Gizaki modernoa, Homo sapiens, Afrikan garatu zen, orain dela 300.000 urte baino gutxiago. Lehen txangoak orain dela 215.000 urte inguru egin ziren, baina benetako hedapena 70.000 eta 50.000 urte artean hasi zen, lehenengo Hegoaldeko Asiatik Australiaraino, gero Europara eta Ameriketara, eta azkenik Ozeaniako eta Artikoa bezalako lurraldeetara. Gizakiak klima, dieta eta bizimodu askotara moldatzeko gaitasuna izan du, eta kultura izan da horretarako giltza.
Bidaia horiek berreraikitzeko genetika dugu lagun. DNA mitokondriala amaren bidez igarotzen da eta mitokondriako DNA berbera jaso duten pertsona guztiek “haplotalde” bat osatzen dute. Bestalde, Y kromosomaren bidez, berriz, aitaren lerroa ezagutu dezakegu. Azterketa horiei esker, ikertzaileek gure arbaso genetiko komunak identifikatu dituzte: “Eva mitokondriala”, duela 155.000 urte Ekialdeko Afrikan bizi izan zen emakumea, eta “Y-kromosomaren Adam”, duela 275.000 urte Ipar-Mendebaldeko Afrikan bizi izan zen gizona. Horrelako ikerketek erakutsi digute gizakiak etengabe mugitu eta nahastu direla, kolore askotako gizateria bakarra osatuz.
“Gure arbasoak” Ikusgela hezkuntza proiektuaren bideo-sorta bat da. Euskal Wikilarien Kultur Elkartearen ikus-entzunezko egitasmoa da eta EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren kolaborazioa izan du.