Storegga lerradura gisa ezaguna den ekitaldia gertatu zen (hitzaren jatorria norvegiarra da eta “ertz handi” esan nahi du). Sedimentuen askatze handia izan zen –kalkuluen arabera, Islandiako egungo uhartearen bolumenekoa–, Norvegiako plataforma kontinentaletik Norvegiako itsasoko ozeano hondorantz. Oraindik ez dago oso argi zerk eragin zuen lerradura hori, Norvegiako bazter kontinentalari eragin zion urpeko lurrikara baten edo sedimentuen egonkortasun ezaren ondoriozkoa izan zen, elkarri lotuta mantentzen zituen izotz mantua urtu ondoren; baina badakiguna da horrek zer-nolako eragina izan zuen inguruan zegoen guztiarengan. Sedimentuen bolumen hori itsas hondora erortzean, ozeanoko milioika ur tona lekualdatu zituen, eta 10 metrotik gorako olatuko tsunami erraldoi bat sortu zen. Tsunamiak Norvegiako itsasbazter osoa suntsitu zuen, egungo Ipar itsasoaren bidez iparralderantz sartuta. Han, urak Doggerlandeko estuarioen esparru osoa urperatu zuen, bidean aurkitzen zituen kokaleku mesolitiko guztiak hondatuz eta milaka pertsona suntsituz.

Tsunamia amaitu eta urak baretu zirenean, Doggerlandeko lur adarra desagertu zen, eta Mantxako kanala oztopo bihurtu zen Britainiar uharteak eta Europa kontinentala banatuz. Horrek itsasertzeko fauna handiek alde batetik bestera igarotzeko aukera eten zuen, bai eta tribu mesolitiko britainiarren eta europarren arteko kultur trukea ere. Horren ondorioz, gizartearen bilakaera ez zen berdina izan bi bazterretan. Hau da, benetako Brexita duela 8.200 urte inguru gertatu zen.
Beti esaten dudan moduan, Geologia zientzia liluragarria da, eta hari esker uler dezakegu gure gizartearen bilakaera denboran zehar. Herbehereetako itsasertzaren aurreko itsas hondoan aurkitutako mamut eta errinozeroen hondar fosilen aurkikuntzarekin hasi zen istorioari esker, honi guztiari buruz hitz egin ahal izan dizuet: klima-aldaketa, itsas mailaren aldakuntzak, duela milaka urteko gizakion kokalekuak, eta Erresuma Batuaren (eta Irlandaren) Europar Batasunetiko jatorrizko irteera (geologikoa). Espero dut harri eta zur utziko zintuztedala.
Egileaz:
Blanca María Martínez (@BlancaMG4) Geologian doktorea da, Aranzadi Zientzia Elkarteko ikertzailea eta EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Geologia Saileko laguntzailea.
Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2025eko otsailaren 13an: El verdadero Brexit geológico.
Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.